2019an Gipuzkoako enpresen salmentetan esportazioek duten pisua %35,2 izan da

2019. urteko “Gipuzkoako enpresen salmentak eta kanpo merkataritza” txostenaren arabera Gipuzkoako enpresen salmenta osoek %2,8ko hazkundearekin itxi zuten 2019. urtea. Horrela izan da, bai barruko salmenten bultzadaren eraginez (+%2,5), eta baita, esportazioen hazkundeagatik ere (+%3,4). Barruko eta kanpoko merkatura egindako salmenten bariazioan egon den aldearen ondorioz, beraien arteko banaketa aldatu egin da. Horrela, esportazioen pisua salmenta osoen gainean handitu egin da 2018an zuen %35,0etik 2019ko %35,2ra (+0,2 puntu); eta, aldiz, epealdi berean barruko salmenten pisua %65,0etik %64,8ra jaitsi da (-0,2 puntu).

Horrela, Gipuzkoako ekonomiak oso irekia izaten jarraitzen du: saltzen den 100 euroko 35,2 euro kanpoko merkatuetara bideratzen da. Gipuzkoako esportazioen 3 helbide nagusiak, handienetik txikienera ordenatuta, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania; guztira, esportazioen osoen ia %40a metatzen dute.

Sektoreen araberako sailkapenean, industriaren garrantzia nabarmendu behar da: salmenta osoen %54,7a suposatu du. Nahiz eta azterketa xehatuago batean merkataritza azpisektorea izan pisu handiena duena. Esportazioen kasuan, industria adarrak dira nagusi; eta azpisektore batzuetan salmenta osoen erdia baino gehiago zuzentzen da kanpo merkatuetara. Esaterako, garraio-materialetan %79,2 eta makineria %59,2.

Enpresen tamainaren arabera, Gipuzkoan enpresa txiki eta ertainek (250 langile baino gutxiago dituztenak) garrantzi handia dute: salmenta osoen %63,9 beraiek egiten baitituzte. Hala ere, esportazioei dagokionez enpresa handiek profil esportatzaile argiagoa dute.

Eskualdeen arabera, Goierrik izan du pisu erlatiborik handiena: salmenta osoen %18,7 hartu baitu. Ondoren Donostia dator (%17,4) eta hirugarren lekuan Debagoiena kokatzen da (%13,6). Esportazioei dagokienez, Goierriko enpresak dira kanpo merkatuetara gehien saltzen dutenak: salmenta osoen %58,7. Debagoienan portzentaje hori %47,9koa da.

Informazio gehiago: Gipuzkoako enpresen salmentak eta kanpo merkataritza – Urteko txostena 2019 (pdf)