Tramitazio elektronikora behartutako taldeak

Ekainaren 28ko 320/2017 Foru Aginduak (PDF) arautzen du zer kasutan dagoen Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergen foru Administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko obligazioa

Foru agindu horrek urtarrilaren 4ko 1/2016 Foru Agindua ordeztu eta indargabetu du, eta guztiz aplikagarria da 2017ko urriaren 2az geroztik

Berritasun nagusi hauek ekarri ditu 320/2017 Foru Aginduak:

  • Zabaldu egiten da bitarteko elektronikoak erabiltzera behartutako kolektiboa: 1/2016 Foru Aginduan ezarritako zergapekoei gehitzen zaizkie 39/2015 Legearen 14.2 artikuluko baldintzak (PDF) betetzen dituztenak.
  • Indarrik gabe uzten ditu urtarrilaren 4ko 1/2016 Foru Aginduak jakinarazpen elektronikoari buruz ezartzen zituen salbuespenak, eta, beraz, bitarteko elektronikoak erabiltzera behartutako pertsonek eta entitateek bide elektronikoz jaso behar dituzte jakinarazpenak eta komunikazioak (320/2017 Foru Aginduaren 5. artikuluko 2. eta 4. puntuetan aipatzen diren kasuetan izan ezik).

Behartutako pertsonak eta entitateak

Pertsona eta entitate hauek daude behartuta Gipuzkoako zergen foru administrazioarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzera:

  • Pertsona juridikoak.
  • Nortasun juridikorik gabeko entitateak (ondasun edo jabe erkidegoak, sozietate zibilak,…)
  • Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, establezimendu iraunkorrarekin jarduten dutenean, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko 16/2014 Foru Arauaren 24.2  (PF) eta 38. artikuluetan (PDF) aipatzen diren kasuetan.
  • Ordezkari profesional direnak, beren izenean eta beraiek ordezkatzen dituztenen izenean jarduten direnean (nahiz eta azken horiek derrigortuta ez egon).
  • Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak.
  • Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 14. artikuluko 2. apartatuan aipatzen dituen gainerakoak.

Jarduera ekonomikoetan alta hartzen duten pertsona edo entitate behartuak Ogasun eta Finantza Departamentuak informazioa eta aholkuak eskuragarri jartzen ditu, zergadunen erroldan alta ematen diren behartutako pertsonentzat eta entitateentzat

Zerga alorra ez den beste alorretan harremanak bitarteko elektronikoz izatera behartuta dauden pertsonei eta entitateei buruzko informazioa Egoitza Elektronikoan kontsulta daiteke.

Noiz den derrigorrezkoa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztea

Oro har, behartuta daude edozein eskaera edo tramite egitera bide elektronikoz, baita autolikidazio eta aitorpenen aurkezpena ere.

Tramite horiek ezingo dira beste ezein modutan aurkeztu edo bete, salbu eta:

  • Administrazioak tramitazio elektronikorako behar diren bitartekoak eskura jarri ez dituenean.
  • Arazo teknikoek eskura dauden aplikazioak edo laguntza programak erabiltzea galarazten dutenean.

Aurkezteko moduak

1.- Aitorpen eta autolikidazioen aurkezpena

  1. Egoitza elektronikotik zerga eredua aurkezteko modalitateren bat ahalbidetuta baldin badago.
  2. Paperean, bakar-bakarrik baldin eta aurkezpen elektronikorako modalitaterik eratu ez bada.
  3. Editran bidez, ereduaren araudiak horretarako aukera ematen badu eta baimen espezifikoa badago.
  4. Beste euskarri batzuk erabiliz (pendrive eta horrelakoak), informazioaren tamainak egoitza elektronikoaren mugak gainditzen dituenean.

Aurkezpen modu horiek derrigorrezkoak dira, eta beste aurkezpen moduak baztertzen dituzte. Hortaz, haietako bat aplikagarria denean, gainerakoak ezin dira erabili.

Hurrengo estekan zerga ereduei buruzko informazioa kontsulta daiteke, baita horiek aurkezteko moduari buruzkoa da: zerga ereduak.

2.- Eskaeren eta beste tramite batzuen aurkezpena

Eskaerak edo idatziak aurkezteko, eta beste tramite batzuk egiteko, jakinarazpen elektronikora behartutako pertsona eta entitateek ezin izango dute erabili paper bidezko aurkezpena (ez posta bidezkoa, ez presentziala erregistroan), erregistro elektronikoa erabiltzea posible bada.

Aurkezpena honela egingo da:

1.- Berariazko formularioaren bidez, egoitza elektronikoan aukera hori gaituta duten tramite edo eskaeren kasuan.

2.- Erregistro elektronikoan aurkeztuz (berariazko formulariorik gabe)

Tramitea edo eskaera ezin bada aurkeztu tramitazio elektronikorako formulario edo aplikazio espezifiko baten bitartez, erregistro elektronikoko formulario generikoa erabili beharko da.

3.- Beste euskarri batzuk erabiliz: Editran, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak (pendrive eta horrelakoak) edo papera

Informazioaren tamainak erregistro elektronikoaren mugak gainditzen diuenean (10 MB fitxategi bakoitza, eta 25 MB fitxategi guztiak hartuta).

Komunikazio eta jakinarazpenak elektronikoki jasotzeko obligazioaren hedadura

Jakinarazpen elektronikoa derrigorrezkoa da tramitazio elektronikora behartuta dagoen kolektiboarentzat.

Harremanetarako datuak kontsultatu eta aldatu

Tramite honen bidez, besteak beste datu hauek kontsultatu edo aldatu ditzakezu:

  • Abisuak jasotzeko posta elektronikoa
  • Zure jakinarazpen elektronikoetarako sarbidea duten ordezkariak
  • Beste batzuk.

Lotura: Harremanetarako datuak kontsultatu eta aldatu.

Banku entitate laguntzaileak

Finantza entitate laguntzaileen kasuan, derrigortasunak zergadun gisa bidaltzen zaizkien jakinarazpenei baino ez die eragiten. Hortaz, entitate laguntzaile gisa egiten zaizkien jakinarazpenak ez daude eraginda, eta lankidetza hitzarmenean jasotakoaren arabera jarraituko dira egiten.

Informazio gehiago

Lotura: jakinarazpen elektronikoak