Nola erregistratu behar da baliokidetasun-errekarguan dagoen zergadun batek egindako faktura bat?

Baliokidetasun-errekarguaren araubidean dauden enpresaburu eta profesionalek egindako fakturetarako, “BEZaren araudi bereziaren gakoa eta zerga garrantzidun eragiketak” eremuko “51- Baliokidetasun errekarguko eragiketak” gakoa erabili behar da.

Aitzitik, gako hori ez da erabili behar baliokidetasun-errekarguaren araubidean dauden enpresaburuen eta profesionalen hornitzaileek egindako fakturetan.

Gako honen helburua da azken kontsumitzaile bati BEZa jasanarazten dioten fakturak identifikatzea, baina, enpresaburu batek baliokidetasun-errekarguaren araubidean jaulkitzen dituenez, ez da zergadun horien autolikidazioetan sartu beharko sortutako BEZaren kuota, zeren eta txikizkako fasetik sortutako BEZa hornitzaileak jasanarazitako baliokidetasun-errekarguaren bidez biltzen baita. Ildo horretan, azken kontsumitzaileari jasanarazitako BEZaren kuota horiek jarduera ekonomikoko diru sarrera izango dira enpresaburuaren PFEZean.

Horretarako, fakturaren xehakapenean, “Eragiketa baliokidetasun-errekarguan edo erregimen erraztuan” marka bat gaitzen da, non lehenetsitako balioa “N” den. “S” markatuz gero, zergadun batek erregimen erraztuan edo baliokidetasun-errekarguaren araubidean egindako faktura baita izango da. Kasu honetan jasanarazitako BEZaren kuota ez da BEZaren aitorpenera aldatzen. Gainera, PFEZaren ondorioetarako, BEZaren kuota horrek bere jardueraren diru-sarrera handiagoa dakar.

Adibidez, baliokidetasun-errekarguaren araubidean dagoen enpresaburu batek zerga-oinarria (BEZ) duen sendagai baten faktura bat ematen du, 100 eurokoa, eta BEZaren kuota, 4 eurokoa. Nola sortu behar da TicketBai fitxategia kasu honetan?

“51 Baliokidetasun errekarguko eragiketak” gakoa markatu behar da, “BEZaren araudi bereziaren gakoa eta zerga garrantzidun eragiketak” eremuan.

Fakturaren xehakapenean zenbateko eta balio hauek bete behar dira:

  • Zerga-oinarria: 100.
  • Zerga-tasa: 4.
  • Zergaren kuota: 4.
  • Baliokidetasun-errekargu mota: 0.
  • Baliokidetasun-errekarguaren kuota: 0.
  • Baliokidetasun-errekarguaren edo araubide erraztuaren eragiketa: S. Marka horrek esan nahi du BEZaren kuota ez dela zergaren likidazioaren parte, eta, beraz, jarduera ekonomikoaren sarreratzat hartzen da PFEZaren ondorioetarako.

Nola erregistratu behar da baliokidetasun-errekarguan dagoen baina dokumentu berean BEZaren araubide orokorra aplikatzen zaien ondasunak fakturatzen dituen zergadun batek egindako faktura?

Erantzun honek aurreko galderaren erantzunari jarraitzen dio, faktura berean, baliokidetasun-errekarguaren araubideko enpresaburu batek araubide hori aplikatzen duten eragiketak eta araubide orokorreko beste eragiketa batzuk dokumentatzen dituen kasurako.

Adibidez, baliokidetasun-errekarguaren araubidean dagoen enpresaburu batek 100 euroko zerga-oinarria eta 10 euroko BEZaren kuota duten pastelen salmenta-faktura bat (baliokidetasun-errekarguaren araubidea aplikatuta) eta ogiaren salmenta-faktura bat (araubide orokorra aplikatuta, hornitzaileengandik erosi baitu ogi-masa izoztua, eta ondoren laberatu, saltzeko ogia eskuratuz), jaulkitzen du.

Bi eragiketak erregistratzen dituen TicketBAI fitxategian, “51 Baliokidetasun errekarguko eragiketak “ gakoa markatu behar da.

Fakturaren xehakapenean, zenbateko eta balio hauek bete behar dira:

a) Pastelak saltzeagatik (baliokidetasun-errekarguaren araubidea aplikatzea):

  • Zerga-oinarria: 100.
  • Zerga-tasa: 10.
  • Zergaren kuota: 10.
  • Baliokidetasun-errekarguaren tasa: 0.
  • Baliokidetasun-errekarguaren tasa: 0.
  • Baliokidetasun-errekarguaren edo erregimen erraztuaren eragiketa: S. Marka horrek esan nahi du BEZaren kuota ez dela zergaren likidazioaren parte, eta, beraz, jarduera ekonomikoaren sarreratzat hartzen da PFEZaren ondorioetarako.

b) Ogia saltzeagatik (ez da aplikatzen baliokidetasun-errekarguaren araubidea, araubide orokorra baizik):

  • Zerga-oinarria: 100.
  • Zerga-tasa: 4.
  • Zergaren kuota: 4.
  • Baliokidetasun-errekarguaren tasa: 0.
  • Baliokidetasun-errekarguaren kuota: 0.
  • Baliokidetasun-errekarguaren edo erregimen erraztuaren eragiketa: N. Marka horrek esan nahi du BEZaren kuota badela zergaren likidazioaren parte, eta, beraz, ez da jarduera ekonomikoaren sarreratzat hartzen PFEZaren ondorioetarako.