Zer urrats eman behar ditut Ogasunean jarduera bat hasi nahi badut?

Jarduera bat garatzeak zure bitartekoekin eta baliabideekin lan egitea eskatzen du. Jarduera hori pertsona fisiko gisa egin dezakezu zuzenean (hizkera arrutan, autonomo gisa), edo erakunde baten bidez egin daiteke.

 

1. Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) beharko duzu

  • Pertsona fisiko gisa jardunez gero, zenbaki hori zure NAN edo AIZ izango da.
  • Jarduera erakunde baten bidez eginez gero (ondasun-erkidegoa, sozietatea, elkartea...), zenbaki hori Ogasunean lortzen da.

 

2. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga (JEZ) – 840 eredua

Jarduera bat gauzatzen denean, Ogasunean alta eman behar zaio. Jarduera horiek epigrafe izeneko zenbaki bat dute esleituta, zerga-betebeharrak zehazten lagun diezagukeena. Jarduerak hiru ataletan banatzen dira:

  1. Enpresakoa: Pertsona fisikoa, juridikoa eta sortutako azpiegitura duen erakunde baten barruan jarduten duten gainerako erakundeak. Adibidez:

    Jarduera: Pintura.
    Epigrafea: 1 505.6
    Jardueraren deskribapena: Edozein motatako pintura eta paperezko, ehunezko edo plastikozko estaldurak, eta eraikin eta lokalen amaiera eta dekorazioa.

  2. Profesionala: Pertsona fisikoa (inoiz ez pertsona juridikoa), bere ezaugarri pertsonalak erabakigarriak izanik, bere kontura jarduten duena eta jarduera modu pertsonalean, indibidualean eta zuzenean garatzen duena. Adibidez:

    Jarduera: Arkitektoa.
    Epigrafea: 2 421
    Jardueraren deskribapena: Arkitekto teknikoak eta aparejadoreak.

  3. Artistikoa: 3. atalean sailkatutakoak hartzen dira halakotzat, pertsona fisikoak, juridikoak edo erakundeak egiten dituen subjektu pasiboaren izaera edozein dela ere. Adibidez:

    Jarduera: Umorista.
    Epigrafea: 3 016
    Jardueraren deskribapena: Umoristak, karikatoak, eszentrikoak, hitzegileak, errezitatzaileak, ilusionistak, etab.

 

3. Zentsu aitorpena – 036 eredua

Zentsu aitorpenak balio du zerga arloan garrantzia duten datuak Ogasunari jakinarazteko (adibidez, identifikazio eta harreman datuak, jarduera ekonomikoarekin lotutako datuak edo IFZ zenbakia eta/edo txartela eskatzea kasu batzuetan), baita egingo den jardueraren ondoriozko zerga betebeharrak jakinarazteko ere.

 

4. Fakturazioa TicketBAIrekin

Behin jarduerari alta emanda, orduan hasi ahal izango da fakturak jaulkitzen, ez lehenago. Gipuzkoan, faktura guztiek TicketBAI sistemarekin bete beharko dute. Horretarako, software homologatu bat beharko dugu, hau da, FakturaBAI (Gipuzkoako Ogasunaren doako online aplikazioa) edo zerrenda honetako beste edozein.
TicketBAIri buruzko informazio guztia Departamentuaren webgunean eskura dezakezu.

 

5. Ekintzailetzarako laguntza

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza plan bat du ezarrita, edozein fasetan enpresa proiektu aurreratu eta bideragarri berriak garatzeko konpromisoa duten pertsona eta enpresentzat.


 

Kasu praktikoa

1. 

Maialenek abokatu bulego batean egiten du lan. Hainbat urtez lanbidean aritu ondoren, bere kontura lan egitera animatu da, eta oraingoz bulegoa etxean izango duela erabaki du.

IFZ bere NA izango da, eta Ogasunari jakinarazi beharko dio jarduera profesional horren hasiera. Horretarako, jardueraren alta (840 eredua) eta zentsu aitorpena (036 eredua) aurkeztuko ditu Ogasunean.
 

