Nobedadeak 2019ko zerga-araudian

  

Sozietateen gaineko zergaren 2019ko kanpainako araudiaren berrikuntza nagusiak 1/2019 Foru Arauan, 3/2019 Foru Arauan, 57/2019 Foru Dekretuan, 1/2020 Foru Dekretu Arauan, 2/2020 Foru Dekretu Arauan eta 5/2020 Foru Dekretu Arauan jasota daude.

Gauden egoeran,  beharrezkotzat jo da guztiz ezohikoa den neurri bat hartzea, alegia, zergaren autolikidazioa aurkeztu eta, hala badagokio, ordaintzeko epea aldatzea.

 

Horrela, izaera orokorrez, autolikidazioa beti bezala aurkeztuko da, hau da, zergaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteak bukatu ondorengo 25 egun naturalen barruan, eta diru-sarreraren helbideratze data epe hori amaitu ondoren izango da.

 

Dena den, hurrengo entitateak direnean, epe berezi bat ezartzen da:

 

- Mikroenpresak, enpresa txi kiak eta enpresa ertainak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gainekoi Zergari buruzko 2/2024 Foru Arauaren (SZFA) 13. artikuluan aipatuak.

 

-Partzialki salbuetsitako entitateak, SZFAren 12.2 artikuluan arautuak.

 

-Irabazi asmorik gabeko entitateen araubide berezian tributatzen duten entitateak (irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak aurreikusitako araubidea).

 

-SZFAren 14ko ondare sozietateak.

 

Horrela, entitate horien zergaldia urte naturalarekin bat datorrenean, 2020ko irailaren 1etik 25era bitarteko epea ezartzen da autolikidazioa aurkezteko, eta diru-sarrera 2020ko irailaren 28an helbideratuko da.

 

Hala ere, nahi badute, autolikidazioa betiko epean aurkeztu ahal izango dute (uztailaren 1etik 27ra bitartean), baina, kasu horretan, diru-sarrera uztailaren 28an helbideratuko da.

 

Entitate horien zergaldia 2020ko urtarrilaren 1etik otsailaren 29ra bitartean amaitzen bada, biak barne, entitate horiek ere 2020ko irailaren 1etik 25era bitartean aurkeztu ahal izango dute autolikidazioa, eta, kasu horretan, diru-sarrera irailaren 28an helbideratuko da.

 

Guztiarekin ere, entitate horiek beti aurkeztu ahal izango dute autolidazioa 25 egun naturaleko ohiko epean, zergaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteak bukatzen direnetik Aurrera kontatuta, baina, kasu horretan, autolikidazioa aurkezteko epea behin bukatuta helbideratuko da diru-sarrera.

 

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua aldatzen duten xedapenak ondorengoak dira:

-1/2019 Foru Araua, otsailaren 11koa, Sozietateen gaineko Zergan kultura sustatzeko pizgarriak aldatzen dituena (2019-02-20ko Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALA).

 

-3/2019 Foru Araua, otsailaren 11koa, 2019. urterako zerga neurriak onartzen dituena. (2019-02-20ko Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALA).

 

Zergaren erregelamenduak, bere aldetik, xedapen honek aldatu du:

 

-57/2019 Foru Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaren bidez Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen baita kultura sustatzea helburu duten pizgarriak gara tzeko (2019-12-30eko Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALA).

 

Azkenik, Covid-19aren osasun krisialdiaren ondorioz, foru dekretu-arau hauek onetsi dira:

 

-1/2020 Foru Dekretu-Araua, martxoaren 24koa, Covid-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena (2020-03-25eko Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALA).

 

-2/2020 Foru Dekretu-Araua, maiatzaren 5ekoa, Covid-19aren osasun krisiaren ondorioz zerga arloko neurri osagarriak ezartzen dituena (2020-05-07ko Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALA).

 

-5/2020 Foru Dekretu-Araua, maiatzaren 26koa, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondoren ekonomia suspertzeko koiunturazko zerga neurriei buruzkoa (2020-05-27ko Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALA).

 

Dudarik gabe, zergaldi honetako neurri nagusia azken foru dekretu-arau horrek onetsi du, mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren mugak nabarmen handitu baititu.

