Kultura digitala sustatzeko jolas-materialak

Itxialdian adingabeen eta gazteen artean Sarearen erabilera arduratsua eta segurua sustatzeko material lagungarriak

2020/04/06


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren KULTURA DIGITALA programaren helburua da haur, nerabe eta gazteen eta haien sustapenean aritzen diren eragileen gaitasun digitalak bultzatzea.

 

Itxialdia une egokia iruditu zaigu, guraso eta arloko profesionalentzat ditugun hainbat baliabide zuekin partekatzeko. Kulturadigitala.eus webgunean kultura digitalaren inguruko jarduera, berri eta antolatutako ekimen ugari biltzen eta zabaltzen dira. Horiekin batera, hainbat baliabide ere eskuragarri jarri ditugu.


Jolas-materialak

Hauen helburua da, era ludikoan, nortasun digitalaren gaia egoki garatzen laguntzea. Materialak aitzakia dira adingabeekin gaur-gaurkoak diren Sareari buruzko zenbait alderdi lantzeko. Hauek solasa eta espiritu kritikoa sustatu nahi dituzte; izan ere, material lagungarriak dira laneko irizpideak baino gehiago, gai desberdinak mahai gaineratzeko.


Egun hauetan bizitzen ari garen egoera aitzakia hartuta, Interneteko krokodiloaren kasua liburua deskargatzera gonbidatu nahi zaitugu (9-12 urte inguru). Irakurriz hausnartu bildumaren lehenengo liburua da; ezin hobea gaztetxoekin Interneteko iruzurrak, grooming-a eta identitate digitala bezalako gai zabalei buruz hitz egiteko. Deskargatu, hemen!

 

 

Irakurriz hausnartu bildumaren bigarren liburu ilustratua Bideobanpiroak du izena. "Jokin bideo-joko batean jokatzen hasi zen; gero, beste batean; gero, beste batean; eta, konturatzerako, ezin zion jokatzeari utzi. Bideobanpiroek Jokini denbora eta energia xurgatzen dizkiote, eta begirada galduko zonbi zaputz bilakatuko dute”. Besteak beste, gehiegizko erabilera eta desintosikazio digitalaren gaiak lantzeko liburu baliagarria da. Deskargatu, hemen!

 

 

 

Azkenik, Komekokos jolasa aipatu nahiko genuke. Honen bitartez, nortasun digitalaren erabilera egokia praktikatu daiteke, era dibertigarrian. Gai desberdinak landuko dira: zibereskubideak, youtuberra izatea zer den, eta bere alde onak eta arriskutsuak, besteak beste. Deskargatu, hemen!