Zer da TicketBAI?

TicketBAI Foru Ogasunen eta Eusko Jaurlaritzaren baterako proiektu bat da, zergadunen fakturaziorako softwarearen legezko zenbait betebehar eta teknika batzuk txertatzea helburu duena, zerga arloko administrazioak aukera izan dezan aipatu pertsonen ekonomia-jardueren ondoriozko diru-sarrerak kontrolatzeko eta, bereziki, azken kontsumitzaileei ondasunak entregatu edo zerbitzuak ematen dizkieten sektoreen barnean kokatutako jarduerak, neurri handi batean eskudirutan kobratzen baitira.

Euskadiko zerga instituzioek zerga arloan dituzten bi helburu dira zergapekoei laguntza ematea beren zerga-betebeharrak betetzeari dagokionez eta iruzur fiskalaren aurkako borroka egitea, pertsona guztiek, beren ahalmen ekonomikoaren arabera, karga publikoen jasangarritasunerako ekarpena egin dezatela bermatzeko, hori baita gure herrialdean adostasun sozial eta politiko zabala duen bizikidetza-eredu den Ongizate Estatua eraikitzeko oinarrizko elementua.

Ikuspegi bikoitz horretatik, instituzioak beren laneko sistema eta prozedurak etengabe hobetu eta modernizatzeko prozesu batean murgildurik daude une oro, zergadunei beren betebeharrak betetzea ahalik eta gehien errazte aldera eta, aldi berean, iruzur fiskalaren aurkako, beren zerga-betebeharrak beren borondatez betetzen ez dituzten eta modu horretan herritarrekin elkartasunik ez dutela erakusten duten pertsonen aurkako borrokan eraginkortasuna eta efizientzia areagotzeko beren eginahal onenak bideratzen dituzte.

Helburu bikoitz hori gauzatu ahal izateko, Euskadiko Foru Ogasunek informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren aurrerapenek beren eskura ipintzen dituzten bitarteko guztiak erabiltzen dituzte, eta ekonomia-jarduerak burutzen dituzten zergadunen laguntza eta kontrolari dagokienez, elementu berritzaileenetako bat TicketBAI proiektua da, ekonomia-jarduerak garatzen dituzten pertsona eta erakunde guztiek egindako salmentako eragiketa guztien aitorpena ziurtatzea duena xede, esparru horretan gure inguruko herrialdeek duten esperientzia kontuan izanik eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (aurrerantzean, ELGA) 2103 eta 2017. urteetako txostenetan «Salmenten ezabaketa elektronikoa: diru-sarrera fiskaletarako mehatxu bat» eta «zerga-itzurpena eta iruzur fiskala jorratzeko tresna teknologikoak» izenekoetan, hurrenez hurren, jasotzen diren gomendioekin bat etorriz, zeintzuei 2019ko martxoaren 28an argitaratutako txostena gaineratu behar zaien “Implementing Online Cash Registers: Benefits, Considerations and Guidance” izenekoa.