Salbuespenak

Honako errentak egongo dira salbuetsita:

1. Epaileen erabaki adela bide, mantenurako urteko gisa gurasoengandik jasotzen direnak.

2.- Terrorismo ekintzen ondorioz jasotako prestazio publikoak.

3.- Gizarte Segurantzak edo honen ordezko entitateek erabateko ezintasun iraunkorragatik edo baliaezintasun handiagatik onartutako prestazioak, eta 55 urtetik gorako pertsonek ezintasun iraunkor osoagatik jasotakoak. Azken kasu honetan, prestazio horiek ez daude salbuetsita zergadunek jarduera ekonomikoen etekinak izan dituztenean edo lan etekinak jaso dituztenean; ez daude barruan Gizarte Segurantzatik, BGAEtik, aseguratutako aurreikuspen planetatik,,, datozen pentsioak. Urteko zenbatekoa 600 eurokoa baino gutxiago bada ez da kontutan hartuko.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako egoera berdinengatik jasotako prestazioak badira, ondoko hauek egongo dira salbuetsita:

Norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian sartuta ez dauden profesionalei onartutako prestazioak, Gizarte Segurantzaren erregimen berezi horren ordezko gisa jarduten diren gizarte aurreikuspeneko mutualitateek onartuak direnean.

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatibetako bazkideei onartutako prestazioak.

Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta Gizarte Segurantzaren prestazioak eta borondatezko gizarte aurreikuspeneko mutualitate edo entitateenak aldi berean jaso direnean, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.

Era berean, salbuetsita egongo dira zahartasun eta elbarritasunari buruzko derrigorrezko aseguruaren pentsioak, horien arrazoia zergadunaren elbarritasuna denean.

4.- Klase pasiboen erregimenean desgaitasun edo ezintasun iraunkorragatik jasotako pentsioak, baldin eta haien arrazoia izan den lesio edo gaixotasunak pentsioaren jasotzailea erabat desgaitu badu edozein lanbideetan jarduteko, edo bestela, baldin eta zergaduna 55 urtetik gorakoa izanik lesioak edozein lanbideetan jarduteko gaitu ez badu.

Azken kasu honetan, prestazio horiek ez daude salbuetsita zergadunek jarduera ekonomikoen etekinak izan dituztenean edo lan etekinak jaso dituztenean; ez daude barruan Gizarte Segurantzatik, BGAEtik, aseguratutako aurreikuspen planetatik,,, datozen pentsioak. Urteko zenbatekoa 600 eurokoa baino gutxiago bada ez da kontutan hartuko.

5.- Langilea kaleratu edo lana uzteagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, bere arauzko garapenean edo, halakorik balego, sententziak betearazteko araudian derrigorrezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuen indarrez finkatutakoa ezin izango da derrigorrezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. Era berean, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 103.2 artikuluan xedatutakoaren aplikazioz, kooperatiban baja hartzeagatik bazkideak jasotzen dituen kalte-ordainak ere salbuetsita egongo dira, lan araudiak Langileen Estatutuko 52. artikuluaren c) letran aipatzen den lan uzte kasuetarako derrigorrezko izaeraz ezartzen duen zenbatekoan.

Lan kontratua adiskidetze egintzaren aurretik amaitzen bada, kaleratzeagatik jasotzen diren kalte-ordainak salbuetsita egongo dira kaleratzea, indarrean dagoen lan arloko legeriaren arabera, bidegabekotzat jo izan balitz jasoko zena gainditzen ez dutenean eta, betiere, lan kontratua elkarren arteko adostasunez eta baja hobarituen plan edo sistema kolektiboen barruan amaitu ez bada.

Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan xedatutakoaren arabera egiten diren kaleratze kolektiboen kasuan, edo aipaturiko estatutuaren 52. artikuluaren c) letran aurreikusitako arrazoiak direla medio amaitutako kontratuetan, betiere bai kasu batean bai bestean arrazoiak ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak, produkziokoak edo halabeharrezkoak badira, edo sektore publikoko lan arloko langileei dagokionez Estatutuak hogeigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako kaleratzeetan, jasotako kalte-ordaina salbuetsita geratuko da estatutu horretan bidegabeko kaleratzeetarako zehaztutako nahitaezko mugak gainditzen ez dituen zatian. Ordezkapen kontratu baten indarrez lan harremana deuseztatu eta jarduera laborala lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita.

