Ondasun, eskubide eta zorren balorazioa

Ondasun higiezinak

Hiri edo landa ondasunak balio katastralaren arabera konputatuko dira.

Ondasun higiezinek ez badute balio katastralik zergaren sortzapen egunean, edo atzerrian kokatuta badaude, eskurapen balioaren arabera konputatuko dira. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 45. artikuluko 2. apartatuan jasotako koefizienteekin eguneratuko da eskurapen balioa.

Eraikitzen ari diren ondasun higiezinak

Ondasun higiezinak eraikitzen ari direnean, baliotzat hartuko da zergaren sortzapen egunera arte eraikuntza horretan benetan inbertitutako zenbatekoak gehi artikulu honetan ezarritakoaren arabera orubeari dagokion balioa. Jabetza horizontalaren kasuan, tituluan finkatutako portzentajearen arabera zehaztuko da zer zati proportzional duen higiezinak orubearen balioan.

Jabetza anitzeko kontratuen edo antzekoen indarrez eskuratutako ondasun higiezinen gaineko eskubideak

  • Ondasun higiezinaren titularitate partziala badakarte, ondasun higiezin arruntak bezala baloratuko dira.
  • Ondasun higiezinaren titularitate partzialik ez badakarte, egiaztagirien edo bestelako titulu ordezkagarrien eskurapen prezioaren arabera baloratuko dira.

Jarduera enpresarialak eta profesionalak

Pertsona fisikoek jarduera ekonomikoei atxikita dituzten ondasun eta eskubideak beren kontabilitatetik ondorioztatzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktiboaren eta pasiboaren arteko kenketa eginez, baldin eta kontabilitatea Merkataritza Kodean jasotakoarekin bat badator. Aldiz, ondasun higiezinak, ibilgailuak, urontziak eta aireontziak foru arau honek hurrenez hurren 12. eta 20. artikuluetan jasotakoaren arabera ateratzen den balioari erreparatuta konputatuko dira beti, salbu eta kontabilitate balioa handiagoa bada xedapen horiek aplikatuta ateratzen den balioa baino.

Kontabilitaterik ez dagoenean, edo kontabilitatea Merkataritza Kodearekin bat ez datorrenean, zerga honen gainerako arauak aplikatuz egingo da balorazioa.

Gordailuak ageriko edo eperako kontu korrontean edo aurrezki kontuan.

Kontu korronteetan edo ageriko nahiz eperako aurrezki-kontuetan egindako gordailuak hirugarrengoen konturakoak ez direnean, bai eta diruzaintzako kudeaketa kontuak, finantza kontuak eta antzekoak ere, zergaren sortzapen egunean agertzen duten saldoaren arabera konputatuko dira, salbu eta saldo hori urteko azken hiruhilekoan dagoen batez besteko saldoa baino txikiagoa denean, orduan azken saldo hori aplikatuko baita.

Aipatutako batez besteko saldoa kalkulatzeko garaian, zergadunaren ondarean ageri diren ondasun eta eskubideak eskuratzeko, ondareko beste kontu batzuetara eramateko edo zorrak kitatu edo murrizteko ateratako funtsak ez dira konputatuko.

Mailegu edo kreditu batek sortutako zor baten zenbatekoa lehen paragrafoan aipatutako kontuetako batean ordaindu bada urteko azken hiruhilekoan, ez da konputatuko batez besteko saldoa zehazteko, ez eta zor bezala kenduko ere.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

Hirugarrengoei kapital propioak laga izanaren balore adierazgarriak, merkatu antolatuetan negoziatuak, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira, haien izendapena, adierazpena eta lortutako etekinen izaera edozein dela ere.

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren gainerako baloreak

Kapital propioak hirugarrenei laga izanaren balore adierazgarriak, aurreko apartatuan aipatutakoak ez direnean, balio nominalaren arabera baloratuko dira, eta, hala badagokio, haren barruan amortizazio edo itzulketa primak sartuko dira, lortutako etekinen izendapena, adierazpena eta izaera edozein dela ere.

