Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga

Argitara eman da 2/2023 Foru Dekretu Arauemailea, maiatzaren 9koa, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergari buruzkoa.

.

Berriki onetsi den apirilaren 3ko 9/2023 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitira Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, besteak beste, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga hitzartu du berritasun gisa, eta 34 quater artikulu berrian dio zerga hori tributu itundu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berak aplikatuko direla. Hala ere, Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek zerga honen karga tasak handitu ahal izango dituzte, lurralde erkidean une bakoitzean indarrean dauden mugen eta baldintzen barruan.

Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek, halaber, autolikidazio eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko gaitasuna izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak. 

Zeharkako tributu gisa artikulatzen da, eta kudeaketa eragiketa horien bidez tratatzen diren hondakinen gainean aplikatzen da, haien sorrera prebenitzeko eta berrerabilera eta birziklapena prestatzeko, frakzio organikoa eta ingurumen hezkuntza lehentasunezkotzat hartuta, hondakinak zabortegian uztea eta haien errausketa eta koerrausketa sustatzea saihestearren.

Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek posible izan dezaten, Ekonomia Itunaren 34 quater artikuluan ezarritako gaikuntzaz baliatuta, lehen aipatu diren autolikidazio eta ordainketa ereduak onestea eta ordainketa epeak ezartzea, apirilaren 5eko 153/2023 Foru Agindua eman zen, «Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga. Autolikidazioa» izena duen 593 eredua onetsi, hura aurkezteko era eta prozedura ezarri eta zergaren zergapekoak lurralde erregistroan inskribatzeko modua arautzen duena.

Foru dekretu arauemaile honen bitartez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendura ekartzen da hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergaren erregulazioa, eta, horretarako, dekretuak ezartzen ditu Ekonomia Itunean zergaren ordainarazpenaren ondorioetarako finkatutako lotura puntuak.

Informazio gehiago:

  • 2/2023 Foru Dekretu Arauemailea, maiatzaren 9koa, hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zergari buruzkoa.
  • 593 eredua. Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga. 
  • 153/2023 Foru Agindua, apirilaren 5ekoa, «Hondakinak zabortegietan uzteagatik eta haien errausketa edo koerrausketagatik ordaindu beharreko zerga. Autolikidazioa» izena duen 593 eredua onetsi, hura aurkezteko era eta prozedura ezarri eta zergaren zergapekoak lurralde erregistroan inskribatzeko modua arautzen duena.