Oinarri ezargarriaren murrizpen kasuak

Zenbait Garraiobideren gaineko Zergaren oinarri ezargarriak honako murrizpenak izango ditu:

1. %50eko murrizketa baldin eta ibilgailu automobilen edukiera homologatua gutxienez bost plazakoa eta gehienez bederatzikoa bada, gidariarena barruan hartuta bietan ere, eta indarrean dagoen araudiaren arabera familia ugaritzat jotzen direnek bakarrik erabiltzeko direnean. Murrizpen horretarako, honako baldintzak bete behar dira:

  • Ibilgailuaren lehendabiziko behin betiko matrikulazioa familiako aitaren edo amaren izenean edo, bestela, bien izenean egingo da.
  • Aurreko parrafoan aipatutako pertsonetako baten izenean eta murrizpen honen babesean beste ibilgailu bat matrikulatu zenetik lau urte joanak izango dira gutxienez. Dena den, baldintza hau ez da eskatuko ibilgailuen erabateko ezbeharra gertatu denean eta ezbehar hori behar bezala frogatzen bada.
  • Murrizpen honen babesean matrikulatutako automobila ezin izango da eskualdatu matrikulazio egunetik hasi eta lau urteko epean.
  • Murrizpen hori ezin izango da aplikatu aurrez Zerga Administrazioak aintzatetsi ez badu. Nolanahi ere, Zerga Administrazioari organo eskudunak luzatutako familia ugariaren ziurtagiria aurkeztu beharko zaio nahitaez.

2. % 30 murriztuko da, ibilgailu hauei dagokienez:

  • «Autokarabana» moduko ibilgailuak, hain zuzen 1998ko abenduaren 23ko 2822/98 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrari buruzkoak, 2007ko ekainaren 30ean II. eranskinerako indarrean duen bertsioaren arabera definituak.
  • Etxebizitza gisa erabiltzeko egokitutako ibilgailuak, hain zuzen 70. artikuluaren 1.a) apartatuko 1. zenbakiaren azken paragrafoan eta 8. zenbakiaren azken paragrafoan aipatutakoak.