PFEZ - Kenkaria jarduera ekonomikoetan izandako galerak konpentsatzeagatik (Carry Back)

 

Zer da?

Neurri hau jarduera enpresarial edo profesionalak egiten dituzten pertsona fisikoek aplika dezakete, baina 2019ko errenta aitorpenean bakarrik (2020an aurkezten den aitorpenean). Xedapen honetan jasotzen da: 11/2020 Foru Dekretu-Araua, COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoa (1. artikuluan).

 

Gaur egun, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregulazioak dio jarduera ekonomikoen emaitza negatiboak hurrengo 30 urteetako emaitza positiboekin baino ezin direla konpentsatu, hau da, emaitza negatibo horiek aurrerantz eramaten dira ("Carry forward"). Neurri honen bitartez aplikatu nahi den mekanismoaren helburua da 2019ko ekitaldian lortutako mozkinak etorkizuneko galerekin konpentsatzea; horri «carry back» esaten zaio, edo, beste era batera esanda, «atzerantz eramatea».

 

Jarduera ekonomikoengatik 2020ko ekitaldian izandako etekin negatiboak 2019an lortutako etekin positiboekin (mozkinekin) konpentsatzea ahalbidetzen du. Horrek diru itzulketa bat ekarriko du zergadunaren alde.

 

Aldi berean, 2020ko ekitaldian (2021ean aitortu beharrekoan), kenkaria aplikatzeko kontuan hartu den galera jarduera ekonomikoaren emaitzari gehitu beharko zaio, eta jarduera ekonomikoaren etekin handiago gisa integratu beharko da zergaren oinarri orokorrean.

 

 

 

Zer baldintza bete behar dira kenkari hau aplikatzeko?

Hona hemen bete beharreko baldintzak:

 

  • Jarduera enpresarial edo profesionalak egitea bai 2019an bai 2020an.
  • 2019an etekin positiboak ematea jarduerak.
  • 2020an etekin negatiboak ematea jarduerak.

 

ERNE: baldintza hau betetzeko, ez da nahikoa jardueraren diru-sarrerak edo emaitzak murriztea; beharrezkoa da jarduera ekonomikoak galerak izatea 2020an, hau da, gastuak sarrerak baino handiagoak izatea urte horretan, eta, beraz, etekin negatiboa lortzea.

 

  • 2020ko uztailean CBK eredu bat aurkeztu bazen, orain beste CBK eredu bat ere aurkez daiteke, baldin eta 2020an lortutako galera errealak handiagoak badira lehenengo CBK eredua aurkeztu zenean zenbatetsitakoak baino.

 

 

Zer aurkeztu behar dut kenkari hau aplikatzeko?

Kenkari hau aplikatzeko, propio diseinatu den eredua erabili behar da (Carry Back – CBK)  izenekoa, ondoren zehazten den eran:

 

  • CBK eredua aurkeztu aurretik, 2019ko errenta aitorpena eduki behar da aurkeztuta (109 eredua). Bestela, ezingo da CBK eredurik aurkeztu.

 

  • CBK ereduan, lauki hau baino ez da bete behar da: «jardueraren etekin negatiboak 2020an». Gainerako eremu guztiak automatikoki beteko dira (datuak PFEZaren aitorpenetik hartuko dira). Era horretan, programak automatikoki kalkulatuko da zer kenkari aplikatu daitekeen 2019an eta zer errenta integratu behar diren 2020an.

 

  • Telematikoki baino ezin da aurkeztu, Zergabidea  plataformaren bidez. Horretarako, autentifikatzea eskatuko da (B@KQ, sinadura elektronikoa edo pasahitz operatiboa erabilita).

 

  • CBK eredua aurkezteko epea: 2021eko urtarrilaren 1etik otsailaren 15era. Epea bukatuta, kenkaria eskatzeko eskubidea galduko da.

 

  • PFEZaren autolikidazioa batera aurkeztu bada eta bi ezkontideek edo izatezko bikote lagunek jarduera ekonomikoak egiten badituzte, eredu berean bi lauki bete daitezke, ezkontideak edo izatezko bikote lagunak jarduera ekonomikoan izan duen galera bertan adieraziz.

 

  • PFEZaren autolikidazioa 2019an aurkeztu bada batera, ezkontide edo izatezko bikote lagun bakoitzak bere jarduerari dagokionez egin behar du 2020ko errebertsioa, 2020an banaka tributatu zein batera tributatu.

 

  • CBK ereduaren aurkezpenetik ondorioztatzen den emaitza 2021eko otsailean itzuliko da. 2020ko uztailean CBK eredu bat aurkeztu bada, konpentsatutako zenbatekoa egin beharreko itzulketatik deskontatuko da.

 

Nola funtzionatzen du kenkari honek?

"Carry back" sistema honen aplikazioa ahalik eta errazena izan dadin hura aplikatzea erabakitzen dutenentzat, kuota likidoaren kenkari kasu bat diseinatu da.