Edozein entitate motaren fondo propioetako partaidetzaren baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak

  • Merkatu antolatuetan negoziatutako edozein entitate juridikoren kapital sozialeko edo funts propio akzio eta partaidetzak, salbu inbertsio kolektiboko erakundeei dagozkienak, urte zergaren zortzapenaren unean duten negoziazio balioaren arabera konputatuko da.
  • Merkatu antolatuetan kotizatzen duten entitate juridikoek jaulki bai baina oraindik kotizazio ofizialerako onartu gabe dauden akzio edo partaidetza berriak harpidetu badira, akzio edo partaidetza horien baliotzat harpidetza aldiaren barruan titulu zaharrek izandako azken negoziazio-balioarena hartuko da.
  • Ordaintzeko dauden kapital zabalkuntzen kasuetan, akzio edo partaidetzen balorazioa aurreko arauei jarraikiz egingo da, erabat ordainduta baleude bezala, eta ordaintzeko dagoen zatia zergadunaren zor gisa sartuko da.

Edozein entitate motaren fondo propioetako partaidetzaren gainerako baloreak

Akzioak eta partaidetzak aurreko artikuluan aipatutakoak ez bezalakoak badira, onartutako azken balantzean akzio edo partaidetza horiei dagokien ondare garbiaren balioa kontuan hartuta baloratuko dira.

Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialari edo ondare funtsari dagozkion akzio eta partaidetzak zergaren sortzapen egunean duten likidazio balioaren arabera konputatuko dira; balantzean sartutako aktiboak erakunde horien berariazko legeriari jarraituz baloratuko dira, eta hirugarrengoekiko obligazioak kengarriak izango dira.

Bazkideek kooperatiben kapital sozialean duten partaidetzaren balioa zehazteko, kontuan hartuko da ordaindutako ekarpen sozialek –nahitaezkoek zein borondatezkoek– onartutako azken balantzean eratzen duten zenbateko osoa, eta egotzitako eta konpentsatu gabeko galera sozialak egonez gero, horiek kendu egingo dira.

 

Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak

Bizitza aseguruak, urte bakoitzeko abenduaren 31n duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Kapital bat dirutan edo ondasun higikor nahiz higiezinetan ematearen ondorioz eratzen diren aldi baterako edo biziarteko errentak urte bakoitzeko abenduaren 31n duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira. Horretarako, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan pentsioak eratzeko ezarrita dauden arau berberak aplikatuko dira.

Bitxiak, luxuzko larruak eta  ibilgailu, urontzi eta aireontziak.

Bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, 125 zentimetro kubikoko edo gehiagoko zilindrada duten bi edo hiru gurpileko ibilgailuak, aisiarako edo ur kirolerako urontziak, belaontziak, hegazkinak, hegazkin txikiak eta gainerako aireontziak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera konputatuko dira.
Merkatu balioa zehazteko, zergaren sortzapen egunean ibilgailu erabilientzat indarrean dauden balorazioa taulak, - balorazio 1 eta balorazio 2 - erabili ahal izango dituzte zergadunek, hain zuzen ere Foru Aldundiak ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarako eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergarako onartutakoak.

Arte gaiak eta zaharkinak.

Arte-gaiak eta zaharkinak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera konputatuko dira.

Eskubide errealak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira ondasunez gozatzeko eskubide errealak eta jabetza soila.

Administrazio emakidak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan emandako irizpideei jarraiki baloratuko dira.

Jabetza intelektual eta industrialetik etorritako eskubideak

Zergadunak eskubide horiek hirugarrenengandik eskuratu dituenean, eskurapen balioaren arabera konputatuko dira.

Kontratuzko aukerak

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritakoari jarraiki baloratuko dira.

Gainerako ondasun eta eskubide ekonomikoak

Aurreko apartatuetan jaso ez diren ondasun eta eskubideak, urte bakoitzeko abenduaren 31n merkatuan duten prezioaren arabera baloratuko dira.

Zorrak

Zorrak, urte bakoitzeko abenduaren 31n duten balio nominalaren arabera baloratuko dira. Behar bezala justifikatuta daudenean bakarrik izango dira kengarriak.

Zenbateko abalatuak ez dira kenkaridunak izango, harik eta, zordun nagusiaren aurkako eskubidea erabili ondoren, honek ordaindu ez eta abal emailea zorra ordaintzera behartuta egon arte. Betebehar solidarioaren kasuan, abalatutako zenbatekoak ezin izango dira kendu abalistaren aurka eskubidea egikaritu arte.

Ondasun bat erostean geroratzen den prezioa bermatzeko hipoteka ere ez da kenkariduna izango. Kenkaria egin ahal izango da, halere, prezio geroratuagatik edo zor bermatuagatik.

Ondasun edo eskubide salbuetsiak eskuratzeko xedez egindako zorrak ez dira inoiz ere kenkaridunak izango. Salbuespena partziala denean, zorren zati proportzionala izango da kengarria, hala badagokio.