196 Mota guztietako finantza entitateetan irekitako kontuen hileko aitorpen informatiboa eta mota guztietako finantza entitateetan irekitako kontuetatik eratorritako kontraprestazioagatik lortutako errenten eta kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipen eta konturako sarreren urteko laburpena

 

Nork aurkeztu behar du?

Honako hauek daude 196 eredua aurkeztera behartuta:

Kreditu entitateak eta, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, banku edo kreditu trafikoan diharduten gainerakoak. Entitate horietan irekita dauden kontu guztiei buruz edo beraiek Espainiako lurraldean zein hortik kanpo kokatutako establezimenduetan hirugarrenen eskura jarritako kontu guztiei buruz informatu behar dute.

Ordainketa entitateak eta diru elektronikoko erakundeak. Kasu honetan, kudeatzen dituzten kontuei buruz eman behar dute informazioa.
Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan edo hirugarren herrialdeetan kokatuta dauden entitateek Espainiako lurraldean dituzten sukurtsalak. Sukurtsal horietan irekita dauden edo haiek hirugarrenen eskura jarritako kontu guztiei buruz informatu behar dute.

Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan edo hirugarren herrialdeetan kokatutako entitateak, Espainian zerbitzu prestazio librean jarduten badute araudi erregulatzailearekin bat. Espainiako lurraldean egoiliartutako pertsona edo entitateen alde eta Espainian egoiliartuta ez dauden pertsonek edo entitateek Espainiako lurraldean dituzten establezimendu iraunkorren alde irekitako kontuei buruz informatu behar dute.
 

Zer aitortzen da?

Eman beharreko informazioan mota guztietako kontuak sartu behar dira, banku kontuak zein bankukoak ez direnak, kontu korronteak, aurrezki kontuak, eperako ezarpenak, kreditu kontuak eta bestelako kontu guztiak, modalitatea eta izena edozein dutela ere, nahiz eta horietan ordainketarik, atxikipenik edo konturako sarrerarik egon ez.

Urtarriletik azarora bitarteko aitorpenetan informazio hau jaso behar da:

  • Kontuen identifikazio osoa.
  • Titularren identifikazio datuak, titular errealenak barne, bai eta ordezkarienak, baimenduenak, onuradunenak edo xedatzeko ahalmena duen beste edozein pertsonarenak ere.

Epealdiko aitorpen bakoitzean, entitatean irekita egon diren kontu guztiak sartu behar dira: bai epealdian irekitakoak, bai aurreko epealdietan irekiak izanik bere horretan jarraitzen dutenak, eta bai epealdian itxitakoak.

Abenduko aitorpenean informazio hau jaso behar da:

  • Kontuen identifikazio osoa.
  • Titularren identifikazio datuak, titular errealenak barne, bai eta ordezkarienak, baimenduenak, onuradunenak edo xedatzeko ahalmena duen beste edozein pertsonarenak ere.
  • Abenduaren 31ko saldoak, eta urteko azken hiruhilekoari dagokion batez besteko saldoa.
  • Ekitaldiko kargu eta ordainketen zenbateko osoak.
  • Aitortutako kontuen etekinak eta aplikatutako atxikipenak.
  • Aitortuak komunikazioetarako duen helbidea.
  • Egonez gero, abandonuaren presuntzioaren adierazlea.
     

Aurkezteko modalitateak

Bidalketa sistema

Bidalketa SOAP web zerbitzu bati deituta egingo da, protokolo seguru baten bidez.

Zerbitzuaren helbidea honako hau da:

Altak, aldaketak eta bajak: 

https://zergabidea.gipuzkoa.eus/WAS/HACI/HGFZergaBideaSOAPInformWEB/services/SuministroModelo196

SOAP eskaera protokolo seguru baten bitartez egingo da, ziurtagiri elektroniko bat erabilita:

  • Ziurtagiri horrek entitate homologatuek emana izan behar du.
  • Indarrean egon behar du beti, eta errebokatu gabe.
  • Ziurtagiriaren entitate titularrak hauetako bat izan behar du:
    • Aurkeztutako aitorpenaren titularra.
    • Aitorpenaren titularraren ordezkari bat, aitorpenak haren izenean aurkezteko baimenduta dagoena.

Bidalketaren formatua

Aitorpena bidaltzeko garaian, formatuak XML eskema eta hurrengo helbidetik deskarga daitekeen WSDLa bete behar ditu:

 https://zergabidea.gipuzkoa.eus/WAS/HACI/HGFZergaBideaSOAPInformWEB/services/SuministroModelo196?wsdl

XML eskemak betetzeaz gainera, informazioak hainbat arau izan behar ditu kontuan koherentziari begira. Aurkezpenari buruzko hurrengo gidan zehazten da zein beste baldintza hartu behar diren kontuan informazioa betetzeko garaian, aitorpena onartu dadin. Izan daitezkeen erantzun motak eta horiek interpretatzeko moduak ere azaltzen dira.

Aurkezpenaren helbideari eta deia autentifikatzeko mekanismoari dagokienez, ez da aplikatzekoa aurkezpenari buruzko eskuliburuan adierazitakoa, dokumentu honetan deskribatutakoa baizik.

Aurkezteko epea

196 eredua hilean behin aurkeztuko da, aitortzen den hilabetea amaitu eta hurrengo hilabete naturalean zehar.        

Araudia

516/2025 Foru Agindua, abenduaren 18koa, zeinaren bidez onesten baita 196 eredua.

17/2015 Foru Dekretua, ekainaren 16koa, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duena. (PDF)

137/2007 Foru Dekretua, abenduaren 18koa, zeinaren bidez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen baita eta Zerga Administrazioari informazioa emateko betebeharrak garatzen dituen 1999ko abenduaren 21eko 117/99 Foru Dekretua aldatzen baita. (PDF)

Lotutako zergak (ereduak)

109 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga

126 Finantza erakundeetan zabaldutako kontuetatik, aktibo finantzarioetan oinarritutakoak barne, eratorritako errentak eta kapital higikorraren etekinak. Atxikipenen eta konturako sarreren aitorpen-likidazioa

200 Sozietateen gaineko Zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga (establezimendu iraunkorrak)