 

Horretarako, ondoren aipatzen diren urratsei jarraitu behar zaie (kontuan izan CBK ereduak automatikoki egingo duela hau dena, eta zuk lehenengo urratsa baino ez duzula egin behar. Gainerako guztia berehala kalkulatuko du aplikazioak):

 

  • Jarduera ekonomikoaren 2020ko galera adierazi.
  • Gehieneko galera 2019ko zerga oinarrian integratzen diren jarduera ekonomiko guztien emaitza positiboa izango da. Zenbatetsitako galera 2019ko PFEZean aplikatutako batez besteko karga tasarekin biderkatzen da.
  • Ondare irabaziren bat doitu beharra badago, lortutako kuota zuzendu egiten da jarduera ekonomikoari atxikitako elementuen salmentatik izan diren ondare irabazien doikuntzarekin.
  • Horrela, kenkariaren zenbatekoa lortzen da, eta zenbateko hori ezin da izan 2019ko errenta aitorpenak emandako kuota likido positiboa baino handiagoa.
  • 2020ko PFEZaren autolikidazioan integratu behar den zenbatekoa kalkulatzen da, hau da, benetan aplikatutako kenkaria zati 2019ko PFEZaren batez besteko karga tasa.

 

Adibideak

 

1. adibidea (2019ko kuota likidoan muga aplikatu gabe)

 

Virginia Otxandorena turismo gidaria da, eta mundu osoko bidaiariei eskaintzen dizkie bere zerbitzuak (taldeak, familiak, enpresak, ….), Euskal Herriko kultura, historia, gastronomia eta tradizioak gertuagotik ezagutu ditzaten. Autonomo gisa dago alta emanda, eta Donostiako bulegotik ematen ditu zerbitzuak. 2019an, urte ona Euskadin turismorako, 55.000 euroko etekinak izan zituen bere jardueran. 12.000 euroko ordainketa zatikatuak egin zituen, eta 2019ko errenta aitorpenean 15.100 euroko kuota likidoa izan zuen. 2019ko errenta aitorpenean %30eko batez besteko karga tasa aplikatu zaio, eta aitorpenean 3.100 euro ordaintzea atera zaio.

 

2020ko martxoaren hasieratik, Virginiak ezin izan du lanik egin, turismoaren sektorea erabat geldituta dagoelako. Gainetik kendu ezin izango dituen gastuak kontuan hartuta (aseguruak, bulegoaren alokairua, hornidurak, etab.), kalkulatu du 2020an 10.000 euroko galerak izango dituela.

 

2020ko galerak 2019an konpentsatzeko, Virginiak CBK eredua aurkeztu nahi du.

 

Jarduera ekonomikoen etekina 2019an

1

55.000

Batez besteko karga tasa 2019ko errentan

2

% 30

2019ko kuota likidoa

3

15.100

Ordainketa zatikatuak + atxikipenak 2019an

4

12.000

2019ko PFEZaren emaitza

5

3.100 ordaindu beharra

Jarduera ekonomikoak 2020an izandako galera

6

10.000

Carry Back kenkaria 2019ko errentan (2) x ( 6 )

7

3.000

2021eko otsailean kobratuko den itzulketa

8

3.000

 

Jarduera ekonomikoaren etekin positiboa, 2020an integratzekoa (7)/(2)

9

10.000

 

2021eko otsailean 3.000 euro kobratuko ditu carry back konpentsazioagatik, eta 2021eko apiriletik aurrera 2020. urteagatik aurkeztu behar duen errenta aitorpenean 10.000 € gehitu beharko dizkio jarduera ekonomikoen emaitzari, zeina, printzipioz, - 10.000 eurokoa izango baita. Gehitu behar duen zenbateko hori galerak carry back sistemaren bidez egindako konpentsazioari dagokio.  Era horretan, jardueraren emaitza garbia zero izango da.

 

2. adibidea (2019ko kuota likidoan muga aplikatuta)

 

Itziar Otaño Elgoibarko zapata denda baten jabea da, eta 2019an 14.400 euroko etekinak lortu ditu bere jarduera enpresarialean. Haren errenta aitorpeneko batez besteko karga tasa % 23 da, eta atxikipenak eta ordainketa zatikatuak 700 euro dira. Kuota likidoa 1.880 € euro da, eta 2019ko errenta aitorpenak 1.180 euro ordaindu beharra eman du.

 

Itziarrek denda itxi behar izan du COVID-19aren ondorioz, eta, nahiz eta jarduera berriro ireki ahal izan duen, ohiko negoziotik urruti dago oso.

 

2020an, Itziarren jarduerak 14.400 euroko etekin negatiboa izan du.

 

Jarduera ekonomikoen etekina 2019an

1

14.400

Batez besteko karga tasa 2019ko errentan

2

% 23

2019ko kuota likidoa

3

1.880

Ordainketa zatikatuak + atxikipenak 2019an

4

700

2019ko PFEZaren emaitza

 

1.180 ordaindu beharra

Jarduera ekonomikoak 2020an izandako galera

5

14.400

Carry back kenkaria 2019ko errentan (2) x (5)

6

3.312

Carry back kenkariaren muga = 2019ko kuota likidoa

7

1.880

2021eko otsailean kobratuko den itzulketa

8

1.880

 

Jarduera ekonomikoaren etekin positiboa, 2020ko PFEZan integratzekoa (7)/(2)

9

8.174

 

2020ko galerak eta 2019ko batez besteko karga tasa aintzat hartuta, 3.312 euroko kenkaria eskatuko litzateke, baina 2019ko errenta aitorpenaren kuota likido positiboak dakarren kenkari muga aplikatzea dagokio (1.880 €).