 

Neurri hau zergaldian emaitza positiboak lortu dituzten eta, osasun krisiak eragindako egoera ekonomikoaren ondorioz, 2020tik aurrera zerga oinarri negatiboak lortzea espero duten entitateei zuzenduta dago.

 

Otsailaren 11ko 1/2019 Foru Arauak berrikuntza garrantzitsuak sartzen ditu kultura sustatzeko pizgarrien erregulazioan, ikus-entzunezkoen sektoreari dagokionez. Horrela, aipatzekoa da pizgarrien aplikazio eremua zabaltzen duela bai film luze zinematografikoen ekoizpenetara bai ikus-entzunezko obren atzerriko produkzioetara.

 

Espainiako produkzioetan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, hau nabarmendu daiteke:

 

  • 100eko 30eko kenkaria mantentzen da, baina, berritasun gisa, kenkari hori 100eko 40koa da euskaraz filmatutako obren kasuan.

 

  • Aplikazio eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da, eta haren aplikazioak lurraldearekin erlazionatuta dauden beharkizun jakin batzuk ditu, zehazki, hauek: kenkariaren oinarriaren gutxienez 100eko 50 lurralde horretan egindako gastuak izatea; gutxienez
  • 4 pertsonak osatzea euskal partaidetza tekniko edo artistikoa; eta lurralde horretan gutxienez 2 astez filmatzea obra.

 

  • Kenkariak muga kuantitatibo bat izango du beti, 2,5 milioi eurokoa, ekoizpen bakoitzeko.

 

Atzerriko produkzioetan inbertitzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez, hau nabarmendu daiteke:

 

  • 100eko 25eko kenkaria sortzen da Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuetarako. Dena den, bi beharkizun hauek bete beharko dira hura aplikatzeko: lurralde horretan egindako gastuak 500.000 eurokoak izatea gutxienez, eta atzerriko produkzioaren kostua 2 milioi eurokoa edo handiagoa izatea.

 

  • Kenkariak muga kuantitatibo bat izango du beti, 2,5 milioi eurokoa, ekoizpen bakoitzeko.

 

  • Orobat, arauketa ixteko, muga global bat ezartzen da zergadunek jaso ditzaketen laguntzetarako, oro har produkzio kostuaren 100eko 50ekoa izango dena. Badira, hala ere, erregela bereziak bai mugaz gaindiko produkzioetarako (100eko 60ko muga), bai ikus-entzunezko obra zailetarako (ez dute mugarik).

Bestalde, otsailaren 11ko 3/2019 Foru Arauak aldaketa hauek sartzen ditu zergaren erregulazioan:

 

  • Espainiako eta Europako interes ekonomikoko taldeen eta aldi baterako enpresa elkarteen ordainketa geroratuei dagokienez, zehaztu egiten da ez dela derrigorrezkoa izango ordainketa zatikatua egitea lurralde espainiarrean egoiliar diren bazkideei egozgarri zaien zerga oinarriaren zatiari dagokionez.

 

  • Bat-egite eragiketen, bereizketen, aktiboen ekarpenaren, balore trukearen, aktibo eta pasiboaren lagapen osoen eta europar sozietate baten edo europar sozietate kooperatibo baten egoitza soziala Europar Batasuneko estatu kide batetik beste batera aldatzearen araubide berezian, aldatu egiten da lurralde espainiarrean kokatuta dauden eta lurralde horretan jarritako establezimendu iraunkor bati atxikita dauden ondasun eta eskubideak edo establezimendu orokorrak beraiek Europar Batasuneko beste estatu kide batera aldatzeagatik lortutako onura fiskalaren kuotaren ordainketa aukeran geroratzeko erregela, eta bi erregelak parekatu egiten dira izaera orokorrez ezarritako erregelarekin; hori horrela, aurrerantzean aukeran izango da ordainketa zatikatzea hurrengo bost urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan. Era berean, aukeran izango da gerorapen araubide horretara biltzea, dena delako ondasun eta eskubideak edo establezimendu iraunkorrak Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batera aldatzen direnean.

