Aitortzeko obligazioa eta hautazko likidazioa

Irakurri honako galderak eta zalantzak argituko dituzu.

Nork aurkeztu behar du aitorpena?

Oro har, Gipuzkoan bizi diren eta zergari lotuta dauden errentak (lanaren etekinak, jarduera ekonomikoen etekinak, kapital higigarri zein higiezinenak, ondare irabaziak, etab...) lortu dituzten pertsonak daude aitorpena aurkeztera behartuta.

Alabaina, zergadunak ez dira behartuta egongo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarik autolikidatzera, lortu dituzten errentak honako hauek bakarrik direnean:

  • Kapitalaren etekin gordinak, salbuetsitakoak barne, eta ondare irabaziak, batera hartuta urtean 1.600 eurotik gorakoak ez badira.
  • Lanaren etekin gordinak, urtean 14.000 euroko mugarekin banakako tributazioan, hurrengo gidoiaren 8. zenbakian aurreikusten diren kasuetako batean sartuta daudenean izan ezik.
  • 14.000 eurotik gorako eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, banakako tributazioan, jarraian aipatzen diren kasuetako batean sartuta daudenean izan ezik.
  1. Zergaldiaren barruan ordaintzaile batengandik baino gehiagorengandik lan etekinak jaso dituztenean edo, ordaintzaile beregandik jaso arren, honek atxikipena egiteko garaian etekinak metatu ez dituenean kontzeptu berdinen edo desberdinen ondorioz ordainduak izateagatik, eta, orobat, zergaldiaren barruan lan kontratu bat baino gehiago edo harreman laboral, administratibo edo antzeko bat baino gehiago izenpetu dutenean. Hala ere, lan etekinak ordaintzaile batetik baino gehiagotik jasotzen diren kasuetan, ez da autolikidazioa aurkeztu beharrik izango, baldin eta bigarren eta gainerako ordaintzaileetatik jasotako zenbatekoen batura, zenbatekoaren hurrenkerari jarraituta, ez bada urtean 2.000 eurotik gorakoa.
  2. Kontratu edo lan harreman batean aurreikusitako epea behin amaiturik, enplegu emaile berberarentzat lanean jarraitu dutenean edo zergaldiaren barruan berriro lanean hasi direnean, eta halaber, beren lan kontratua edo harreman laboral, administratibo edo beste edozein motatakoa luzatu dutenean.
  3. Epaileen aginduz, ezkontidearengandik edo izatezko bikote lagunarengandik pentsio konpentsagarriak jaso edo gurasoenak ez diren urteko mantenurako ordainketak eskuratu dituztenean.
  4. Lana dela-eta jasan dituzten atxikipenak edo konturako sarrerak foru entitateek onartu gabeko araudien arabera kalkulatu direnean edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundietan ordaindu ez direnean.
  5. Ordainsariak eguneko jasotzen dituztenean.
  6. Arrantzuntzietako langileen kasuan, jasotzen dituzten ordainsariak, osorik edo partez, harrapatutako arrantzaren balioaren parte bat denean.
  7. Emaitzen edo antzeko parametroen araberako ordainsari aldakorrak jasotzen dituztenean, betiere ordainsari horiek handiagoak badira atxikipen portzentajea edo konturako sarrera zergaren foru arauko 109. artikuluan jasotako moduan kalkulatzeko kontuan hartu direnak baino.
  8. Salbuespen, hobari, murriztapen, kenkari edo beste edozein zerga onuraz gozatzeko ezarrita dauden baldintza, epe edo zirkunstantzietako bat betetzen ez dutenean, baldin eta horrek berekin badakar Zerga Administrazioari zirkunstantzia horren berri ematea edo erregularizazio edo diru sarreraren bat egin behar izatea.

Hautazko likidazioa

Aurreko 1etik 7ra bitarteko egoeretako batean aurkitzeagatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztera behartuta dauden zergadunek zergaren xedapen orokorren arabera edo lan etekinak bakarrik kontuan hartuta aitortzea aukeratu dezakete, arau hauei jarraituz:

  • Lan etekinetarako ezarrita dauden atxikipen portzentajeen taulak mota honetako etekinen zenbateko osoaren gainean aplikatuko dira, baina zergaren foru arauko 9. artikuluan salbuesten diren etekinak kanpoan utzita. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira atxikipenari lotutako etekinen zenbatekoa zehazteko erregelak, eta zergaren sortzapen egunean indarrean dauden atxikipen taulak finkatu eta aplikatzekoak.
  • Aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatuta ateratzen den kopurutik, lan etekinei egindako atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa gutxituko da. Ateratzen den zenbatekoa Foru Aldundian sartu beharko da, eta bi zatitan ordaindu ahal izango da. Tributatzeko prozedura hau erabiliz gero, ez da inoiz itzulketarik egingo.
  • Gastu kengarriak, hobariak, murriztapenak, kenkariak, baterako tributazioaren erregelak edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian jasota dauden bestelako pizgarriak ez dira inoiz aplikatuko.