Ondasun eta eskubide salbuetsiak

Salbuetsi nagusiak:

  • Etxeko ostilamendua, halakotzat hartuta efektu pertsonalak zein etxekoak, etxeko tresneria, eta zergadunak erabilera partikularrerako dituen gainerako ondasun higigarriak, Ondarearen gaineko Zergaren foru arauen 20. eta 21. artikuluetan aipatzen diren ondasunak izan ezik.
  • Zergadunaren ohiko etxebizitza, urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 87.8 artikuluan definitutako eran, 300.000 euroraino gehienez.
  • Pertsona fisikoek beren jarduera ekonomikoa egiteko behar dituzten ondasun eta eskubideak, eta merkatu antolatuetan kotizatutako zein kotizatu gabeko entitateetako kapital edo ondare partaidetzen jabetza osoa, jabetza soila eta haien gaineko biziarteko gozamen eskubidea, Ondarearen gaineko Zergaren foru arauen 6. artikuluan jasotako beharkizunak betetzen direnean.
  • Tresna hauetako eskubide ekonomikoak:

    a) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen kasuan, bazkide osoen edo arrunten eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.
    b) Pentsio planen kasuan, partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko abenduaren 14ko 2016/2341/EB Zuzentarauan, enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan, aipatzen direnak barne.
    c) Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, aipatzen dituen aurreikuspen plan aseguratuei ordaindutako primengatik sortzen diren eduki ekonomikoko eskubideak.
    d) Urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, aipatzen dituen enpresen gizarte aurreikuspeneko planei zergadunak egindako ekarpenengatik sortzen diren eskubide ekonomikoak, hartzailearen kontribuzioak barne.
    e) Aseguru kolektiboko kontratuei zergadunak ordaindutako primengatik sortzen diren eskubide ekonomikoak, baldin eta kontratu horiek ez badira enpresen gizarte aurreikuspeneko planak, eta haien bidez enpresek pentsio gaietan hartutako konpromisoak bideratzen badira, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko lehen xedapen gehigarrian eta haren garapeneko araudian jasotako eran, bai eta enpresaburuek aseguru kolektiboko kontratu horiei ordaindutako primetatik datozen eskubide ekonomikoak ere.
    f) Mendetasuna estaltzen duten aseguru pribatuei (urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 70. artikuluaren 1. apartatuko 7. zenbakian aipatutakoei) ordaindutako primengatik sortzen diren eskubide ekonomikoak.

  • Jabetza intelektual edo industrialetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean dauden bitartean, eta jabetza industrialaren kasuan, jarduera ekonomikoei atxikita ez daudenean.

  • Euskal Kultur Ondareko ondasunak, baldin eta babes ertain edo bereziko kultura ondasunak badira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren arabera.
  • Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak, baldin eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean edo lege horretan aurreikusitako Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean inskribatuta badaude, eta, orobat, lege horren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoak, baldin eta, azken kasu horretan, Kultura Ministerioak Interes Kulturaleko Ondasuntzat kalifikatu baditu eta dagokien Erregistroan inskribaturik badaude.
  • Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak, tokian tokiko arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta inskribatu direnean.
  • Arte-gaiak eta zaharkinak, baldin eta haien balioa ez bada iristen Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 26.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako ezartzen diren zenbatekoetara.
  • Foru arau honen 21. artikuluan aipatzen diren arte-gaiak eta zaharkinak, baldin eta haien jabeek, gutxienez hiru urtez, gordailu iraunkor moduan laga badizkiete museoei edo irabazteko asmorik gabeko kultur erakundeei jendaurrean erakusteko, gordailupean dauden bitartean, eta, orobat, artisten lana bera, autorearen ondarean dagoen artean.
  • Atzerrian kokatuta dauden eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 56 bis artikuluan aipatutako langile lekualdatuen araubide berezia aukeratu duten zergadunen titulartasunekoak diren ondasun eta eskubideak.
  • Langileek beren entitate enplegu-emailetik jasotzen dituzten akzio edo partaidetzen gaineko aukerak, baldin eta horiek emateko unean entitate hori sorrera berriko entitate berritzaile bada Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutako moduan, eta artikulu horren 4. apartatuko baldintzak betetzen baditu.
  • Artelanak eta zaharkinak dituzten entitateen kapital edo ondareko partaidetzen gaineko jabetzaosoa, jabetza soila eta biziarteko gozamen eskubidea, baldin eta entitate horiek, gutxienez hiru urtez, gordailu iraunkor moduan lagatzen badizkiete museoei edo irabazi-asmorik gabeko kultur erakundeei jendaurrean erakusteko, gordailupean dauden bitartean. Apartatu honetan aurreikusitako salbuespena ondasun horien balioaren eta entitate partaidetuaren aktibo osoaren arteko proportzioari dagokion balio zatiari aplikatuko zaio.