Ohiko egoitza

Pertsona baten ohiko egoitza, bere eguneroko bizilekua da. Hala ere, araudiak jasotzen ditu hainbat erregela, ohiko egoitza zehaztea zaila gertatzen denerako.

Ohiko egoitza zehazteko erregelak

Pertsona fisiko baten ohiko helbidea zehazteko, elkarren segidako erregelak erabiltzen dira. Lehenik, lehenengo araua erabiliko da eta, arau horrekin ezin bada ohiko egoitza lurralde batean zehaztu, bigarrena erabiliko da eta horrela hurrenez hurren.

  • 1.erregela.- Urte erdia baino gehiagoz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea:

Gipuzkoan gainerako bi Lurralde Historikoetan baino egun gehiago egon bazinen, ulertuko da zure ohiko egoitza Gipuzkoan dagoela.

Lurralde jakin batean pertsona batek zenbat denbora eman duen zehazteko, aldi baterako kanpoan izandako denbora hartuko da kontuan.

Kontrakorik frogatu ezean, pertsona fisiko bat Gipuzkoan bizi dela ulertuko da bere ohiko etxebizitza bertan dagoenean.

  • 2. erregela.- Gipuzkoan izatea interes zentroa, oinarri ezargarriaren zatirik handiena EAEn lortzen denean:

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarriaren zati handiena EAEn lortzen baduzu, ohiko egoitza Gipuzkoan duzula joko da baldin eta gainerako bi Lurralde Historikoetariko bakoitzean baino errenta handiagoa lortzen baduzu lurralde historiko horretan.

Kalkulu horretan ez dira kontuan hartuko kapital higiezinetik etorritako etekin eta ondare irabaziak, eta egotzitako oinarri ezargarriak.

  • 3. erregela.- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) ondorioetarako, Gipuzkoa izan da azken egoitza:

Errenta aitorpenean aitortutako azken helbidea Gipuzkoan badago, ulertuko da ohiko egoitza Gipuzkoan dagoela.

Ohiko egoitza zehazteko beste erregela batzuk

Atzerriko egoitza (lurralde espainiarrean 6 hilabete baino gutxiago):

Urte osoan zehar lurralde espainiarrean 183 egun baino gutxiago eman arren, zure jarduera enpresarial edo profesionalen edota zure interes ekonomikoen gune nagusia EAE izan bada, zergen ondorioetarako hori hartuko da zure bizilekutzat.

Hori horrela, EAEren barruan, zergen ondorioetarako Gipuzkoa hartuko da zure bizilekutzat, baldin eta jarduera enpresarial edo profesionalen edota zure interes ekonomikoen gune nagusia lurralde historiko horretan badago.

Familiaren (senar-emazteak, sema-alabak,…) ustezko egoitza

Legez bananduta ez dagoen zure ezkontideak eta bien guraso agintean dauden adin txikiko zure seme-alabek Gipuzkoan dutela egoitza ulertuko da horiek zure mende egon eta zure egoitza Gipuzkoan dagoenean.  Uste horren kontrako froga aurkez daiteke.

Zerga gutxiago ordaintzeko helburua duten egoitza aldaketak:

Egoitza aldaketek ez dute indarrik izango, helburua zerga gutxiago ordaintzea denean.