Katastroa eta ondasun higiezinen gaineko zerga

Higiezin Landatar eta Hiritarren Katastroetan jasota daude landa nahiz hiri ondasun higiezinen datu eta deskripzio guztiak: azalerak, kokalekua, mugak, laboreak edo probetxamenduak, kalitateak, balioak eta lurralde jabetzaren gainerako inguruabar fisiko, ekonomiko eta juridikoak.

Higiezinen Katastroa egin eta eguneratuta edukitzea da Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuan Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzuaren Katastroko Atalaren helburua.

Higiezinen Katastroan sartu behar dira ondasun higiezin landatar eta hiritar guztiak, jabeak aitorpen hori egitera behartuak baitaude. Katastroko Atalak, inskripzio horietan ageri diren datuez baliatuz, balio katastral jakin bat ematen die hainbat zergaren ondorioetarako. Gainera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) Erroldak eratzen ditu urtero. Errolda horiek honako datuak jasotzen dituzte: subjektu pasiboaren (jabe, usufruktudun, emakida administratibo baten onuradun edota azalera eskubidearen onuradunaren) izen-abizenak, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbidea, higiezinaren kokalekua, erreferentzia katastrala, balio katastrala eta oinarri likidagarria.

Katastroan jasotako informazio hori behar-beharrezkoa da ondasun higiezin hiritar zein landatar guztien balio katastrala ateratzeko.

Oro har, higiezinekin lotutako zenbait zergaren oinarri ezargarria kalkulatzeko, ondasun horien balio erreala hartu behar da aintzat. Baina, zergadunek aitortutako ondasunen balioak Administrazioak egiazta ditzakeenez, balio katastrala da, halako koefiziente batzuez biderkatuta, higiezin horien balio orientagarritzat hartzen dena.