Herritarren eskubideak

Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuarekin izaten dituzten harremanetan eskubide hauek dituzte herritarrek:

  • Eskubidea dute beren eskubideak eskatzen eta obligazioak betetzen lagunduko dieten informazioa eta laguntza jasotzeko. Horrek esan nahi du eskubidea dutela Departamentuaren jarduerari buruz informazio egiazkoa eta osoa jasotzeko eta Departamentuan egin beharreko tramite eta betekizunetan aholkatuak izateko.
  • Eskubidea dute Departamentuko agintari eta langileengandik arreta adeitsua eta zentzuduna jasotzeko. Eskubide eta obligazio horiek bete daitezen, Departamentuak bidea erraztuko du.
  • Eskubidea dute euskara edo gaztelania erabiltzeko Departamentuarekiko harremanetan.
  • Eskubidea dute herritarrei arreta egin edo laguntza ematen diena nor den jakiteko, eskubidea duten bezala dagozkien tramiteen erantzuleak zein agintari eta langile diren jakiteko.
  • Eskubidea dute Departamentuan aurkeztutako agirien kopia zigilatua jasotzeko, legeek eskatzen ez dituzten agiriak ez aurkezteko eta Departamentuaren esku utzitako agiriak, indarrean jarraitzen duten neurrian, berriro ez aurkezteko.
  • Eskubidea dute aurkezten dituzten jatorrizko agirien kopia konpultsatuak jasotzeko eta jatorrizko agiriak eskuratzeko, Departamentuak bere esku gorde behar dituenean izan ezik.
  • Eskubidea dute Departamentuak bere jardunean eskuratzen dituen datu, txosten edo aurrekariak isilpean gordeak izateko, legeek ezarritako eran.
  • Eskubidea dute interesatu gisa ageri diren prozeduren tramitazioa zein egoeratan dagoen jakiteko eta prozedura horietan bildutako agirien kopia eskuratzeko, eta baita Departamentuaren erregistro eta artxibategietan sartzeko ere, legeek agindutako eran.
  • Interesatu gisa agertzen direnek eskubidea dute entzunaldiaren aurreko edozein fasetan alegazioak egin eta agiriak aurkezteko. Alegazio eta agiri horiek kontuan hartu behar dira ebazpena idazteko orduan.
  • Eskubidea dute Departamentua prozedura guztiak berariaz ebaztera behartzeko eta aplikazioko araudiek ezarritako epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzeko.
  • Eskubidea dute Departamentuaren egintzen jakinarazpenetan adierazita agertzeko zein errekurtso aurkez daitekeen, zein epetan eta nori aurkeztu behar zaion.
  • Eskubidea dute beren kexa aurkezteko, interesatu gisa agertzen diren prozeduren tramitazioan hutsegiterik edo atzerapenik gertatuz gero, eskubidea duten bezala erreklamazioak aurkezteko, Departamentuaren zerbitzuen funtzionamenduan utzikeriarik edo beste arazoren bat gertatuz gero.
  • Eskubidea dute bai Departamentuari berari bai haren zerbitzuko langileei erantzukizunak eskatzeko, legez bidezkoa denean.
  • Eskubidea dute, Departamentuaren egintzak direla-eta esku-hartzera behartuta egonez gero, ahalik eta buruhauste gutxien edukitzeko.
  • Eta zergapekoak diren aldetik Zerga Administrazioarekin izaten dituzten harremanetan, berriz, eskubide espezifiko hauek dituzte:
  • Zerga Administraziotik informazio eta laguntza jasotzeko, beren eskubideak erabili eta zerga obligazioak betetzeari dagokionez.
  • Tributu bakoitzaren arauditik ondorioztatzen diren itzulketak nahiz okerreko sarreren itzulketak lortzeko, berandutza interesa eta guzti, zergapekoak berak hala eskatu behar izan gabe.
  • Egintza bat gauzatzea eteteko edo zor baten ordainketa geroratu edo zatikatzeko aurkeztutako abalen eta bestelako bermeen kostua berreskuratzeko, berandutza interesa eta guzti (zergapekoak berak hala eskatu behar izan gabe), baldin eta epai edo administrazio ebazpen irmo batek adierazten badu egintza edo zor hori erabat edo zati batean bidegabekoa dela.
  • Zerga zorraren ordainketa eteteko, baldin eta bere aurka dagokion errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu bada eta ordainketa hori legeak galdatu bezala bermatu bada (zerga zigorren kasuan, bermerik gabe).
  • Aurkeztutako aitorpenen eta autolikidazioen kopia edo ziurtagiria eskatu eta lortzeko, baita horietan azaldu datuen ziurtagiria ere. Halaber, Zerga Administrazioari aurkeztutako beste agirien kopia zigilatua lortzeko, betiere kopia hori jatorrizko agiriarekin batera erkatzeko aurkezten bada, eta espedientean jaso behar ez diren agirien jatorrizko aleak berreskuratzeko.
  • Zerga Administrazioari dagoeneko aurkeztu dizkion agiriak berriro aurkeztu beharrik ez izateko, baldin eta zergapekoak adierazten badu zein egunetan eta zein prozeduratan aurkeztu dituen.
  • Zerga Administrazioak eskuratzen dituen datu, txosten edo aurrekariak isilpekoak izateko, legez ezarrita dagoen eran. Administrazioak kudeatzen dituen tributu edo baliabideak modu eraginkorrean aplikatzeko eta zigorrak ezartzeko baino ezingo dira erabili, hirugarrenei utzi edo jakinarazi gabe, legeetan ezarritako kasuetan izan ezik.
  • Foru Ogasunak dituen norbere datu pertsonalekiko sarrera, zuzenketa, deuseztatze eta oposizio eskubideak erabiltzeko, salbu zerga obligazioak beteko direla ziurtatzeko egin administrazio jarduketak eragozten dituenean edota zergapeko hori ikuskaritzako jarduketen subjektu denean.
  • Gipuzkoako katastroan dauden higiezinak erosi edo eskualdatu behar dituztenean, horiek zerga ondorioetarako ze balio duten jakiteko
  • Egiaztapen edo ikuskapen jarduketak hasten direnean, horien izaeraren eta hedaduraren berri izateko, eta jarduketa horietan dauzkaten eskubide eta obligazioak ezagutzeko.
  • Aplikagarri diren zerga onura edo erregimenak beren alde aitortzeko.
  • Zerga Administrazioaren jarduketek beren esku hartzea eskatzen dutenean, jarduketa horiek kalterik gutxien sortzen dieten eran gauzatuak izateko, betiere horrek beren zerga obligazioak betetzea eragozten ez badu.
  • Entzute tramitean entzunak izateko.
  • Beren adierazpenak zerga prozeduretako dilijentzietan jasota geratzeko, zerga alorrean garrantzitsuak direnean.
  • Zerga Administrazioari egoki jotzen dituzten agiriak aurkezteko, irekita dagoen zerga prozedura ebazteko garrantzitsua gerta daitekeenean.
  • Administrazio espedientea osatzen duten agirien kopia beren kontura eskuratzeko, zerga araudian aurreikusitako eran. Premiamenduzko prozeduran eskubide hau edozein unetan erabil daiteke.