Gipuzkoako enpresen salmentetan esportazioek %36,9 pisua izan dute 2023an

2023ko “Gipuzkoako enpresen salmentak eta kanpo merkataritza” txostenaren arabera Gipuzkoako enpresen salmenta osoek +%2,9ko igoerarekin itxi dute urtea. urtea. Hazkundea handiagoa izan da barruko salmentetan (+%4,2), esportazioak +%0,8 hazi baitira. Barruko eta kanpoko merkatura egindako salmenten bariazioan egon den aldearen ondorioz, beraien arteko banaketa aldatu egin da. Horrela, esportazioen pisua salmenta osoen gainean jaitsi egin da 2022an izan zuen %37,7tik 2023ko %36,9ra (-0,8 puntu); eta, aldiz, epealdi berean, barruko salmenten pisua %62,3tik %63,1era igo da (+ 0,8 puntu).

industria

Horrela, Gipuzkoako ekonomiak oso irekia izaten jarraitzen du: saltzen den 100 euroko 36,9 euro kanpoko merkatuetara bideratzen da. Gipuzkoako esportazioen 3 helbide nagusiak, handienetik txikienera ordenatuta, Frantzia, Alemania eta Estatu Batuak dira; guztira, esportazio osoen %34a metatzen dute.

Sektoreen araberako sailkapenean, industriaren garrantzia nabarmendu behar da: salmenta osoen %53,4a da. Nahiz eta azterketa xehatuago batean merkataritza azpisektorea izan pisu handiena duena. Esportazioen kasuan, industria adarrak dira nagusi; eta azpisektore batzuetan salmenta osoen erdia baino gehiago zuzentzen da kanpo merkatuetara: esaterako, garraio-materialetan %71,2.

Enpresen tamainaren arabera, Gipuzkoan enpresa txiki eta ertainek (250 langile baino gutxiago dituztenak) garrantzi handia dute: salmenta osoen %66,3a beraiek egiten baitituzte. Hala ere, esportazioei dagokienez enpresa handiek profil esportatzaile argiagoa dute.

Eskualdeen arabera, Goierrik izan du pisu erlatiborik handiena: salmenta osoen %16,6 hartu baitu. Ondoren Donostia dator (%16,2) eta hirugarren lekuan Debagoiena kokatzen da (%13,3). Esportazioei dagokienez, Goierriko enpresak dira kanpo merkatuetara gehien saltzen dutenak: salmenta osoen %57,5. Debagoienan portzentaje hori %54,2koa da.

Informazio gehiago: Gipuzkoako enpresen salmentak eta kanpo merkataritza – Urteko txostena 2023 (pdf)