Aurreko paragrafoetan aurreikusitako edozein kasutan salbuetsitako gehienezko kopurua ez da 180.000 euro baino gehiago izango. Muga hori bakarra izango da kaleratze edo kargugabetze bakoitzeko, edozein dela ere kalte-ordaina ordaintzeko modua.

6.- Pertsonei eragindako kalte fisiko, psikiko edo moralengatik erantzukizun zibilaren ondorioz ematen diren kalte-ordainak, legez edo juridikoki onartzen den zenbatekoan.

7.- Aurreko zenbakian adierazitako kalte berdinengatik aseguru kontratuen bidez jasotzen diren zenbatekoak, 150.000 euroraino. Lesioak prestazioaren jasotzailea desgaitzen badu edozein lanbide edo jardueratan aritzeko, kopuru hori 200.000 eurokoa izango da, eta gainera, jasotzaileak beste pertsona baten laguntza behar badu eguneroko eginbehar oinarrizkoetarako, orduan 300.000 eurokoa izango da muga.

8.- Literatur, arte edo zien­tzia sariak edo giza eskubideen defen­tsari eta sustapenari lotutako sariak, arauz zehazten diren baldintzetan.

9.- Beka publikoak eta irabazi asmorik gabeko entitateek emandakoak, betiere Espainian nahiz atzerrian hezkuntza sistemaren maila eta gradu guztietan, unibertsitateko hirugarren zikloraino, ikasketak egiteko jasotzen badira. Irabazi asmorik gabeko entitateen kasuan, beren bekak salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko araudia aplikaziozkoa zaienean.

Honako hauek ere salbuetsita egongo dira: Urriaren 24ko 1326/2003 Errege Dekretuak, ikertzaile bekadunaren Estatutua onartzen duenak, definitzen duen alorreko ikerketetarako herri administrazioek eta aurreko paragrafoan aipatutako irabazi asmorik gabeko entitateek emandako bekak, eta orobat, entitate horiek herri administrazioetako funtzionarioei eta gainerako langileei nahiz unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileei ikerketak egiteko emandakoak.

10.- Pertsonak etxean hartzeagatik herri erakundeetatik jasotzen diren zenbatekoak.

11.- 1936-1939 bitarteko gerra zibilaren ondorioz zauriak edo mutilazioak jasan zituzten pertsonen alde onartutako pentsioak, dela Estatuko Klase Pasiboen erregimenaren bitartez, dela horretarako egindako legeria bereziaren babesean.

12.- Ekainaren 20ko 1/1994 Errege Dekretu Legegileak, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateratua onartzekoak, II. tituluaren IX. kapituluan arautzen dituen familia lagun­tzak, eta Gizarte Segurantzaren eta klase pasiboen erregimen publikoetatik jasotzen diren zurztasun pentsioak eta hartzeko pasiboak nahiz hogeita bi urtetik beherako biloben eta anai-arreben alde edo lan orotarako desgaitutakoen alde onartutakoak.

Era berean, norbere konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren erregimen berezian sartuta ez dauden profesionalei erregimen berezi horren ordezko gisa jarduten diren gizarte aurreikuspeneko mutualitateek onartzen dizkieten prestazioak, eta, orobat, borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatibetako bazkideei onartutakoak salbuetsita egongo dira betiere aurreko paragrafoan aipatutako egoera berdinengatik jasotako prestazioak badira. Gizarte Segurantzak zeinahi den kontzeptuagatik onartzen duen gehieneko prestazioa izango da zenbateko salbuetsiaren muga. Soberakinak lan etekin moduan tributatuko du, eta Gizarte Segurantzaren prestazioak eta borondatezko gizarte aurreikuspeneko mutualitate edo entitateenak aldi berean jaso direnean, soberakina azken horien prestazioetan gertatu dela ulertuko da.

