Zer eragiketa motatan eragiten du TicketBAI proiektuak?

TicketBAI proiektua ondasunen entregetan eta zerbitzu emateetan aplikatzen da. Ondorio horietarako, ondasun entrega eta zerbitzu ematetzat hartzen dira BEZa arautzen duen legerian halakotzat zehazten direnak.

TicketBAI proiektuaren helburua zergadunek egindako ondasunen entregak eta zerbitzu emateak dokumentatzeko erregistroen osotasun, kontserbazio, trazabilitate eta bortxaezintasuna bermatzea da, hala fakturena nola eragiketak justifikatzeko beste edozein dokumenturena, euskarri elektronikoan edo paper euskarrian.

Horrenbestez, TicketBAI faktura igortzeko betebeharra gaineratzen duten eragiketetan (Fakturazio Erregelamenduko 2. artikulua aplikatuz), zein betebehar horretatik salbuetsitako eragiketetan (Erregelamendu bereko 3. artikulua aplikatuz) aplikatzen da. Bigarren kasu horretan, TicketBAI ondasunen entrega edo zerbitzu emate eragiketen dokumentu edo egiaztagirien gainean aplikatuko da.

Soilik ondasunen entrega edo zerbitzu ematetzat hartzen ez diren eragiketen ondorioz jasotako kopuruak daude TicketBAI sistemaren aplikazio-eremutik at.