Nori eragiten dio proiektuak?

TicketBAI sistemak jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiei eta nortasun juridikorik gabeko entitateei eragiten die (aurrerantzean, pertsonak eta entitateak), baldin eta Euskadiko foru ogasunen esparruan PFEZaren, SZren eta ez-egoiliarren errenta zergaren (establezimendu iraunkorra duten entitateak) araudipean badaude, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitakoarekin bat.

TicketBAI sistema indarrean sartzen denetik aurrera, fakturak egiten dituzten pertsona eta erakunde guztiek gailu jakin batzuk erabili beharko dituzte, esate baterako, saltokiko terminalak (ST), ordenagailu pertsonalak, vending makina aurreratuak, balantza aurreratuak, tabletak, telefono mugikorrak eta sistema honen araudi erregulatzailean zehaztutako zehaztapen tekniko eta funtzionalak gaineratu beharko dituzten bestelako gailuak.

Araudi erregulatzaileak zehaztuko du zer zergadun geratzen diren TicketBAI sistemaren betebeharrak betetzetik salbuetsita, guztiz edo partzialki, zehazten diren eragiketei dagokienez.