Salbuetsita daude, baita ere, jaiotzagatik, erditze anitzagatik, adopzioagatik, adopzio anitzagatik, kargupeko seme-alabengatik eta zurztasunagatik jasotzen diren gainerako prestazio publikoak.

Amatasuna dela-eta autonomia erkidegoetatik edo toki erakundeetatik jasotzen diren prestazio publikoak ere salbuetsita egongo dira.

13.- Kasuan kasuko entitate kudeatzaileak onartutako langabezia prestazioak, ekainaren 19ko 1.044/1985 Errege Dekretuaren bidez ezarritako ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen direnean, baldin eta jasotako zenbatekoak aipatutako errege dekretuan ezarritako helburuetara bideratzen badira eta bertan aipatzen diren kasuetan ematen.

Zergaduna sozietate laboraletan edo lan elkartuko kooperatibetan sarturik badago, aurreko paragrafoan adierazi den salbuespena aplikatu ahal izateko ezinbestekoa izango da akzioari edo partaidetzari bost urtez eustea. Langile autonomoen kasuan, nahitaezkoa izango dute bost urteko epean ere jarduerarekin jarraitzea.

14.- Maiatzaren 28ko 9/1993 Errege Lege-Dekretuan eta ekainaren 5eko 14/2005 Legearen 2. artikuluan xedatutakoa aplikatzeagatik jasotako gizarte laguntzak.

15.- Goi-mailako kirolariei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak, eskudun diren erakundeek ezarritako prestakuntza programetara egokitutakoak direnean, arauz ezartzen diren baldintzetan.

16.- Nazioarteko bake misioetan edo nazioarteko giza lagun­tzako misioetan parte hartzeagatik jasotzen diren aparteko haborokin eta prestazio publikoak, arauz ezartzen diren baldintzetan.

17.- Atze­rrian egindako lanengatik jasotzen diren lan etekinak, honako baldintza hauek betetzen badira:

Lan horiek Espainian egoitzarik ez duen enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian finkatutako establezimendu iraunkor batentzat egitea, arauz ezartzen diren baldintzetan. Bereziki, gertatzen bada lanak hartu behar dituen entitateak lotura bat duela langilea enplegatu duen entitatearekin edo haren zerbitzuak jasotzen dituen enpresarekin, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 16.5 artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

Lanak egiten diren lurraldean zerga honen antzeko edo pareko zerga bat aplikatzea, eta herrialde edo lurralde hori paradisu fiskaltzat kalifikatuta ez egotea. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da lanak egiten diren herrialde edo lurraldeak nazioarteko ezarpen bikoitza saihesteko hitzarmena sinatua duenean Espainiarekin eta hitzarmen horretan informazioa elkarri trukatzeko klausula jasotzen denean.

Atzerrian emandako egunetan sortu diren ordainsariei aplikatuko zaie salbuespena, eta urtean 60.100 eurokoa izango da gehienez. Arauzko eran ezarri ahal izango da nola kalkulatuko den eguneko salbuesten den zenbatekoa.

Gehienezko zenbateko hori proportzionalki gutxituko da, atzerrian guztira zerbitzuak eskain diren urteko egun kopuruaren arabera. Erregelamenduzko eran ezarri ahal izango da nola kalkulatuko den egun bakoitzeko salbuesten den zenbatekoa.

Atzerrian destinaturik dauden zergadunentzat, salbuespen hori bateraezina izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak tributaziotik kanpo uzten dituen soberakinen araubidearekin, atzerrian jasotako errenten zenbatekoa edozein dela ere. Zergadunak salbuespen honen ordez soberakinen araubidea aplikatzea hautatu ahal izango du.

