Bideko salmenten prozedura

Oro har, produktuak fabrikatik, gordailu fiskaletik edo biltegi fiskaletik bideko salmenten prozedura erabiliz atera ahal izango dira baldin eta tasa arrunteko edo murritzeko zerga sortarazi badute. Kudeaketa bulegoak bideko salmenten prozedura onar dezake aireontziak eta itsasontziak erregaiz eta karburantez hornitzeko direnean, salbuespena aplikatuta.

Hala ere, gasolioa ezin izango da biltegi fiskalera edo txikizkako saltzaileari (txikizka erosten duen merkataria) bidali, bideko salmenten prozedura erabiliz, baldin eta mota guztietako motorrentzako gai diren karburanteentzako aurreikusitako tasa murriztuko zerga sortarazi bada 20/1998 Foru Dekretuko 50. artikuluko 1 epigrafea (PDF).

Aurreko bi parrafoetan xedatutakoa aplikatu ahal izateko, honako baldintzak bete behar dira:

  1. Igorleak kontrol sistema bat ipini beharko du, establezimendutik irteten diren produktuen, erosle bakoitzari egiten zaizkion emateen eta establezimendura itzultzen diren produktuen berri zehatza izan dezan uneoro.
  2. Produktuak jatorriko establezimendutik irteten direnetik hasita berrogeita zortzi orduren barruan itzuli beharko dira, halakorik egitekotan.
  3. Produktuen joan-etorrian zirkulazio albarana erabiliko da; eta horretan garbi adieraziko da bideko salmenten prozedurari jarraituz banatzeko produktuak direla.
  4. Produktuak erosleari ematerakoan, igorleak eragiketa egiaztatzen duen emate orria egingo du, zirkulazio albaranari loturik. Erosleak sinatu egin behar du igorlearen esku geratuko den emate orriaren alea.
  5. Produktuen emateak egin ahala, zirkulazio albaranean adieraziko dira.
  6. Irteeran egindako zirkulazio albaranarekin justifikatuko da berriro fabrikan edo gordailu fiskalean sartutako produktuen data idazpen negatiboa; albaran horretan jasoko baitira egindako emateak eta emate orrien ale bikoiztuak.

Zerga hau tasa murriztua edo horniduraren salbuespena aplikatuz sortarazi duten produktuen kasuan, aurrean aipatutako baldintzez gain, igorleak aurreko hilabete naturalean zehar prozedura honen bidez egindako salmenten zerrenda aurkeztuko du kudeaketa bulegoan, kudeatzaile horrek adierazten dion prozedura erabiliz. Zerrenda horretan jasoko dira bere garaian egindako emate orri guztiak, orri horietan azalduko baita hartzailearen identitatea, jarduera eta establezimendu kodea (JEK), edota identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta emandako produktu kantitatea.