- gipuzkoa
- Ogasuna
- Zergak
- Ereduak
- 714 Ondarearen gaineko zerga
- 714 eredua (2014)
- 714 Autolikidazioa kalkulatzea
714 Autolikidazioa kalkulatzea
Eskema
| Oinarri ezargarria | Ondasun eta eskubideak - Zorrak |
| Oinarri likidagarria | Oinarri ezargarria - murrizpena (700.000 euro) |
| Kuota osoa | Oinarri likidagarria x Tarifa |
| Kuota diferentziala | Kuota osoa - Kenkaria atzerrian ordaindutako zergengatik - Hobaria |
Nola kalkulatzen da oinarri ezargarria?
Oinarri ezargarria kalkulatzeko, zergadunak urte bukaeran dituen ondasun eta eskubide guztien balioari kitatzeke dauden zorren balioa kendu behar zaio. Balioak, zerga honen erregelen arabera kalkulatuko dira.
Nola kalkulatzen da oinarri likidagarria?
Obligazio pertsonalaren kasuan, oinarri likidagarria izango da oinarri ezargarrian minimo salbuetsiaren kontzeptuan 700.000 euroko murrizpen bat egitearen emaitza.
Obligazio errealaren kasuan, aldiz, oinarri likidagarria oinarri ezargarriarekin bat etorriko da. Dena den, aurreko apartatuan aipatutako minimo salbuetsia zerga ordaintzeko obligazio erreala duten zergadunei aplikatuko zaie, betiere beren aberastasun osoa, ondare elementuak zer lurraldetan dauden kontuan hartu gabe, 700.000 eurotik beherakoa dela frogatzen badute eta egoiliarrak ez badira indarrean dagoen araudian paradisu fiskaltzat hartuta dauden edo Espainiako Erresumarekin informazio trukerako akordiorik ez duten herrialdeetan.
Nola kalkulatzen da kuota osoa?
Kuota osoa kalkulatzeko, ondoko eskala aplikatu behar zaio oinarri likidagarriari:
| Oinarri likidagarria (euro arte) | Kuota osoa (euro) | Oinarri likidagarriaren gainerakoa (euro arte) | Tasa aplikagarria (%) |
| 0 | 0 | 500.000 | 0,25 |
| 500.000 | 1.250 | 1.000.000 | 0,50 |
| 1.500.000 | 6.250 | 1.500.000 | 0,75 |
| 3.000.000 | 17.500 | Hortik aurrera | 1,00 |
Nola kalkulatzen da kuota likidoa?
Kuota diferentziala = Kuota osoa – Kenkaria atzerrian ordaindutako zergengatik – Hobaria
Kuota likidoa inoiz ezin da negatiboa izan.
Obligazio errealagatik ateratzen den kuota likidoa inoiz ezin izango da handiagoa izan zergaduna bere aberastasun osoari dagokionez obligazio pertsonalarengatik zergari lotuta egongo balitz aterako litzatekeen kuota likidoa baino.
Kenkaria atzerrian ordaindutako zergengatik
Zergak ordaintzeko obligazio pertsonala dagoenean, zergaren kuotatik ondorengo bi zenbatekoen artean txikiena kenduko da, ondasunak lurralde espainiarretik kanpo egoteagatik edo eskubideak handik kanpo erabiltzeagatik:
Zergan konputatutako ondare elementuen gainean, atzerrian benetan ordaindu den zenbatekoa, karga pertsonal modura.
Atzerrian zergapetutako oinarri likidagarriaren zatiari Zergaren batez besteko tasa aplikatzetik ateratzen den emaitza:
Batez besteko tasa efektiboa = (Kuota osoa / oinarri likidagarria) x 100
Hobaria jarduera ekonomikoei elementuak atxikitzeagatik eta entitate jakin batzuetan akzioak eta partaidetzak edukitzeagatik
1. 100eko 75eko hobaria aplikatuko zaio ondorengo 2. eta 3. apartatuetan jasotako ondasun eta eskubideei dagokien kuota osoaren zatiari. Kuota osoaren zati hori kalkulatzeko, kuota osoa biderkatu behar da ondorengo 2. eta 3. apartatuetan jasotako ondasun eta eskubideen multzoari dagokion oinarri ezargarri positiboaren zatia oinarri ezargarriarekin zatituz ateratzen den zatidurarekin.
Ondasun eta eskubide horiei dagokien oinarri ezargarriaren zatia zehazteko, kontuan hartu behar dira ondasun eta eskubide horiek eskuratzean inbertitutako kapitalengatik zergadunari egoki behar zaizkion zor eta obligazio pertsonalak.
