Jesus Segurola Urkiola

Gaur egungo txistugile entzutetsuenetariko bat Jesus Segurola Urkiola da (Zumarraga, Gipuzkoa, 1920). Gaztetandik berebiziko trebezia erakutsi zuen marrazteko. Oinarrizko ikasketak jaioterriko La Salle Ikastetxean egin zituen, eta hainbat lanetan aritu ondoren, tailer bat ireki zuen, espezialitate metal mekanikoak menderatzeko aukera eman ziona.

XX. mendearen hirurogeiko hamarkadaren erdialdera hasi zen txistuak egiten, arrebak ale bat egiteko eskaera egin zionean. Eskaerarekin batera Isidro Ansorenaren agiri bat ere helarazi zion, hain zuzen ere gure musika tresna garrantzitsuenaren neurriak jasotzen zituena. Informazio hori eta Jose Ramon Barrenetxeak emandako ezpel egurra baliatuta lau txistu fabrikatu zituen eta txistulari batekin jarri zen harremanetan horien funtzionamendua egiaztatzeko. Gogoan du hiruk "nahikoa ongi jotzen zutela".

Formazioa osatzeko, txistu ikasketak egin zituen Arantzazuko Santutegiko (Oñati) Iñaki Murua anaia legoarekin. Horretaz gain, oso baliagarria izan zitzaion dagoeneko aipatua dugun Jose Ramon Barrenetxearen laguntza. Oso lagunak ziren, eta txistuak egiteko egur mota ugari probatu zituzten haren modelismo tailerrean: bertakoak (haritza, intxaurra, gaztaina, ezpela eta gorostia, beste askoren artean) nahiz beste herrialde batzuetakoak, ebanoa esaterako. Jesusen aburuz, "bertako egurrik onenak gaztaina eta elorria dira, bai eta hurritza ere, eta eskasena haritza, duen betarengatik ez duelako ongi jotzen".

Jesús Segurola(Argazkiak: Javier Carballo 07/2001).

Jesús Segurola

Jesus Segurolak azpimarratzen du hasieran “txistuak ez zeudela doituak, hau da, ez zitzaiela puntua hartzen”, baina gai horretan nabarmen aurreratu zen. Maiz, Jose Ignacio Ansorena lagun zuela, Donostiako Musika Kontserbatoriora bertaratzen zen txistuak afinatzeko asmoz.

Txistuak doitzea lortu ondoren, “420 mm luze zuen pieza bakarrekoak ziren eta fa diesean eginda”, txistulariak horiek erabiltzen hasi ziren.  Txistulari horien artean aipatutako Ansorena dugu. Txistularien aholkuari kasu eginez, bi piezako txistuak egiten hasi zen (burua eta osagarria), eta musika tresna hauek beste musika tresnekin harmonizatzerakoan sortzen ziren arazoak konpontzeko osagarria “fa naturalean” egiteari ekin zion.

Jesus Segurolaren kasua azpimarratzekoa da, ez txistua berritzeko eta hedatzeko egindako ekarpenagatik soilik; izan ere, gure hizkuntzaren sustraien gainean ikerketa lan garrantzitsuak egin ditu eta bi liburu argitaratu ditu (Lar, 1985. urtean, eta Izadi eta Gizaki Arteko Arremanetan Lar, 2001. urtean). Horretaz gain, adierazi beharra dago margolari eta eskultorea ere badela, eta fazeta horretan Zumarragako txistulariaren monumentua diseinatu duela.