Langilearen atzerriratzeak bera enplegatu duen enpresak edo entitateak nazioz gaindiko zerbitzu prestazio bat egiteagatik gertatu behar du. Enpresa edo entitate horrek Espainian eduki behar du egoitza.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zergadunak adierazi egin beharko du salbuespen hau edo soberakinen araubidea aplikatzea hautatu duela, hori aplikatu nahi den ekitaldiko autolikidazioa aurkeztean. Zergaldi baterako egindako hautua aldatu egin ahal izango da epe honetan: zergaren aitorpena egiteko borondatezko epea bukatzen den egunera arte, edota zerga administrazioak behin-behineko likidazioa egiten duen egunera arte, azken hau bestea baino lehenagokoa bada.

18.- Errenta positiboak, horiek agerian jartzeko arrazoia hauetako bat denean:

a) Europar Batasuneko nekazaritza politikatik datozen laguntzak jasotzea, haien zergatia, betiere, esnea, mahatsa, mertxika edo nektarina produkzioa behin betiko uztea edo bananondoak, sagastiak, mertxikondoak eta nektarinondoak erauztea bada. Azukre erremolatxaren eta azukre kanaberaren laborea behin betiko uztea.

b) Europar Batasuneko arrantza politikatik datozen laguntzak jasotzea, haien zergatia, betiere, honako hauetako bat bada: Arrantza behin betiko uztea, itsasontzia arrantzatik zeharo apartatzea, edo itsasontzia eskuz aldatzea hirugarren herrialde batean sozietate mistoak eratzeko edo sozietate horiek eratu direlako.

c) Arrantzontzia besterentzea, baldin eta hura besterendu eta urtebeteko epean, erosleak arrantzontzia txikitzen badu eta hori egiteagatik Europar Batasunak laguntza ematen badio arrantza jarduera uzteagatik.

d) Laguntza publikoak jasotzea, sute, uholde edo hondorapenek ondare elementuetan eragindako kalteak konpontzeko direnean.

e) Errepide bidezko garraio jarduera uzteagatik araututako laguntzak jasotzea, baldin eta administrazio eskudunak laguntza horiek emateko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten garraiolariei ordaindutakoak badira.

f) Kalte-ordain publikoak jasotzea abereak nahitaez hiltzeagatik, betiere epidemiak edo gaixotasunak desagerrarazteko jarduketen barruan ematen badira. Letra honetan xedatutakoak ugalketarako animaliei baino ez die eragingo.

g) Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (FEAGA), Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik (LGENF), Europako Arrantza Funtsetik (EAF) edo horien ordezko xede bereko funtsetatik datozen laguntzak jasotzea.

Zenbaki honetan aipatzen den errenta kalkulatzeko kontuan hartuko dira bai jasotako laguntzen zenbatekoa eta bai ondarezko elementuetan gertatzen diren ondare galerak, halakorik bada. Aurreko c) letraren kasuan, ondare irabaziak ere konputatuko dira. Diru laguntza horien zenbatekoa aipatutako elementuetan izandako galerena baino txikiago denean, diferentzia negatiboa oinarri ezargarrian sartu ahal izango da. Galerarik ez badago, laguntzen zenbatekoa bakarrik salbuetsiko da zergatik.

Jasotzen diren laguntza publikoak ez badira zenbaki honetan aipatutakoak, eta haien helburua ondare elementuek sute, uholde, hondorapen edo bestelako arrazoi naturalengatik jasandako kalteak konpontzea bada, konponketa kostua gainditzen duten zatiagatik sartuko dira oinarri ezargarrian. Konponketa gastuak, laguntza horren zenbatekoraino, ez dira inoiz ere kengarriak izango eta ez dira hobekuntza gisa konputatuko.

Laguntza publikoak jasotzen badira zergadunaren ohiko etxebizitza edo jarduera ekonomikoaren lokala aldi baterako edo behin betiko utzi beharra konpentsatzeko, eta horiek jasotzeko arrazoiak aurreko berberak badira, laguntza horiek salbuetsita egongo dira.

19.- Mendiko finkak ustiatzen dituztenei emandako diru laguntzak, betiere finka horien kudeaketa Administrazio eskudunak onartutako planekin bat egiten bada -basoak kudeatu eta mendiak antolatzeko plan teknikoekin nahiz plan dasokratikoekin edo basotze planekin-, eta batez besteko ekoizpenaldia hogeita hamar urtekoa edo handiagoa bada.

