Zerga itunduen diru bilketa metatua Gipuzkoan 2018an

Gipuzkoan, 2018an, zerga itunduen bilketa 4.837,4 milioikoa izan da. Beraz, %3,6ko hazkundea izan da aurreko urtearekin alderatuta, 167,1 milioi euro gehiago bildu direlako: sarrera gordinak %4,1 handitu dira eta itzulketak %6,2. Zuzeneko zergak %9,6 handitu dira, zeharkako zergak %6,8 handitu dira, eta Estatuarekiko doikuntzak %26,2 jaitsi dira.

Aurrekontuaren betetze maila %103,6koa izan da, aurreikusi zena baino 167,0 milioi euro gehiago bildu direlako. Era berean, zerga-bilketa 65,5 milioi euro handiagoa izan da Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak (FPEK) 2018ko urriaren 11n aurreikusi zuena baino.

Zuzeneko zergen bilakaera metatua positiboa izan da, %9,6 handitu baita, 199,2 milioi gehiago. Bilakaera positiboa esplikatzen du, alde batetik, sarrerek ondoko kontzeptuetan izandako hazkundeak: lan atxikipenak, sozietateen gaineko zergaren kuota diferentziala, PFEZa, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga, eta ondare irabazien atxikipenak. Bestalde, zerga-bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da PFEZaren itzulketak hazi direla.

Zeharkako zergen bilakaera metatua positiboa izan da, %6,8 handitu baita, 129,5 milioi gehiago. Zerga-bilketan eragin positiboa izan dutenen artean gehien bat aipatu behar dira: aldundiak kudeatutako BEZaren sarrerak, BEZaren lurralde arteko doikuntzak eta zerga berezien sarrerak. Bestalde, zerga-bilketan eragin negatiboa izan dutenen artean aipatu behar da BEZaren itzulketak hazi direla.

Estatuarekin egiten den BEZaren doikuntzan 158,5 milioi euro gutxiago bildu dira. Azkeneko urteetan desadostasunak zeuden EAEren eta Estatuaren artean kupoa zehazteko garaian. Horregatik Estatuak deskontuak egiten zituen BEZaren doikuntzetan, eta 2017an azken urteetako kupoak adostu egin ziren. Ondorioz, ezohiko sarrera bat gertatu zen, 197,3 milioi eurokoa, aurretik egindako deskontuei zegokiena.

Informazio gehiago: Zerga-bilketa abendua (PDF)