Atzealdea Elkarrizketa: Gazteak Auzolanean, Pelusa proiektua

Gazteak Auzolanean diru-laguntzen programak gazte ekintzaile eta sortzaileak saritzen ditu urtero. Aurten, Pelusa proiektuko partaideek lortu dute Gipuzkoko Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak ematen duen laguntza

2019/11/06


Gipuzkoako Foru Aldundiak jarrera ekintzailea eta sortzailea duten gazteak bilatzen ditu, jakin-mina dutenak, beraien proiektu bat sortu edo garatu nahi dutenak, ikerketan ibilbidea egin edo proiektu kolektibo bat aurrera eraman nahi dutenak. Horregatik sortu zuen Gazteak Auzolanean diru-laguntzen programa, 16 eta 31 urte bitarteko gazteentzat.

 

Aurten diru-laguntza Pelusa proiektuak jaso du, emakumeak sexu-arloan ahalduntzeko helburua duen ekimenak. Tolosan eta Donostian garatuko dute egitasmoa eta emakumeen sexualitateari buruzko dinamika ezberdinak burutuko dituzte. Pelusako partaideekin bildu eta euren proiektuari buruz solasaldian aritu gara.

 

Nola sortzen da Pelusa? Zergatik?

Pelusa proiektua lagunen arteko elkarrizketa baten ondorioz sortu zen. Asteburuko gorabeherak kontatzen ari ginela, gure bizitzan orgasmo bat izateko plantak inoiz egin ote genituen galdetu zuen gutako batek eta, tamalez, guztiok noizbait hala egin genuela onartu genuen. Elkarrizketak aurrera jarraitu ahala, konturatu ginen askotan gizona bera hobeto sentitzeko egiten genuela, eta maiz ez genuela ezer esaten bikotekideak nola hartuko zuen beldurrez.

Hor arazo bat zegoela ohartu ginen eta gaia oso interesgarria iruditu zitzaigunez, ikerketa txiki bat egiten hasi ginen: gure inguruko beste emakume batzuekin hitz egin, hainbat emakume sexologo aditurekin elkarrizketak izan genituen, eta internet bidez ere datu ugari atera genituen. Guztiek antzeko zerbait egiaztatu ziguten: sexualitatea ez dago normalizatuta emakumeongan eta, oraindik, tabu handia da askorentzat, ez baitugu gurea kontsideratzen, eta horrek ondorio negatiboak eta arazoak ekartzen dizkigu.

 

Proiektua aurrera eramateko nola moldatzen ari zarete? Zer-nolako pausuak eman dituzue dagoeneko? Zailtasunik topatu al duzue prozesuan?

Proiektua aurrera eramateko ondo moldatzen ari gara. Taldea bi zatitan banatuta dago, bakoitza bere zereginekin, eta horrela azkarrago joaten gara: batzuk komunikazio-arloa lantzen dute (sare sozialak, web-orria, edukien sorkuntza…) eta besteak eragileekin edo proiekturako garrantzitsuak diren pertsonekin harremanetan daude (sexologoak edo aditu ezberdinak, udaletxeak, artistak, branding-a, diseinua eta komunikazio-estudioak…).

 

Zailtasun handiena taldea antolatzea da beti, eta askotan elkarrekin ez gaudenez, zaila izan da zenbaitetan ondo komunikatzea.

 

Dagoeneko pauso garrantzitsuenak emanda ditugu, udalekin harremanetan gaude eta egitasmoa gauzatzeko datak itxi ditugu; artistak ere baieztatu ditugu eta guztia antolatuta dago. Orain, azken xehetasunak falta dira, eguneko esperientzia hobetuko duten zehaztasunak.

Sexualitateari buruzko topaketa ezberdinak burutuko dira Donostian eta Tolosan. Zer-nolako dinamikak egingo dira horietan? Norentzat dira?

Bai Tolosan, eta bai Donostian, antzeko dinamikak egingo dira.

 

Lehenengoa esperimentu sozial bat izango da: 6 maniki jarriko ditugu kalean eta bakoitzak galdera bat izango du, hurbiltzen diren emakumeek bertan idatzi edo pintatu ahal izateko. Galdera batzuk errazagoak izan daitezke eta besteak, agian, deserosoagoak batzuentzat, baina gure helburua da hausnartzera bultzatzea eta emakume askorentzako inflexio-puntu bat sortzea.

 

Bigarren ekintza artelanen erakusketa bat da. Gipuzkoako emakume artista gazteen artelan ezberdinak ikusgai egongo dira, bakoitzak sexualitateaz duen pertzepzioa islatuz. Emakume bakoitzak gai hau nola bizi duen erakutsi nahi genuen, artearen bidez eta modu abstraktuagoan, askotan hitzez adierazi ezin diren sentipenak azaleratuz. Artista horietako batzuk dira Marimatraka, Arramazka, Berexiart, Caramelo de Menta eta Elene Tamayo.

Proiektua egin ostean, jarraipenik egiteko asmorik al duzue? Nola?

Bai, guk epe luzeko proiektua irudikatzen dugu, gure interesekin erabat lotua dagoelako. Donostiako Udalarekin, adibidez, zerbait egiteko asmoa dugu hurrengo urteko martxoaren 8aren bueltan, baina oraindik ez dugu zehaztu zer gertatuko den. Gainera, Tolosa eta Donostiako ekitaldietan parte hartuko duten artistekin lanean jarraituko dugu eta Tabakalerako tunelean erakusketa iraunkorrago bat txertatzeko aukera aztertzen ari gara.

 

Hala ere, gure proiektuak baditu webgune bat (www.pelusapelusa.com) eta instagram-eko kontu bat (@pelusapelusa_), eta egiten dugun guztiaren berri emango dugu bertan.

 

Gazteak Auzolanean diru-laguntza jasotzeak zertan lagundu dizue?

Orokorrean gure proiektua aurrera eramaten lagundu digu. Ekonomikoki lasaitasun handia eman digu hau jasotzeak; izan ere, prozesuan oso garrantzitsuak izan diren hainbat ekintza kontratatu ahal izan ditugu, proiektua asko profesionalizatuz.

 

Horrez gain, udalekin eta beste eragileekin harremana asko erraztu digu, Auzolanetik etorritako proiektu bat izanda, Aldundiaren nolabaiteko babesa genuelako. Hala ere, egia da udaletatik jaso dugun onarpena eta babesa oso handiak izan direla, eta euren esku zegoen guztia egin dutela proiektua aurrera ateratzeko.

 

Zer esango zenieke proiektu bat burutu nahi duten gazteei?

Proiektua aurrera eramateko gogoa eta ilusioa badago, dena da posible, eta horretarako diru laguntza hau bezalako aukerak aprobetxatu egin behar dira.