Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea

Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeak eskumena du Estatuko Zerga Administrazioaren eta foru aldundien artean edo haien eta beste autonomia erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren gatazkak eztabaidatu eta ebazteko, gai hauei dagokienez:

a.1) Tributu itunduen lotura puntuen aplikazioa. ("Lotura puntua" kontzeptua Ekonomia Itunean erabiltzen da zehazteko zein araudi den aplikatzekoa –erkidea edo forala– eta zein administraziori egotzi behar zaion etekin bat edo zeini dagokion zerga itundu jakin bat ordainarazteko eskumena).

a.2) Administrazio bakoitzari dagokion proportzioaren zehaztapena, sozietateen gaineko zergagatik edo balio erantsiaren gaineko zergagatik administrazio batean baino gehiagotan tributatzen denean. (Ekonomia Itunak zehazten du zein kasutan tributatu behar duen enpresa batek administrazio batean bakarrik, eta noiz dagokion tributatzea aldi berean Euskal Autonomia Erkidegoan eta lurralde erkidean. Bigarren kasu horretan, erregelak ezartzen dira lurralde bakoitzean zer portzentaje ordaindu behar den finkatzeko).

b) Ekonomia Itunaren interpretazio eta aplikazioa banakako tributu harremanen kasu zehatzetan.

c) Zergadunen helbidea dela-eta sor litezkeen desadostasunak.
 

Arbitraje batzordearen osaera

Arbitraje Batzordea hiru kidek osatzen dute. Kide horien izendapena Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki behar du (III. kapitulua, 1. sekzioa), eta Ekonomia eta Ogasun ministroak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak formalizatu behar dute.

Baldintza gisa, kide horiei exijitzen zaie arloan aditu aitortuak izatea eta profesionalki tributu edo ogasun gaietan jardun izana gutxienez hamabost urtean.

Gaur egungo osaera 2021eko uztailaren 29an erabaki zuen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, eta Ogasuneko eta Finantzetako sailburuaren irailaren 3ko Aginduaren bidez eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroaren irailaren 1eko HFP/942/2021 Aginduaren bidez formalizatu zen. Kide hauek ditu:

  • Presidentea: Violeta Ruiz Almendral.
  • Bokala: Sofia Arana Landin.
  • Bokala: Javier Muguruza Arrese.

Arbitraje Batzordeko idazkaria ezin da batzordeko kide izan, eta Estatuko Administrazioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo foru aldundien zerbitzura dagoen pertsona bat izan behar du.

2021eko uztailaren 29an egindako bileran, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki zuen Arbitraje Batzordearen baliabideak egokitzea eta esleituak dituen eginkizunak betetzeko gaitasuna hobetzea. Akordio horretan, besteak beste, erabaki zen bi pertsona izendatzea aholkularitza teknikoaz arduratzeko. Horietako bat Estatuko Administrazioak izendatu zuen, eta bestea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak. Izendatutako pertsona horiek txandaka jardun behar dute, bakoitza hiru urtez, Arbitraje Batzordeko idazkari lanak betetzeko. Gaur egun, Estatuko Administrazioko funtzionario bat ari da idazkari lanetan.

Arbitraje Batzordearen egoitza Gasteizen dago gaur.

Araudia

Arbitraje Batzordearen erregulazioa Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. sekzioan jasotzen da: 65. artikulua (Kideak), 66. artikulua (Eginkizunak) eta 67. artikulua (Arbitraje Batzordearen erabakiak).

66. artikuluak dio gatazkak ebazteko prozedura erregelamenduz ezarriko dela, eta aurreikuspen hori gauzatuta geratu zen Arbitraje Batzordearen Erregelamendua onetsi zenean.

Arbitraje Batzordearen Erreglamendua Araudia (PDF testu bateratua)

Erregelamendu hori bi administrazioek adostu zuten (Estatukoak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak) Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2007ko uztailaren 30ean egindako bileran.

Abenduaren 28ko 1760/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen (2008/01/16ko BOE, 14. zk.), eta aldaketak izan zituen maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretua dela medio (2014/05/29ko BOE, 130. zk.).

Xedapen orokorrak / Ekonomia Ituna (PDF)

Arbitraje batzordearen ebazpenak

Arbitraje Batzordearen ebazpenak
Ekonomia Itunaren 67. artikuluak (Arbitraje Batzordearen erabakiak) honako hau ezartzen du: Arbitraje Batzordeak zuzenbidearen arabera ebatziko ditu espediente bakoitzak agerian jartzen dituen auzi guztiak, betearazpen formulak barne direla, berdin da auzi horiek gatazkako alderdiek edo interesdunek aurkeztutakoak diren edo ez; eta ebazpenetan ekonomia, bizkortasun eta efikazia printzipioen arabera jardungo du."

Efikazia eta errekurtsoak

Ebazpena gatazkan dauden zerga administrazioei eta hark eragindako guztiei jakinarazi ondoren, administrazioek ebazpena betearazi egin beharko dute ebazpenean bertan aurreikusten diren terminoetan.

Arbitraje Batzordeak hartutako ebazpenei, betetze indarrekoak izanda ere, administrazioarekiko auzi errekurtsoa baino ezin izango zaie aurkeztu Auzitegi Goreneko arlo horretako salan.