  1. Jarduera ekonomikoen gaineko zergan (JEZ) alta ematean, dagokion epigrafearen berri emango diote Maialeni.

    Jarduera: abokatua. 
    Epigrafea: 2 731
     
  2. Zentsu aitorpenaren (036 ereduaren) bitartez, Maialenek Ogasunari jakinaraziko dio orain jarduera ekonomiko bat duela eta hemendik aurrera bere betebehar fiskalak zeintzuk diren. Bere kasuan, ardurapean langilerik ez duenez eta etxetik lan egiten duenez (ez du alokatutako lokalik), betebehar hauek izango ditu:

    - Apirileko, uztaileko eta urriko lehen 25 egunetan BEZaren (300 eredua) hiruhilekoko aurkezpena (1., 2. eta 3. hiruhilekoak, hurrenez hurren) eta BEZaren urteko aitorpen-likidazioa (390 eredua). Urteko laburpena izateaz gain, 4. hiruhilekoa ere hartzen du, eta urtean behin aurkezten da, hurrengo urteko urtarrileko lehen 31 egun naturalen barruan.

    - Alta ematen den unetik baja hartzen duen arte, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar du urtero (PFEZ - 109 eredua – 6. eranskina). Hori horrela izango da, nahiz eta jarduera egun bakarra izan.

 

2. 

Denborak aurrera egin ahala, Maialen lan bolumen handia izaten hasi da, eta, beraz, beste bi abokaturekin batera —Iker eta Nerea—, ondasun elkargo (CB) bat eratzea erabaki dute, eskaerari erantzuteko eta zer moduz funtzionatzen duten ikusteko. Ondasun elkargoa osatzen dute, kontratu pribatu baten bidez. Kontratu horretan elkargoaren jarduera (zerbitzu juridikoak), partaide bakoitzaren ekarpen ekonomikoak, partaidetza ehunekoa eta administrazio sistema adierazten dira. Une horretatik aurrera, Maialen, Iker eta Nerea komuneroak izango dira. Jarduera gauzatzeko, komunitateak lokal bat alokatzen du. Urrats hauek egiten dituzte:
 

  1. Maialenek baja emango du JEZean (840 eredua), eta jardueraren amaiera aurkeztuko du zentsu aitorpenaren bitartez (036 eredua), jada ez baita bera, baizik eta CB, jarduera egiten duena.
     
  2. Ogasunean CBren IFZ eskatzen da zentsu aitorpen baten bidez (036 eredua).
     
  3. Ogasunean aurkezten da sozietate eragiketen gaineko zerga (60S eredua), CBa eratzeagatik, eta salbuetsitako laukia markatzen da, eraketak, CB barne, zerga horren salbuespena baitute.
     
  4. CBren JEZn (840 eredua) alta egiten da (Maialenen jarduera bera egin arren, epigrafea aldatu da, erakundea delako):

    Jarduera: zerbitzu juridikoak. 
    Epigrafea: 1 841
     
  5. Hasierako zentsu aitorpenaren bidez (036 eredua), CBk bere zerga betebeharrak jakinaraziko dizkio Ogasunari:

    - Apirileko, uztaileko eta urriko lehen 25 egunetan BEZaren (300 eredua) hiruhilekoko aurkezpena (1., 2. eta 3. hiruhilekoak, hurrenez hurren) eta BEZaren urteko aitorpen-likidazioa (390 eredua). Urteko laburpena izateaz gain, 4. hiruhilekoa ere hartzen du, eta urtean behin aurkezten da, hurrengo urteko urtarrileko lehen 31 egun naturalen barruan.

    - Alokatutako lokal batean jarduteagatik, CBk hiru hilean behin 115 eredua aurkeztu beharko du apirilaren, uztailaren eta urriaren lehen 25 egunetan, eta bertan aurreko hiruhilekoan atxikitako kopuruak aitortu eta ordaindu beharko dira. Urteko laugarren hiruhilekoan, aurkezpena hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte egingo da. Gainera, urteko eredu informatibo bat aurkeztu behar da nahitaez (180 eredua), non 115 hiruhilekoko ereduetan aitortutako errentak zerrendatzen diren. Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra bitartean aurkezten da.
     
  6. Maialenek, Ikerrek eta Nereak 036 eredu baten bidez (zentsu aitorpena) jakinaraziko dute komunero izaera berria, eta PFEZean aukeratuko dute CBren errendimenduak aitortzeko zenbatespena, partaidetza ehunekoaren arabera, CBk lortutako irabaziak partaideei esleitzen zaizkielako.
     
  7. Maialenek, Ikerrek eta Nereak urtero aurkeztu behar dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena (PFEZ - 109 eredua – 6. eranskina).

 

 

3. 

