Aitorpenari erantsi beharreko agiriak

Autolikidazioa paperean aurkezten denean, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietako Sozietateen gaineko Zergaren edo establezimendu iraunkorrei dagokien Zergadun Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa aurkezterakoan, izan hau positiboa, negatiboa edo itzultzekoa, honako dokumentazioa erantsi beharko da:

  •  Zergadunaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakia adierazten duen agiriaren kopia.
  • Ordainketa edo itzulketaren kontabilitate agiriaren aleak (administrazioarena eta interesdunarena), beharrezkoak direnean.
  • Hurrengo apartatuan xedatutakoaren aplikazioagatik bidezkoa den dokumentazioa.

Autolikidazioa modalitate telematikoan egiten denean, honako dokumentazioa aurkeztuko da:

  • Zergadunak errentak ez integratzea aplikatu badezake nazioarteko zergapetze bikoitza dela-eta (2/2014 Foru Arauaren 33., 34. eta35 artikuluak), beste orri batean ondoko informazio hau adierazi beharko du eragiketa bakoitzeko:

- Entitatearen edo, hala bada, establezimendu iraunkorraren IFZ, izena, eta entitatean duen partaidetza portzentajea.

- Herrialdea.

- Eragiketaren zenbatekoa.

  • Zergadunak zilegi badu zerga oinarrian sartzea entitate ez-egoiliarrek lortutako errenta positibo jakin batzuk (2/2014 Foru Arauaren 48. artikulua) lurralde espainiarrean egoitzarik ez duen entitatearen datuak aitortu beharko ditu (balantzea eta galera- irabazien kontua) eta, gainera, frogagiriak erantsi beharko ditu zerga oinarrian sartu behar den errenta positiboagatik ordaindu diren zergak justifikatzeko.
  •  aitortzen duen zergaduna bazkide bada ekonomia intereseko talde batean edo aldi baterako enpresa elkarte batean, edo bazkide izaerari dagozkion eskubide ekonomikoak baditu, entitateak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, guztira egotzi beharreko zenbatekoak eta entitateak egin duen banakako egozpena bertan adierazita.
  • Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, II. tituluan ezarritako zerga araubidea aplikatzea aukeratu duten entitateek, aipatutako foru arauaren 5. artikuluko 6. zenbakian adierazten den memoria aurkeztu beharko dute azaroaren 2ko 87/2004 Foru Dekretuko 3. artikuluan finkatutako eran. Dena den, entitateek zergaldian izan duten diru sarrera bolumen osoa ez bada 30.000 eurotik gorakoa eta merkataritza sozietateetan parte hartzen ez badute, ez daude behartuta memoria ekonomikoa aurkeztera, entitate horiek memoria ekonomiko hori egiteko duten obligazioa eragotzi gabe.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014ko Foru Arauari jarraituz zerga baterakuntzaren araubide berezian tributatzen duten entitate ordezkariek honako hau ere aurkeztu behar dute, 220 ereduari dagokion likidazioarekin batera: Gipuzkoako araudia aplikatzen ez duten edo Gipuzkoan banakako aitorpenik aurkeztu behar ez duten menpeko entitateen banakako autolikidazio guztien kopia informatiboa.

   Modalitate telematikoa "profesional" batek nahiz zergadunak erabiltzen duenean, apartatu honetan aipatzen den dokumentazioa telematikoki aurkeztu beharko da