Barne-kontrola: txostenak egiteko laguntza-tresna

Gipuzkoako toki-erakundeetako organo kontu-hartzaileen eskura jarri da txostenak egiteko laguntza-tresna bat eta bere euskarria.

Laguntza-tresna honako hauek egiteko da:

  • Gastuen aurretiazko fiskalizazio eta kontu-hartze txostenak, oinarrizko betekizunen araubidean.
  • Ordainketei buruzko kontu-hartze txostenak.
  • Justifikatu beharreko ordainketa-aginduen eta kutxa finkoko aurrerakinen aurretiazko fiskalizazioari buruzko txostenak, bai eta bi eragiketa mota horiek zuritzeko kontu frogagarrien kontu-hartze txostenak ere.
  • Kontu-hartzailetzako eginkizuna ez betetzeari buruzko txostenak.
  • Herri Kontuen Euskal Epaitegiari zuzendutako urteko laburpen txostena.

Lan tresna honen euskarria kalkulu orri bat da, hainbat makro eta formularekin definitutakoa. Bere erabilpenerako gida bat prestatu da. Bi fitxategiak, kalkulu orria eta gida, Udalgida webgunetik deskarga daitezke:

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/udalgida/udal-aholkularitza/barne-kontrola

Laburbilduz, honakoa da funtzionamendua:

  1. Kontu hartzaileak fiskalizatutako edo esku hartutako jarduketari buruzko datuak sartu behar ditu, bai eta txostenean jaso nahi dituen ondorioak ere.
  2. Sistemak informazio hori hartzen du, aurrez definitutako bi txostenen txantiloiekin konbinatzen du (kasuan kasu, fiskalizazio-txostenarena edota fiskalizazio omisio txostenarena), eta dagoeneko konfiguratuta dagoen txosten-proposamen bat eskaintzen dio erabiltzaileari.
  3. Erabiltzaileak, fiskalizazio omisio kasuetan, txostenaren edukia osatu egin beharko du. Gainera, kontuan izanda nahiz fiskalizazio edota omisio kasua izan, aplikazioak beti txostenaz gain eranskina ere erabiltzailearen eskura jartzen duela, biak batu beharko ditu. Eranskinean, fiskalizazioan edo esku-hartzean egiaztatutako betekizunak jasotzen dira.
  4. Eragozpena duen fiskalizazio-txosten bat edota fiskalizazio omisio txostena luzatu direnean, informazio berria eman beharko zaio aplikazioari, kasuan kasukoa: desadostasun-prozedura aktibatu den ala ez, desadostasuna edota omisioa ebaztea zein organori dagokion, ebazpenaren edo erabakiaren erreferentzia, eta horren zentzua (eragozpenaren aurkakoa den ala ez). Informazio gehigarri horrekin, aplikazioak datuak iragazi ahal izango ditu eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari zuzendutako laburpen-txostenaren proposamen bat prestatu. Proposamen hori diru-sarreren arloan hautemandako anomalia nagusien laburpenarekin osatu beharko du kontu hartzaileak.

Amaitzeko, nabarmendu behar da tresna horrek esku hartzeko txostenen erregistro zentralizatuaren funtzionaltasuna ere beteko duela, txostenak sortzeko bitarteko nagusi gisa erabiltzen duten organo kontu-hartzaileentzat.