Nabarmentzekoak

Kanpaina hasi aurreko informazio-komunikazioa

Lehen aldiz, kanpaina hasi aurretik, mezu elektroniko bat bidaliko da aurkezpen-modalitateen datak eta alderdirik nabarmenenak adierazita. Komunikazio hori e-mail kontu bat duten zergadunei iritsiko zaie. Oraindik e-mailik eman ez baduzu, kanpaina honetako aitorpenetan sar dezakezu. Horrela, datorren urteko kanpainan jasoko duzu komunikazio hori. 

Errentari buruzko zerga informazioa

2022eko zerga informazioan kontzeptu berriak sartuko dira, honako hauek besteak beste:

  •  2022. urtea baino lehenagoko sortzapena duten lan-etekinak, 190 ereduan aitortuak.
  •  181 ereduan gako berriekin aitortutako maileguak, fusio, berregituratze, subrogazio eta abarrengatik.
  •  345 ereduan gako eta azpigako berriekin aitortutako gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenak.

Ondareari buruzko zerga informazioa

Aurreko kanpainatik ondarea aitortzeko programara ere deskargatu ahal izango da zerga informazioa.

Kriptomonetak (txanpon birtualak)

Kriptomonetak bereizita sartuko dira aitorpenetan.
Errenta-aitorpenean gako berri bat dago eskualdatzetik eratorritako ondare-irabazi edo galeretarako.
Ondarearen deklarazioan berariazko atal  berri batean jasotzen dira

Hildako pertsonen errenta itzulketak

Hildako pertsona baten errenta aitorpena aurkeztu eta haien emaitza itzultzekoa bada, oinordekoek, itzulketa jasotzeko, eskaera eredu bat aurkeztu behar dute, behar bezala beteta, eta dagokion dokumentazioa erantsi, kanpainako hildakoen itzulketa atalean azaltzen den bezala.

Errenta mekanizatua

Mekanizatua - Hitzordua

Aitorpen mekanizatua gure bulegoetan aurkezteko, aldez aurretik hitzordua hartu behar da. Kanpaina honetarako, hitzorduak erreserbatzea ahalbideratzen duen aplikazioa aldatu da.

Gainera, ekainaren 30ean, aitorpenak aurkezteko azken egunean, egun horretarako hitzorduak gorde ahal izango dira.

Mekanizatua - Pertsona bakoitzeko hitzordu bat

Hitzordu bakoitzeko pertsona bakarra joatea gomendatzen da. Familia-unitateen kasuan, nahikoa da ezkontideetako batek edo izatezko bikotekideetako batek joatea,baimena eta bestearen NANaren kopia ekarrita.

Mekanizatua -SMS

Txanda hartzeko orduan telefono mugikor bat ematen bazaigu, SMS bat bidaliko dugu, orain arte bezala:

  • txanda hartzen denean (aitorpena zein bulegotan, noiz eta zein ordutan aurkeztu behar den gogorarazteko).
  • txanda bat bertan behera uzten denean.

Mekanizatua – Ordaintzeko erak

Autolikidazio mekanizatuaren emaitza ordaintzekoa bada, aitorpena egiteko unean ordainketa nola nahi den egin aukera daiteke: helbideratuta edo ordainketa-gutuna erabilita. Azken kasu horretan, ordainketa-gutuna emango zaio, finantza-erakunde laguntzaile baten kontu baten kargura ordaintzeko.

Errenta proposamena

Proposamena - Posta bidezko komunikazioa

Kanpaina honetan zehar, proposamena jasotzen dutenei postaz bidaliko zaizkien komunikazioak bi eratakoak izango dira.

  • aurreko urtean proposamena internet bidez onartu zutenei edo orain arte aitorpena Gipuzkoan aurkeztu ez dutenei, proposamena webean ikusteko kodea baino ez zaie helaraziko eta, autolikidazioaren emaitza.
  • gainerako zergadunei komunikazio osoa bidaliko zaie, proposamena barne, aurreko urteetan bezala.

Neurri honekin informazioaren segurtasuna hobetzen da, eta nabarmen aurreztea lortzen da aldi berean.

Proposamenetan QR kode bat agertuko da, aplikazioan sartzea errazteko, eta hura Internet bidez ikusi eta onartu ahal izateko.

Proposamena onartzea aldaketak sartuta eta sartu gabe

Aurreko kanpainetan bezala, proposamena telefonoz edo internet bidez onartu ahal izango da, emaitza ekonomikoa ezertan ere aldatu gabe edo bost kontzeptu hauetako bat aldatu eta gero:

  • etxebizitza errentan emateagatik lortutako etekinak.
  • lokalak errentan emateagatik lortutako etekinak.
  • kuota sindikalaren kenkaria.
  • dohaintzen kenkaria.
  • ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik aplikatutako kenkaria.

