Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren aldaketa atxikipenei dagokienez

Argitara eman da 7/2023 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua atxikipenei dagokienez aldatzen duena.

.

2023. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 65.2 artikuluak aldaketak sartu ditu jabetza intelektualetik datozen etekinen atxikipen tasetan, Artisten Estatutua ezartzeari begira adostu diren neurriak betetzeko. Estatutu hori Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak sustatu zuen aho batez, sektoreko lan baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Era berean, Artisten Estatutuan atxikipenen arloan jasota dauden neurriak betetzeko, martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen urtarrilaren 24ko 31/2023 Errege Dekretuak artikulu bakarraren bigarren apartatuan 100eko 15etik 100eko 7ra murriztu du artistek garatutako jarduera ekonomikoei aplikatu beharreko atxikipen tasa, kasu jakin batzuetan.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 8. eta 9. artikuluetan ezartzen duenez, jarduera ekonomikoen eta kapital higigarriaren etekinen kasuan, lurralde erkidean aplikatutako tasa berberak aplikatu behar dituzte foru aldundiek.

Horrenbestez, beharrezkoa da foru dekretu bat onestea urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzeko eta esandako aldaketak Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudian jasota uzteko.

Informazio gehiago: