Keller txistuak

Enrique Keller Fritsch, Alemanian jaio zen. Merkataritza agentea zen, eta 1936. urtean Zarautza iritsi zen. Espainiako Guda Zibila bukatu eta berehala, 1944. urtean, jostailuak eta haurrentzako musika tresnak fabrikatzeko enpresa bat jarri zuen abian (ahoko harmonikak, pianolak, teklatuak eta abar). Horiek guztiak egiteko erabiltzen zuen lehen-gaia egurra zen. Gogoan hartu behar da garai bakoitzean eskatzen ziren produktuak egiteko egurra lantzea oinarrizko jarduera zela bai Zarautzen bai bere ingurunean ere.

Horretaz gain, adierazi beharra dago Enrique Kellerren ekimena beste herrikide batzuek ere gauzatu zutela (Juan Wollmer, Otto Holke, Ernest Pielhoff eta Ernesto Reiner, horietako batzuk aipatzeagatik), horiek Gipuzkoan enpresa garrantzitsuak fundatu baitzituzten.

Bere historia luzean zehar enpresa zenbait musika tresna eskuz fabrikatzen espezializatu da, are gehiago, merkatuaren eskaera aldakorrari egokitzen jakin du.

Langile kopurua egoera desberdinen arabera aldatzen joan da. Horrela, XX. mendearen laurogeita hamarreko erdialdean 150 langile izatera iritsi zen. Azken urteotan enpresa honek sortzen duen lanpostu kopurua ehun ingurukoa da.

Enrique Keller SA familiako hirugarren belaunaldiak zuzentzen du gaur egun. Txistu eta silboteak fabrikatzeaz gain, gitarra modelo ugari eta beste zenbait produktu egiten ditu. Gaur egun gitarra egile nagusiena da, eta produzitzen duen %60 inguru berrogeita hamar herrialdetara esportatzen du. Horretaz gain, mota guztietako musika tresnak inportatu eta Espainiako merkatuan merkaturatzen ditu.