Proposamena – Programara jaistea eta internet bidez aurkeztea

Gainera, posible izango da proposamena Zergabidea plataforma elektronikora jaistea, barruan edozein aldaketa egin eta aitorpena Interneten bidez aurkezteko. Prozesu hori errazte aldera, ohiko autentifikazio sistemak erabiltzeaz gainera (BakQ eta ziurtagiria) proposamenaren onarpen kodea ere erabiliko ahal izango da proposamena jaitsi eta aitorpena internet bidez aurkezteko.

Proposamena - Kontu korrentea ez erregistratuta

Proposamena Internet bidez onartzen bada, kobratzeko edo ordaintzeko kontua aldatu ahal izango da, beti bezala. Kanpaina honetarako berrikuntza da Ogasunean erregistratu gabeko kontu bat aukeratu ahal izango dela,  baldin eta kontuaren titulartasuna egiaztatzen bada proposamenak onartzeko aplikaziotik dagokion frogagiria igota. 

Errenta eta ondarea internet bidez

Errenta eta ondarea internet bidez - Zergabidea plataforma 

Errenta eta ondarearen aitorpenen aurkezpena ZergaBidea programaren bitartez egiten da.

Internet - Programa eskuratzea

Programa eskuratzeko autentifikazioa beharrezkoa da, eta izan daiteke:

  • errentarako eta ondarerako: BakQ edo ziurtagiria.
  • errentarako: baldin eta BakQ identifikaziorik edo ziurtagirik eskatu ez bada, aitorpena kontraste datuarekin aurkeztu daiteke (azken urteetako errenta aitorpenaren kuota edo proposamenaren onarpen kodea). Horretarako, alta eskatu behar da BESTE SARBIDE BATZUK apartatuan, https://zergabidea.gipuzkoa.eus helbidean, e-posta kontu bat eta pasahitz bat erabiliz. 

Internet- Aitorpena betetzea

Errenta aitorpenak horrela bete daitezke:

  • eskuz.
  • zerga informazio jaitsiz, BakQ identifikazioa, edo ziurtagiria erabilita.
  • proposamena jaitsiz, BakQ identifikazioa, ziurtagiria edo kontraste-datua (proposamenaren onarpen kodea).
  • simulazio programarekin egindako aitorpen bat inportatuz.
  • aurreko ekitaldiko aitorpena inportatuz.

Ondarearen aitorpenak horrela bete daitezke:

  • eskuz.
  • BakQ edo ziurtagiriarekin zerga informazioa jaitsiz.
  • simulazio programarekin egindako aitorpen bat inportatuz.
  • aurreko ekitaldiko aitorpena inportatuz.

Internet  – Frogagiriak

Frogagiriei dagokienez, errenta aitorpena internet bidez aurkezten duten zergadunek, erabiltzen duten autentifikazio sistema edozein dela ere, ez dute frogagiririk aurkeztu beharko baldin eta bi baldintza hauek betetzen badituzte:

  • beren ohiko etxebizitza aitortzen den ekitaldian erosita ez egotea, eta
  • aitorpenean sartzen dituzten kontzeptuak eta Zerga Informazioan ageri direnak berdinak izatea.

Hori programa berak egingo du, erabiltzaileari ohartarazita, bete diren laukien arabera.

Partikularrek internet bidez edo herritarren arretarako bulegoetan aurkeztu ditzakete errentako frogagiriak. 
Ordezkari profesionalek (aholkulari eta kudeatzaileek) nahitaez Internet bidez aurkeztu behar dituzte  frogagiriak.
Ondare aitorpenetarako, ez da frogagiririk aurkeztu behar.

Internet  – Ordezkari profesionalak

Ordezkari profesionalek ordezkatzen dituztenen errenta edo ondare aitorpenak aurkezteko beharrezkoa dute ordezkaritza eredu bat erregistratua izatea: 001-P edo 001- RP eredua. 

320/2017 Foru Aginduaren 1.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, behartuta daude autolikidazio guztiak Internet modalitatean aurkeztera. Ezin dute errenta mekanizatuaren aitorpenik aurkeztu.

Internet – Ordainketa eta bigarren aurkezpenak

Errenta eta ondare aitorpenak internet bidez aurkezten diren kasuetan, erraztasunak izango dira zorraren ordainketa kudeatzeko (kontu korrontea, ordainketa-gutuna, ordainketa-pasabidea eta gerorapenak) eta bigarren aurkezpenak egiteko (ordezkoak eta osagarriak).

