Zerga itunduen diru bilketa Gipuzkoan 2020an

Gipuzkoan, 2020an, zerga itunduen bilketa 4.634,9 milioikoa izan da. Beraz, %7,7ko jaitsiera izan da aurreko urtearekin alderatuta, 389,2 milioi euro gutxiago bildu direlako: sarrera gordinak %6,6 jaitsi dira eta itzulketak %2,3. Zuzeneko zergak %0,3 handitu dira, zeharkako zergak %13,0 jaitsi dira, eta Estatuarekiko doikuntzak %20,1 jaitsi dira.

Aurrekontuaren betetze maila %90,2koa izan da, aurreikusi zena baino 502,4 milioi euro gutxiago bildu direlako. Beraz, nabarmen ikusten da pandemiak izan duen eragina zerga-bilketan. 2020an jarduera ekonomikoa jaitsi da eta langabezia handitu da, baina bereziki aipagarria izan da kontsumoaren jaitsiera.

Zuzeneko zergen bilakaera metatua zertxobait positiboa izan da, %0,3 handitu baita, 7,8 milioi gehiago. Bilakaera positiboa esplikatzen du, alde batetik, sarrerek ondoko kontzeptuetan izandako hazkundeak: PFEZa eta lan atxikipenak. Bestalde, zerga-bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzialaren itzulketak handitu direla eta sarrerak gutxitu direla, PFEZaren ordainketa zatikatuen sarrerak gutxitu direla, eta kapital higikorraren etekinen atxikipenen sarrerak gutxitu direla.

Zeharkako zergen bilakaera metatua negatiboa izan da, %13,0 jaitsi baita, 275,8 milioi gutxiago. Zerga-bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean gehien bat aipatu behar dira: aldundiak kudeatutako BEZaren sarrerak, BEZaren lurralde arteko doikuntzak eta zerga berezien sarrerak. Bestalde, zerga-bilketan eragin positiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren itzulketak jaitsi direla.

Estatuarekin egiten den BEZaren doikuntzan 87,5 milioi euro gutxiago bildu dira: %13,9ko jaitsiera.

Informazio gehiago: Zerga-bilketa abendua (PDF)