Aurkezteko epea:

2/2014 Foru Arauak 126.1 artikuluan dioenez, aitorpena 25 egun naturaleko epean aurkeztu behar da, zergaldia amaitu ondorengo sei hilabeteetatik aurrera.

6 hilabete horiek konputatzeko, zergaldiaren amaiera egunetik hurrengo 6 hilabeteak igaro arteko denbora hartu behar da kontuan. 39/2015 Legeak 30. artikuluan jasotakoaren arabera, epeak hilabeteka ezartzen badira eta epea amaitzen den hilabetean egun baliokiderik ez badago, ulertuko da epea hilaren azken egunean amaitzen dela.

1. Oro har, ekitaldia abenduaren 31n  ixten da:

Ekitaldia bat badator urte naturalarekin, 6 hilabeteko epea abenduaren 31tik hurrengo urteko seigarren hilaren 31ra arte luzatzen da. Hala ere, ekainak 30 egun baino ez dituenez, epea ekainaren azken egun horretan amaitzen da –30ean–. Hortik aurrera, aitorpena aurkezteko borondatezko epea uztailaren 1ean hasi eta hil horren 25ean amaitzen da, edo hurrengo egun baliodunean uztailaren 25a jaieguna dela egokituz gero.

2022ko ekitaldirako, autolikidazioa zergaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteak bukatu ondorengo 25 egun naturalen barruan aurkeztuko da. Hau da, 2023ko uztailaren 1tik 2023ko uztailaren 26ra arte luzatuko da eta diru-sarrera uztailaren 27an helbideratuko da.

2. Zergaldia urte naturalarekin bat ez datorrenean:

Zergaldia 30 egun dituen hil baten azken egunean amaitzen bada, apirilaren 30ean esate baterako, 6 hilabeteko epea handik aurrerako seigarren hilabetearen 30ean amaituko da, adibide horretan urriaren 30ean. Kasu honetan, aitorpena aurkezteko borondatezko epea urriaren 31tik azaroaren 24ra joango da, edo hurrengo egun baliodunera, azaroaren 24a jaieguna dela egokituz gero.

Zergaldia hilaren erdialdean amaitzen denean, martxoaren 16an esate baterako, 6 hilabeteko epea handik aurrerako seigarren hilabetearen egun berean amaitzen da, adibide horretan irailaren 16an. Hortaz, aitorpena aurkezteko borondatezko epea irailaren 17tik urriaren 11ra joango da, edo hurrengo egun baliodunera, urriaren 11 jaieguna dela egokituz gero.

Enpresentzako aurkezpen epeak ekitaldiak hil bakoitzaren azken egunean amaitzen direnean:

Zergaldiaren amaiera Sei hilabeteko epearen amaiera Sozietate zerga aurkezteko epea (1)
Otsailak 28 Abuztuak 28 08/29tik 09/22ra
Apirilak 30 Urriak 30 10/31tik 11/24ra
Ekainak 30 Abenduak 30 12/31tik 01/24ra
Irailak 30 Martxoak 30 03/31tik 04/24ra
Azaroak 30 Maiatzak 30 05/31tik 06/24ra

1. Epearen amaiera igande edo jaiegun batean gertatzen bada, hurrengo egun baliodunean amaituko da.

Epez kanpo al nago?

Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko epea amaituta ere, zergadunak bere borondatez epez kanpo aurkez dezake, baldin eta, behartuta egon arren, aitorpena bere garaian aurkeztu ez badu.

Horrela egin ezean, Foru Ogasunak zerga egoera erregularizatzera behartu dezake, zerga kuotaren gainean %150 arteko zigorra ezarriz.

Errekarguak, berandutza interesak eta zigorrak aitorpena epez kanpo aurkezteagatik

Zergadunak aurkezten duen autolikidazioa Foru Ogasunak aztertuko du, eta bere emaitzaren arabera, hau da, itzuli edo ordaintzea atera den, zerga zorraren beste osagai batzuk likidatuko ditu aurkezpenean izan duen atzerapenagatik.

Aitorpenaren emaitza ordaintzekoa edo positiboa bada bada:

Errekerimendurik gabe (Foru Ogasunak ez dizu aitorpena aurkezteko eskatu):

  • 6 hilabete arteko atzerapena: sartu beharreko kuotaren gaineko %5eko errekargua aplikatuko zaio.
  • 7. hilabetetik urtebete arteko atzerapena: %5eko errekargua gehi berandutza interesak aplikatuko zaizkio.
  • Urtebetetik gorako atzerapena: %10eko errekargua gehi berandutza interesak aplikatuko zaizkio.

Errekerimenduarekin (Foru Ogasunak aitorpena aurkezteko eskatu dizu):

  • Urraketa larriagatik zerga kuotaren gaineko %50eko isuna ezarriko zaizu (%30eko adostasuna emanez gero).

Aitorpenaren emaitza itzultzekoa edo negatiboa bada:

Errekerimendurik gabe (Foru Ogasunak ez dizu aitorpena aurkezteko eskatu)

  • 2004ko eta aurreko ekitaldietako aitorpenak: 90,15 euroko isuna.
  • 2005eko eta hurrengo ekitaldietako aitorpenak: 100 euroko isuna.

Errekerimenduarekin (Foru Ogasunak aitorpena aurkezteko eskatu dizu):

  • 2004ko eta aurreko ekitaldietako aitorpenak: 150,25 euroko isuna.
  • 2005eko eta ondorengo ekitaldietako aitorpenak: 200 euroko isuna.

Errekerimenduei kasu ez egiteagatik zigorrak:

Foru Ogasunak aitorpena epez kanpo aurkezteko eskatzen badizu eta errekerimenduari ez badiozu kasu egiten, Ogasunak atzerapena jakinaraziko dizu. Zenbat eta jakinarazpen gehiago jaso, handiagoa izango da zigorra.

  • 1. jakinarazpena: 300 euro
  • 2. jakinarazpena: 1.500 euro
  • 3. jakinarazpena: negozio zifraren %2raino, gutxienez 10.000 eurokoa eta gehienez 400.000 eurokoa.