Ogasun eta Finantza Departamentua Euskaraldian parte hartzen ari da

Euskaraz badakizu? Konturatu al zara, orduan, elkarrekin euskaraz egin dezakegula?

Euskaraldia herritarren hizkuntza ohiturak astindu eta eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko ariketa soziala da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraungo du ekimen kolektiboak. Herritarren ahalegin horri babesa emateko, Ogasun eta Finantza Departamentua Euskaraldian parte hartzen ari da.

Horretarako, Ogasun eta Finantza Departamentuak Errotaburuko egoitza nagusian eta Gipuzkoako gainerako bulegoetan arreta berezia jarriko du Euskaraldian parte hartzen duten zergadunekin.

Horrenbestez, gure bulegoetara hurbiltzen zarenean euskaraz egingo dizugu, Zerga Administrazioarekin dituzun aurrez aurreko harremanetan euskara naturaltasunez aukeratu ahal izan dezazun.

Departamentuarekin dituzun bestelako harremanetan euskara aukeratu

Dagoeneko, 75.000 gipuzkoarrek aukeratua dute euskara departamentuarekin dituzten harremanetan. Helburua da 2022. urtean 100.000 zergadun izatera heltzea.

Ogasunarekin euskara harreman hizkuntza aukeratzeko, hainbat modu dituzu:

  • Bulegoetan. Departamentuko herritarren arretarako bulegoetara jo dezakezu, eta bertan langileari departamentuarekin harremana euskaraz izan nahi duzula adierazi.
  • Errenta kanpainan aukera dezakezu euskara:
    1. Errenta mekanizatuan, bulegoan bertan, aitorpena egitean. 
    2. Autolikidazio proposamena telefonoz edo internetez onartzean.
    3. Ogasuneko webgunean Zergabidea plataformaren bitartez errenta programan bertan sartzean eta errenta aitorpena bidaltzerakoan. 
    4. Gestoria bat aukeratzen baduzu, zure aukera adierazi behar diozu.
  • 030 eredua edo 036 eredua aurkeztu dezakezu. Foru Ogasuneko herritarren arretarako bulegoetan edo Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan. Ereduaren barruan, euskara aukeratu dezakezu harreman hizkuntza.

Ogasun arloko hizkera ezagutu

 

Jaurlaritzako Terminologia Batzordeak Herri Ogasunaren hiztegia prestatua du, ogasun arloan erabiltzen diren terminoak bateratu eta ezagutarazteko asmoz:

Herri ogasunaren hiztegia (PDF)