 

  • Era berean, ordainketa zatikatuen erregulazioa aldatzen da arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsen araubide bereziak ukitzen dituen arrisku-kapitaleko entitateak obligazio horretatik kanpo uzteko.

 

Zergaren erregelamenduan sartu diren aldaketei dagokienez, abenduaren 27ko 57/2019 Foru Dekretuak otsailaren 11ko 1/2019 Foru Arauan xedatutakoa garatzea du helburu, eta, horretarako, arauan erregulatzen diren zenbait kontzeptu zehazten ditu, kultura sustatzeko pizgarrien aplikaziorako beharrezkoak diren txosten arrazoituak arautzeaz gainera, betiere ikus-entzunezkoen sektorearen esparruan.

 

 

2/2020 Foru Dekretu-Arauak izaera orokorrez luzatzen ditu zergaren araudiaren arabera 2020. urtean amaitzen diren epeak, eta beraz, behar den kasuetan, epe horiek zergadunei aplikatuko zaizkie 2019ko zergaldia urte naturalarekin bat ez datorrenean.

 

Film luze zinematografikoen eta ikus-entzunezko serieen produkzio espainiarretan inbertitze agatik araututako kenkariari dagokionez, urtebetez luzatzen da 2019an edo 2020an amaitzen diren lanak estreinatzeko gehieneko epea. Gainera, produkzioa 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean amaitzen den kasuetarako, epe berezi bat ezartzen da «zerga onura aplikatzeko txostena» eskatzeko.

 

Azkenik, 2019ko zergaldian sartutako berritasuna ez izan arren, duen garrantziagatik gogorarazten da ezen, maiatzaren 10eko 1/2018 Foru Arauak, zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituenak, 2018ko zergaldirako aurreikusitako aldi baterako neurrien indarraldia galdu ondoren, aplikatzekoak direla Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan karga tasari, gutxieneko tributazioari eta mikroenpresen zerga konpentsazioari buruz jasotzen diren artikuluak.

 

Zehazki, zerga tasei dagokienez, 100eko 24ko tasa aplikatzen da izaera orokorrez, eta 100eko 20koa mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan. Partzialki salbuetsitako entitateek eta zergaren foru arauko 56.3 artikuluan aipatzen diren gainerakoek 100eko 19 tributatzen dute. Eta hidrokarburo hobiak miatzen, ikertzen eta ustiatzen dituzten zein produktu horiek lurrazpian biltegiratzen dituzten entitateak 100eko 31ko tasarekin zergapetzen dira.

 

Gutxieneko tributazioari dagokionez, kuota efektiboa kalkulatzeko kuota likidoari aplikatzen zaizkion kenkariek –ikerketa eta garapen jarduerak eta berrikuntza teknologikokoak egiteagatik ezarritako kenkariak kanpoan utzita– ezin dute berekin ekarri kuota efektiboa zerga oinarriaren 100eko 17 baino txikiagoa izatea oro har. Dena den, kreditu entitateen kasuan, eta zerga baterakuntzako araubidean tributatzen dutenean, haiek partaide diren talde fiskalen kasuan, gutxieneko tributazioak 100eko 13 izaten jarraituko du.

Hona hemen zein diren gutxieneko tributazio portzentajeak berariazko izaeraz: enpresa txikiek eta mikroenpesek 100eko 15 tributatuko dute; 100eko 19an tributatzen duten entitateak 100eko 11,75 ordaintzera pasako dira; eta hidrokarburo hobiak ustiatzen eta lurrazpian biltegiratzen dituzten entitateei 100eko 20,25 aplikatuko zaie.

 

Gutxieneko tributazio portzentaje horiek bi puntu portzentual jaisten dira baldin eta entitateak behin betiko izaeraz mantendu edo handitzen badu, aurreko ekitaldiaren aldean, batez besteko langile kopurua.

 

Bukatzeko, ezartzen da ezen, beren tamainagatik sortzen zaizkien zailtasunen zerga konpentsazio gisa, mikroenpresek kengarritzat jo ahal izango dutela beren aurretiko zerga oinarri positiboaren 100eko 10.