Bi urte geroago, hainbat arrazoirengatik, Maialenek, Ikerrek eta Nereak CB desegin eta sozietate mugatu bat (Maikene Abogados, S.L.) eratzea erabaki dute. Bulego hori kokatzeko lokal handiago bat alokatzen dute eta bi langile kontratatzen dituzte. Honela jokatzen dute:
 

  1. Partaideek sozietate eragiketen gaineko zerga (60S eredua) aurkeztu behar dute Ogasunean, CBa desegin eta likidatzeagatik. Partaide bakoitzak likidazioan jasotzen duenaren %1 ordainduko du.
     
  2. CB amaieraren zentsu aitorpena egingo da (036 eredua) eta jardueretan (JEZean) baja emango dute (840 eredua). Ogasunak baja emango dio CBren IFZri bere datu basean.
     
  3. Maialenek, Ikerrek eta Nereak zentsu aitorpen baten bidez (036 eredua) jakinarazi dute jada ez direla CB batean parte hartzen ari.
     
  4. SL bat osatzen dute, notariotza batean egindako eskritura publiko baten bidez. Eskritura horrek, gainera, behin-behineko IFZ bat ematen die, notario batzuek Ogasunari zuzenean IFZ eskatzeko aukera baitute.
     
  5. Sozietate eragiketen gaineko zerga (60S eredua) aurkeztu behar da Ogasunean, SL eratzeagatik, eta salbuetsiaren laukia markatzen da, sozietateen eraketak zerga horren salbuespena duelako.
     
  6. Entitateari JEZean alta ematen diote (840 eredua).

    Jarduera: zerbitzu juridikoak.
    Epigrafea: 1 841
     
  7. SLren hasierako zentsu aitorpena (036 eredua) aurkezten dute Ogasunean, zerga betebeharren berri emateko:

    - Apirileko, uztaileko eta urriko lehen 25 egunetan BEZaren (300 eredua) hiruhilekoko aurkezpena (1., 2. eta 3. hiruhilekoak, hurrenez hurren) eta BEZaren urteko aitorpen-likidazioa (390 eredua). Urteko laburpena izateaz gain, 4. hiruhilekoa ere hartzen du, eta urtean behin aurkezten da, hurrengo urteko urtarrileko lehen 31 egun naturalen barruan.

    - Alokatutako lokal batean jarduteagatik, SLk hiru hilean behin 115 eredua aurkeztu beharko du apirilaren, uztailaren eta urriaren lehen 25 egunetan, eta bertan aurreko hiruhilekoan atxikitako kopuruak aitortu eta ordaindu beharko dira. Urteko laugarren hiruhilekoan, aurkezpena hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte egingo da. Gainera, urteko eredu informatibo bat aurkeztu behar da nahitaez (180 eredua), non 115 hiruhilekoko ereduetan aitortutako errentak zerrendatzen diren. Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra bitartean aurkezten da.

    - Bi langile kontratatu dituztenez, SLk aldizka aurkeztu beharko du lan etekinen gaineko atxikipenen eta konturako sarreren 110 eredua, hiru hilean behin, apirilaren, uztailaren eta urriaren lehen 25 egunetan. Bertan, aurreko hiruhilekoan atxikitako zenbatekoak aitortzen eta ordaintzen dira. Urteko laugarren hiruhilekoan, aurkezpena hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte egingo da. Gainera, urteko eredu informatibo bat aurkeztu behar da nahitaez (190 eredua), non 110 hiruhilekoko ereduetan aitortutako errentak zerrendatzen diren. Hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 31ra bitartean aurkezten da.

    - Sozietateen gaineko Zergaren urteko aurkezpena (200 eredua); izan ere, SL nortasun juridikoa duen erakundea denez, haren errendimendua ez zaie bazkideei esleitzen, erakundeari berari baizik.
     
  8. Maialenek, Ikerrek eta Nereak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin beharko dute (PFEZ - 109 eredua), baldin eta ekitaldian lortutako errentek horretara behartzen badituzte.

 

Laburpena

  PERTSONA FISIKOA ONDASUN ELKARGOA SOZIETATE MUGATUA
IFZ NA edo AIZ IFZ zentsu aitorpenaren bitartez IFZ zentsu aitorpenaren bitartez edo notariotzan
JEZ  2. atala (Profesionala) 1. atala (Enpresakoa) 1. atala (Enpresakoa)
BETEBEHARRAK

PFEZ (109)
BEZ (300/390)

PFEZ KOMUNEROAK (109)
BEZ (300/390)
ALOK. ATXIKIPENAK (115/180)

BEZ (300/390)
ALOKAIRUZKO ATXIKIPENAK (115/180)
LANEKO ATXIKIPENAK (110/190)     
SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA (200)