Aitorpenari erantsi beharreko agiriak

Autolikidazioa paperezko euskarriaren bidez aurkezten denean, Sozietateen gaineko Zergaren edo Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (establezimendu iraunkorrak) autolikidazioa aurkeztearekin batera, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako aldiei dagokiena (biak positiboak, negatiboak edo itzultzeko eskubidea dutenak), honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

  •  Zergadunaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakia adierazten duen agiriaren kopia.
  • Ordainketa edo itzulketaren kontabilitate agiriaren aleak (administrazioarena eta interesdunarena), halakorik bada.
  • Ondorengo apartatuan xedatutakoaren aplikazioagatik bidezkoa den dokumentazioa.

Autolikidazioa modalitate telematikoaren bidez aurkezten denean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da: 

  • Zergadunari aplikagarri gertatzen bazaio zerga oinarriari dagokionez merkataritza funts finantzariorako xedatuta dagoen murriztapena (2/2014 Foru Arauaren 24. artikulua), ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuak, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duenak, 9. artikuluan aipatutako informazioa aurkeztu beharko du.
  • Zergadunak errentak ez integratzea aplikatu badezake nazioarteko zergapetze bikoitzagatik (2/2014 Foru Arauaren 33., 34. eta 35.artikuluak), beste orri batean ondoko informazio hau adierazi beharko du eragiketa bakoitzeko:

- Entitatearen edo, establezimendu iraunkorraren IFZ, izena, eta bertan duen partaidetza portzentajea.

- Herrialdea.

- Eragiketaren zenbatekoa.

  • Baldin eta zergadunari aplikatzekoa bazaio entitate ez-egoiliarrek eta atzerrian kokatutako establezimendu iraunkorrek lortutako errenta positibo jakin batzuk zerga oinarrian sartzeko aukera (2/2014 Foru Arauaren 48. artikulua), honako hauek aurkeztu beharko ditu: batetik, lurralde espainiarrean egoitzarik ez duen entitatearen edota atzerrian kokatutako establezimendu iraunkorraren balantzea eta galera-irabazien kontua, eta, bestetik, zerga oinarrian sartu behar den errenta positiboari dagokionez ordaindutako zergen justifikazioa.
  • Aitortzen duen zergaduna bazkide bada ekonomia intereseko talde batean edo aldi baterako enpresa elkarte batean, edo bazkide izaerari dagozkion eskubide ekonomikoak baditu, entitateak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, guztira egotzi beharreko zenbatekoak eta entitateak egin duen banakako egozpena bertan adierazita.
  • Zergaren foru arauak 107. artikuluko 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatutako kasuetan, entitate eskuratzaileak hurrengo informazioa aurkeztu beharko du, eskurapen balioaren eta ondare garbiaren arteko diferentziaren zatia zerga oinarrian ez sartzeari buruz xedapen horretan ezarritakoa aplikatzen duen ekitaldietako autolikidazioarekin batera: 

          -  Entitate eskualdatzailearen identifikazioa, eta entitate horretan duen partaidetza portzentajea.
       - Entitate eskualdatzailearen partaidetzen eskurapen balioa eta data, bai eta partaidetza horiei dagokien funts propioen balioa ere, urteko kontu homogeneizatuetatik abiatuta zehaztuak.
     -  Entitate eskualdatzailearen ondasunak eta eskubideak egozteko garaian balorazio eta denbora homogeneizaziorako erabilitako irizpideen justifikazioa, haren partaidetzen eskurapen prezioaren eta partaidetza horiei entitatea desegiteko unean dagozkien funts propioek duten balioaren arteko diferentziari dagokiona.

  • Baldin eta, 2/2014 Foru Arauaren hogeita hamaikagarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, foru arau horren hamabosgarren xedapen gehigarriaren lehen eta bigarren apartatuetan aurreikusitako aukera aplikagarria bada, 2023ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazketa aintzat hartuta, jasotako gainerako laguntza edo dirulaguntza publikoen zerrenda aurkeztu beharko da.
  • 2/2014 Foru Arauaren 66 bis artikuluko lehen eta bigarren apartatuetan aurreikusitako kenkariak aplikatzen dituzten zergadunek gutxienez informazio hau eman beharko dute zergaren autolikidazioarekin batera:

        -    Egonez gero, obra edo ikuskizun bakoitzean parte hartu duten gainerako pertsona edo entitate ekoizle edo sustatzaileen identifikazioa, eta haien partaidetza.
        -    Obra edo ikuskizun bakoitzeko jasotako laguntza edo dirulaguntza publikoen zerrenda.
Aipatutako informazioaz gain, honako hauek ere aurkeztu beharko dira, kasu bakoitzean: kultura ziurtagiria eta kopia bat gordailutu izanaren frogagiria (biak ere Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko 37 bis artikuluan aurreikusiak) eta Erregelamendu horretako 37 quinquies artikuluan aipatzen den ziurtagiria.

  • Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi-asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, II. tituluan ezarritako zerga araubidea aplikatzea aukeratu duten entitateek, aipatutako foru arauaren 5. artikuluko 6. zenbakian adierazten den memoria aurkeztu beharko dute azaroaren 2ko 87/2004 Foru Dekretuko 3. artikuluan ezarritako eran. Dena den, entitateek zergaldian izan duten diru-sarrera bolumen osoa ez bada 30.000 eurotik gorakoa eta merkataritza sozietateetan parte hartzen ez badute, ez daude behartuta memoria ekonomikoa aurkeztera, nahiz eta horrek ez duen kentzen memoria hori egiteko obligazioa bete behar izatea.   
  • Itsas garraioko enpresen araubide berezia aplikatzen duten zergadunek, autolikidazioarekin batera, Gipuzkoako Lurralde Historikoko sozietateen gaineko zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 70.3 artikuluan aurreikusten den beharkizuna betetzeari buruzko frogagiria aurkeztu beharko dute (itsasontzi barruan segurtasunari, fidagarritasunari, ingurumen prestazioei eta lan baldintzei buruz nazioartean zein Europar Batasunean ezarrita dauden arauak betetzeko beharkizuna).
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014ko Foru Arauari jarraituz zerga baterakuntzaren araubide berezian tributatzen duten entitate ordezkariek honako hau ere aurkeztu beharko dute 220 ereduaren likidazioarekin batera: Gipuzkoako araudia aplikatzen ez duten edo Gipuzkoan banakako aitorpenik aurkeztu behar ez duten menpeko entitateen banakako autolikidazio guztien kopia informatiboa.

   Modalitate telematikoa "profesional" batek nahiz zergadunak erabiltzen duenean, apartatu honetan aipatzen den dokumentazioa telematikoki aurkeztu beharko da