XML TicketBAI fitxategiek bereizita jakinarazi behar al dituzte fakturaren seriea eta zenbakia?

Bai.

SII sisteman ez bezala, informazio hori eremu bakar batean baitago, XML TicketBAI fitxategietan fakturaren serieari eta faktura-zenbakiari buruzko informazioa hainbat eremutan sartu behar da (“FakturaSeriea”, “FakturaZk”).

XML TicketBAI fitxategiek fakturaren seriearen berri eman behar al dute beti?

Ez.

Fakturazio Erregelamenduaren 6. artikuluaren arabera, faktura batek bere zenbakia eta, hala badagokio, seriea jaso beharko ditu. Beraz, printzipioz, seriea ez da faktura baten nahitaezko datua. Hala, Fakturazio Erregelamenduaren 6. artikuluak hau ezartzen du: “Fakturak serie bereizietan jaulki ahal izango dira, hori justifikatzen duten arrazoiak daudenean, eta, besteak beste, fakturak egiteko betebeharra duenak bere eragiketak egiten dituen establezimendu bat baino gehiago dituenean, eta faktura egiteko betebeharra duenak bestelako eragiketak egiten dituenean”.

Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da honako faktura hauek serie espezifikoetan ematea:

  1. Eragiketen hartzaileek edo Fakturazio Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren hirugarrenek emandakoak; horietako bakoitzerako serie bat egon beharko da.
  2. Zuzentzaileak.
  3. Abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren bidez onartutako BEZaren Erregelamenduaren bosgarren xedapen gehigarriaren arabera emandakoak.
  4. BEZaren Legearen 84. artikuluaren Bat apartatuko 2. zenbakiaren g) letran ezarritakoaren arabera emandakoak.
  5. Abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren bidez onartutako BEZaren Erregelamenduaren 61 quinquies artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera emandakoak.