Internet – Aitorpen osagarriak

Errenta eta ondare zergen autolikidazio osagarriak internet bidez aurkeztu ahal izango dira. Horretarako, honako hau hartu beharko da kontuan:

  • autolikidazio osagarri bat aurkeztu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira: jatorrizko aitorpen bat aurkeztea aldez aurretik, aitorpen horretan akatsak edo omisioak izatea, eta akats edo omisio horien ondorioz behar baino gutxiago ordaintzea edo jasotako itzulketa zilegi zena baino handiagoa izatea.
  • autolikidazio osagarria aurkezten da jatorrizko autolikidazioarekin ordaindutakoa baino zenbateko handiagoa ordaindu behar denean, edo zergadunak behar baino zenbateko handiagoa kobratu duenean. Beste edozein kasutan, idatzi bat aurkeztu beharra dago jatorrizko autolikidazioaren zuzenketa eskatzeko.
  • autolikidazio osagarria epe barruan aurkeztu daiteke, bakar-bakarrik, baldin eta jatorrizko autolikidazioaren emaitza ordainduta edo kobratuta badago (ordainduta errenta edo ondarearen kasuan, eta kobratuta errentaren kasuan).
  • osagarria epez kanpo aurkeztu daiteke.
  • errenta zergaren autolikidazio osagarria (109 eredua) eta ondare zergarena (714 eredua) aitorpen osagarri osoak dira; aldiz, beste autolikidazioen aitorpen osagarriak (110 edo 300 ereduenak, kasu) partzialak dira.
  • osagarri partzialetan jatorrizko aitorpenean falta diren datuak baino ez dira sartu behar.
  • autolikidazio osagarriak osoak direnean, datu guztiak sartu behar dira, jatorrizkoan jarritakoak eta aipatu gabe utzitakoak. Gainera, erregularizazioa egin beharra dago, eta horrek beti emango du ordaintzeko emaitza bat, zeina aterako baita autolikidazio osagarriaren emaitza eta zergadunak aurkeztutako autolikidazioengatik eta administrazioak egindako likidazioengatik ordaindu eta kobratu den zenbatekoa elkarrekin alderatuta.
  • Aitorpen osagarri partzial baten adibidea (110 eredua):
    • aurkeztu den jatorrizko aitorpen batek 1.000 euro ordaintzeko emaitza izan du, eta zenbateko hori osorik ordaindu da.
    • aitortzailea ohartu da aitorpen horretan ez zuela sartu langile bati dagokion 500 euroko atxikipena, aitorpen osagarri bat aurkeztu du, eta 500 euro ordaintzea atera zaio. Aitorpen osagarri partzial bat aurkeztu du, jatorrizkoan falta zen zenbatekoagatik.
  • errenta aitorpen osagarri oso baten adibidea (ondare zergarako ere balioduna):
  • aurkeztu den jatorrizko aitorpen batek 1.000 euro ordaintzeko emaitza izan du, eta zenbateko hori osorik ordaindu da.
  • aitortzailea ohartu da aitorpen horretan sartu gabe utzi zuela errenta jakin bat, eta aitorpen osagarri bat aurkeztu du.
  • aitorpen osagarri hori osoa izango da, datu guztiak izango dituelako, jatorrizkoan aitortutakoak eta sartu gabe utzi zen errenta.
  • era horretan,  aitorpen osagarriaren emaitza 1.200 eurokoa da, baina hori ez da ordaindu behar den zenbatekoa.
  • zenbat ordaindu behar den kalkulatzeko, egoera erregularizatu beharra dago.
  • demagun adibide horretan administrazioak ez duela egin inolako likidaziorik eta zergadunak ez duela aurkeztu beste ezein autolikidaziorik. Kasu horretan, erregularizazioaren emaitza 200 euro ordaintzea izango da (1.200-1.000).
  • erregularizaziotik ez bada ateratzen ordaintzeko emaitzarik, ezin da aurkeztu errenta edo ondarearen aitorpen osagarririk. Idatzi bat aurkeztu beharko litzateke jatorrizko autolikidazioa zuzentzeko.
  • errenta zergaren autolikidazio osagarrian jatorrizko autolikidazioan aukeratutako tributazio mota bera aukeratu beharra dago. Kontrakoa eginez gero, autolikidazio osagarri hori ezingo da aurkeztu, eta idatzi bat aurkeztu beharko da jatorrizko autolikidazioa zuzentzeko.