2. Hobaria izango dute beren jarduera ekonomikoari lotutako pertsona fisikoen ondasun eta eskubideek, betiere jarduera hori zergadunak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta errenta iturri nagusia bada.
Ondasun eta eskubide horien artean, bi ezkontideen edo izatezko bikoteko bi kideen titulartasuna dutenak sartuko dira.
Errenta iturri nagusia kalkulatzeko, ez dira konputatuko artikulu ondorengo 3. apartatuan aipatuta dauden entitateetan egiten diren zuzendaritza funtzioen ordainsariak, ez eta entitate horietan parte hartzeagatik ematen den ezein ordainsari ere.
3. Hobarituak izango dira, ondorengo baldintzak betez gero, merkatu antolatuetan kotizatutako zein kotizatu gabeko entitateetako akzio eta partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko usufruktu eskubidea:
a) Sozietate izaera izan edo ez, entitatearen jarduera nagusia ez izatea ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa.
b) Zergadunak entitatearen kapitalean duen partaidetza gutxienez 100eko 5ekoa izatea, banaka konputatuta, edo 100eko 20koa berearekin batera ezkontidearena, izatezko bikote lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren mailako zeharkako ahaideena konputatuta, izan ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotea, edo adopzioa.
c) Zergadunak entitatean zuzendaritza lanak egitea benetan, eta horregatik bere jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekin guztien 100eko 50etik gorako ordainsaria jasotzea.
Aurreko kalkulua egitean, jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekinen artean ez dira konputatuko artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako jarduera ekonomikoen etekinak.
Entitatean duen partaidetza aurreko b) letran aipaturiko pertsonetako batekin edo batzuekin batera duenean, zuzendaritza funtzioak eta hortik datozen ordainsariak ahaidetasun taldeko pertsona batek bederen izan behar ditu, hobarirako eskubidea denek izatea eragotzi gabe.
Hobari hau ez zaie inola ere aplikatuko partaidetzak inbertsio kolektiboko erakundeetakoak direnean.
Hobariak kalkulatzeko adibideak
1. adibidea
500.000 higiezinak
500.000 jarduera hobarituak
1.000.000 ondasun balorazioa
0 zorrak
1.000.000 oinarri ezargarria
700.000 murrizpena
300.000 oinarri likidagarria
750 kuota osoa
Hobaria
500.000/1.000.000 = 0,5 (zerga oinarriaren %50 elementu hobarituen balio garbia da).
Aplikatzen den hobaria elementu hobarituei dagokien kuota osoaren %75 da. Hobaria = 0,75 x 0,5 x 750 = 281,25 euro
2. adibidea
500.000 higiezinak
200.000 jarduera hobaritu gabeak
300.000 jarduera hobarituak
1.000.000 ondasun balorazioa
100.000 jarduera hobarituen zorrak
100.000 beste zorrak
800.000 oinarri ezargarria
700.000 murrizpena
100.000 oinarri likidagarria
250 kuota osoa
Hobaria
(300.000 – 100.000)/800.000 = 0,25 (zerga oinarriaren %25 elementu hobarituen balio garbia da).
Aplikatzen den hobaria elementu hobarituei dagokien kuota osoaren %75 da. Hobaria = 0,75 x 0,25 x 250 = 46,87 euro
3. adibidea
500.000 higiezinak
200.000 jarduera hobaritu gabeak
100.000 akzio hobarituak
300.000 jarduera hobarituak
1.100.000 ondasun balorazioa
100.000 jarduera hobarituen zorrak
100.000 beste zorrak
900.000 oinarri ezargarria
700.000 murrizpena
200.000 oinarri likidagarria
500 kuota osoa
Akzioengatik hobaria: 100.000/900.000 = 0,1111 (zerga oinarriaren %11,11 elementu hobarituen balio garbia da).
Aplikatzen den hobaria elementu hobarituei dagokien kuota osoaren %75 da. Hobaria = 0,75 x 0,1111 x 500 = 41,67 euro.
Jarduerengatik hobaria: 300.000 – 100.000/900.000 = 0,2222 (zerga oinarriaren %22,22 elementu hobarituen balio garbia da).
Aplikatzen den hobaria elementu hobarituei dagokien kuota osoaren %75 da. Hobaria = 0,75 x 0,2222 x 500 = 83,33 euro.
Kalkulua egiteko adibidea
Hobeto ulertzeko, begira ezazu kalkulua egiteko adibidea (PDF)