Salbuespen kasuak

Garraiobideen behin betiko lehen matrikulazioa edo, hala badagokio, horiek Espainian zirkulatzea edo erabiltzea, Zenbait Garraiobideren Gaineko Zergatik salbuetsita egongo da honako garraiobideak direnean:

1. Taxi, autotaxi edo autoturismotzat jotzen diren automobilak.

2. Kontraprestazio bidez gidariak trebatzeko ez beste ezertarako erabiltzen diren ibilgailu automobilak.

3. Alokatzeko ez beste ezertarako erabiltzen diren ibilgailu automobilak.

4. Desgaitasuna duten pertsonen izenean beraiek bakarrik erabiltzeko matrikulatutako ibilgailu automobilak, baldintza hauek betetzen badira:

  • Gutxienez lau urte igarotzea antzeko baldintzetan beste ibilgailu bat matrikulatu zenetik. Dena den, ibilgailuen erabateko ezbeharra gertatzen denean, baldintza hori ez da exijituko behar bezala frogatzen bada.
  • Matrikulatu ondorengo lau urteko epearen barruan ibilgailua ez eskualdatzea.

5. Matrikula diplomatikoaren araubide pean matrikulazio berezia duten ibilgailuak, erregelamenduz ezarriko diren muga eta baldintzekin.

6. Beste Estatu kide batean matrikulatutako ibilgailu automobilak, beste Estatu kide batean finkatutako pertsonek edo erakundeek Espainian egoiliartutako pertsona fisiko baten eskura jarritakoak, betiere, baldintza hauek betetzen badira:

  • Eskura jartze hori pertsona fisiko egoiliarrarekin dagoen lan harremanaren ondorioz gertatzea, harreman hori soldatapekoa izan ala ez.
  • Ibilgailuaren xedea ez izatea zergaren aplikazio lurraldean nagusiki erabiltzea modu iraunkorrean.

7. Aisiarako eta ur kiroletarako urontzi eta itsasontziak, alokatzeko ez beste ezertarako erabiltzen direnean.

8. Aisiarako eta ur kiroletarako urontzi eta itsasontziak, titularrak Merkataritzako Nabigazioaren Zuzendaritza Nagusiak ofizialki aitortutako kirol eskola nautikoak badira eta ontziak nola gobernatu irakasteko ez beste ezertarako erabiltzen badira.

9. Duten konfigurazioagatik, arraun edo pala bidez soilik mugiaraz daitezkeen urontziak, bai eta kategoria olinpikoko belaontziak ere.

10. Estatuak, autonomia erkidegoek, lurralde historikoetako erakunde publikoek, toki korporazioek edo enpresa nahiz organismo publikoek matrikulatutako aireontziak.

11. Abiazio Zibileko Zuzendaritza Orokorrak ofizialki aitortutako eskolen titulartasuneko aireontziak, pilotuen irakaskuntza eta prestakuntza aeronautikorako edo horien birziklatze profesionalerako ez beste ezertarako erabiltzen direnean.

12. Aire nabigazioko enpresen titulartasuneko aireontziak, betiere haien erabilera ezin bada sailkatu aisiako abiazio pribatu gisa.

13. Aire nabigazioko enpresei bakarrik alokairuan lagatzeko matrikulatu diren aireontziak, betiere haien erabilera ezin bada sailkatu aisiako abiazio pribatu gisa.

14. Titularrak ohiko bizilekua atzerritik Gipuzkoako Lurralde Historikora aldatzeagatik matrikulatzen edo erabiltzen diren garraiobideak. Salbuespena aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

  • Gutxienez aldaketa egin aurreko hamabi hilabetez, jarraian, interesatuek ohiko egoitza lurralde espainiarretik kanpo izan behar dute.
  • Garraiobideek jatorrizko edo abiapuntuko herrialdean zerga baldintza normaletan erosiak edo inportatuak behar dute izan, eta herrialde hartatik ateratzeagatik sorrarazitako kuoten inolako salbuespenik edo itzulketarik izan gabe.
  • Interesatuak lehengo egoitza utzi aurreko sei hilabeteetan gutxienez, garraiobideak egoitza horretan erabiliak izan behar dute.
  • Matrikulazioa, Espainian erabiltzen hasi eta hirurogei eguneko epean eskatu beharko da.
  • Salbuespen hau aplikatzen zaien garraiobideak ezingo dira eskualdatu matrikulatu eta hurrengo hamabi hilabeteetan. Baldintza hau ez betetzeak zerga ordainaraztea ekarriko du berarekin, ez betetzea gertatu den eguna erreferentzia hartuta.