Ikus-entzunezko ekoizpenak eta zuzeneko ikuskizunak Gipuzkoan

 

Gipuzkoak tradizio zinematografiko handia du, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia da horren erakusgarri, sektoreko erreferentziazko ikuskizuna.

Zinemaldiaz gain, gure Lurraldeak industria horren balio kateko beste aktore bereizgarri asko ere hartzen ditu barruan, hala nola Euskal Filmategia, tokiko ekoizleak, ikus-entzunezko sektorearekin lotutako prestakuntza zentro ospetsu eta unibertsitate graduak, nazioarteko aitortza jaso duten proiektu handiak gauzatu dituzten azpiegiturak eta estudioak, eta abar.

Zinemagintzan tradizio zabalaz gain, Gipuzkoako lurraldearen nortasunaren parte dira ere Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, eta tamaina, genero eta estilo guztietako antzerkiak edo kontzertuak.

Sektore kultural horren balio kate osoa sendotzen eta profesionalizatzen laguntzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa. Eta, horretarako, Gipuzkoak beharrezkoa du esparru horretan epe luzerako erreferentzialtasuna finkatzen jarraitzea, eremu horretan beren hazkunde pertsonal eta profesionala gure lurraldetik garatu nahi duten pertsonentzat.

Testuinguru horretan, 2019az geroztik, hainbat neurri eta pizgarri fiskal sartu dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sisteman; horien artean, honako hauek:
 

  • 1/2019 Foru Araua, otsailaren 11koa, sozietateen gaineko zergan kultura sustatzeko pizgarriak aldatzen dituena. Arau horren bidez, pizgarri fiskalen aplikazio eremua zabaltzen da film zinematografiko luzeen edo ikus-entzunezko lanen atzerriko produkzioetarako. Era berean, kenkariari muga kuantitatibo bat ezartzen zaio, eta esaten da kenkari hori ezingo dela izan 2,5 milioi eurotik gorakoa ekoizpen bakoitzeko; euskaraz filmatutako lanen kasuan, kenkaria handitzen da.
  • 1/2022 Foru Araua, martxoaren 10ekoa, 2022. urterako zenbait zerga aldaketa onesten dituena. Arau horren bidez, eta ikus-entzunezko industriaren jarduera sustatze aldera, handitzen dira bai kenkari aplikagarriaren portzentajea, bai gehieneko kenkariaren zenbatekoa, eta bai kenkariaren muga kuantitatiboa ere; azken hori 10 milioi eurotan finkatzen da ekoizpen bakoitzeko; gainera, aurreko erregulazioan haren aplikazioari dagokionez ezarritako zenbait muga murrizten dira.
  • 2/2024 Foru Araua, maiatzaren 10ekoa, kultura sustatzen jarraitzeko zerga pizgarriak eguneratzen eta zabaltzen dituena, zinematik haratago esparru berriak sartuz, hala nola zuzeneko ikuskizunak edo liburuen edizioa.

Azken arau aldaketa horren ondorioz, emandako laguntzen datuetan, 2024tik aurrera, bi ekoizpen mota ikusi ahal izango dira: alde batetik, ikus-entzunezkoak, eta, bestetik, zuzeneko ikuskizunetakoak, arte eszenikoetakoak zein musikaletakoak.

Emandako lagunzak Araudia