20.- Epaimahaikidegaiek eta epaimahaikide titular eta ordezkoek beren eginkizunak betetzeko jasotako zenbatekoak.

21.- Zerbitzu publikoen funtzionamenduak pertsonengan eragindako kalte fisiko, psikiko edo moralengatik herri administrazioek emandako kalte-ordainak, baldin eta martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuak, herri administrazioen prozeduren erregelamendua erantzukizun patrimonialaren gaietan onartzekoak, jasotzen dituen prozeduren arabera ezarritakoak badira.

22.- Lurperatze edo ehorzketagatik jasotako prestazioak, izandako gastu guztien zenbatekoraino.

23.- Biziarteko errenta aseguratuak eratzean agerian jartzen diren errentak, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Legeak, Sozietateen gaineko Zergaren, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren legeak aldatzekoak, hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen dituen aurrezpen sistematikoko banakako planetatik badatoz. Foru arau honen hirugarren xedapen gehigarrian jasotako berezitasunak hartuko dira kontuan.

24.- Foru arau honek 37. artikuluaren 1. apartatuko a) eta b) letretan aipatzen dituen dibidenduak eta mozkin-partaidetzak, 1.500 euroko mugarekin urtean.

Salbuespen hau ez zaie aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeek banatutako dibidendu eta mozkin-partaidetzei eta etekinak ordaindu aurreko lehen bi hilabeteetan eskuratutako balore edo partaidetzetatik datozenei, baldin eta data horren ondoren, baina epe berberaren barruan, balore homogeneoak eskualdatu badira. Baloreak edo partaidetzak ez badira negoziagarriak definituta dauden bigarren mailako balore merkatu ofizialetan -Europako Parlamentuak eta bertako Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean emandako 2004/39/EE Zuzentarauan daude definituta, finantza tresnen merkatuari buruzkoan-, epea urtebetekoa izango da.

Era berean, salbuespen hau ez zaio aplikatuko kooperatibek ekarpenak direla-eta bazkideei ordaindutako interesari.

25.- Pertsona desgaituek errenta moduan jasotako prestazioetatik eratortzen diren lan etekinak, betiere foru arau honen 74. artikuluan aipatzen diren ekarpenei badagozkie. Lanbidearteko gutxieneko soldata hiru halako izango da muga.

26.- Senitartekoen zaintzarako eta laguntza pertsonalizaturako ematen diren prestazio ekonomiko publikoak, betiere autonomia pertsonala sustatzeko eta besteren beharra duten pertsonak zaintzeko legearen ondorio badira. Era berean, zergatik salbuetsita dago zaintzaile ez-profesionalak jasotako prestazioa.

27.- Arauzko eran ezartzen diren laguntza publikoak, lurralde mailako herri administrazioek emanak direnean.

28.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunak baimendutako behi esnearen erreferentziazko kopuruen transferentziak direla-eta agerian jartzen diren errenta positiboak.

29.- Amnistiaren urriaren 15eko 46/1977 Legeak jasotako kasuen ondorioz espetxeetako askatasun gabetzea konpentsatzeko estatuko edo autonomia erkidegoetako legerian jasota dauden kalte-ordainak. Baita ere gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortu eta handitzen dituen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legean aurreikusitakoak.

30.- Askatasun eta eskubide demokratikoen defentsan eta errebindikazioan heriotza eta ezgaitasuna eragin duten lesioengatiko kalte-ordainak, Memoria Historikoari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legean ezarritakoak.

31.- Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan —Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortu eta biktima horiei ordainak ematekoan— aurreikusita dauden konpentsazio ekonomikoak.
32.- Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikotik eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren azaroaren 29ko Agindutik —lehen aipatutako abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoko 27. artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena— eratorritako laguntzak. Era berean, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren xede bera duten lurraldeetako herri administrazioen laguntzak ere salbuetsita egongo dira.