 

2021eko otsailean 1.880 euro kobratuko ditu carry back konpentsazioagatik, eta 2021eko apiriletik aurrera 2020. urteagatik aurkeztu behar duen errenta aitorpenean 8.174 € gehitu beharko dizkio jarduera ekonomikoen emaitzari, zeina, printzipioz, - 14.400 eurokoa izango baita. Gehitu behar duen zenbateko hori galerak carry back sistemaren bidez egindako konpentsazioari dagokio. Era horretan, jardueraren emaitza garbia -6.226 eurokoa izango litzateke, ez litzateke sartuko 2020ko zerga oinarrian, eta geroko ekitaldietan konpentsatzeko geratuko litzateke.

 

3. adibidea (CBK eredua uztailean aurkeztu da)

 

Andrea Bilbaok «Hotel eta moteletako ostatu zerbitzuak» izeneko jarduera egiten du.  2019ko errenta aitorpenean jarduera ekonomikoen etekin positibo bat aitortu zuen, eta, horren ondorioz, autolikidazioak 36.600 euro ordaindu beharra ekarri zuen.

Turismo sektorearen egoera ikusita, eta galera ekonomiko handiak izango zituelakoan, 2020ko uztailean CBK eredua aurkeztu zuen, eta 70.000 euro inguruko galerak islatu zituen bertan.

Jarduera ekonomikoen etekina 2019an

1

160.000

Batez besteko karga tasa 2019ko errentan

2

% 38,00

2019ko kuota likidoa

3

60.800  €

Ordainketa zatikatuak + atxikipenak 2019an

4

24.200

2019ko PFEZaren emaitza

 

36.600 ordaindu beharra

Jarduera ekonomikoan 2020rako zenbatetsitako galera

5

70.000

Carry Back kenkaria 2019ko errentan (2) x (5)

6

26.600

Carry back kenkariaren muga = 2019ko kuota likidoa

7

60.800  €

2019ko errenta aitorpenaren emaitza berria (3) – (4) – (7)

8

10.000 ordaindu beharra

 

Jarduera ekonomikoaren etekin positiboa, 2020an integratzekoa (7)/(2)

9

70.000

 

 

CBK eredua 2020ko uztailean aurkeztean, 26.600 euro konpentsatzea lortu zuen. Horren ondorioz, 36.600 euro ordaindu beharrean 10.000 euro ordaindu zituen azkenean.

2020ko ekitaldia amaituta, Andreak ikusi du bere jarduera ekonomikoak izan dituen galerak uztailean aurreikusitako 70.000 eurotik gorakoak direla; beraz, erabaki du 2021eko urtarrilean beste CBK eredu bat aurkeztea, bertan 100.000 euroko galerak aitortuta.

Jarduera ekonomikoen etekina 2019an

1

160.000

Batez besteko karga tasa 2019ko errentan

2

% 38,00

2019ko kuota likidoa

3

60.800  €

Ordainketa zatikatuak + atxikipenak 2019an

4

24.200

2019ko PFEZaren emaitza

 

36.600 ordaindu beharra

Jarduera ekonomikoan 2020rako zenbatetsitako galera

5

100.000

Carry Back kenkaria 2019ko errentan (2) x (5)

6

38.000

Uztaileko carry back kenkariarekin konpentsatutako zenbatekoa

7

26.600

CBKren kenkari berria (6)-(7)

8

11.400

2021eko otsailean kobratuko den itzulketa

9

11.400

 

Jarduera ekonomikoaren etekin positiboa, 2020ko PFEZan integratzekoa (7)/(2)

10

100.000

 

Galerak konpentsatzeko aplikatzen den kenkaria 38.000 eurokoa da. 2020ko uztailean 26.000 euro konpentsatu zituen. Orain, 2021eko otsailean, 11.400 euro jasoko ditu bueltan.

2021eko apiriletik aurrera 2020. urteagatik aurkeztu behar duen errenta aitorpenean 100.000 € gehitu beharko dizkio jarduera ekonomikoen emaitzari, zeina, printzipioz, - 100.000 eurokoa izango baita. Gehitu behar duen zenbateko hori galerak carry back sistemaren bidez egindako konpentsazioari dagokio. Era horretan, jardueraren emaitza garbia zero izango da.

 

Araudia

  • 11/2020 Foru Dekretu-Araua, abenduaren 1ekoa, Covid-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloko presako neurriei buruzkoa. 
  • 487/2020, Foru Aginduaabendua ren 14koa, «jarduera ekonomikoetan izandako galerak konpentsatzeko kenkaria» pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eskatzeko CBK eredua onetsi eta hura aurkezteko era eta epea ezartzen dituena.