Aldatu al daitezke TicketBAI sistemaren bidez emandako faktura baten datuak?

Ezin da faktura aldatu aurretik XML TicketBAI fitxategi berri bat sortu gabe.

Nolanahi ere, aurreko fakturaren errore bat zuzentzeko faktura berri bat jaulki behar bada, XML TicketBAI fitxategi bat sortu behar da aldez aurretik.

Kasuaren arabera, faktura berria faktura zuzentzailea izan daiteke edo faktura berria izan daiteke aurreko faktura deuseztatu ondoren; kasu horretan, aldez aurretik ezeztapeneko XML TicketBAI fitxategi bat sortu beharko da.

XML TicketBAI fitxategia bidali ondoren, bidalitako XML TicketBAI fitxategirako garrantzirik ez duen fakturaren datu bat aldatzen badut, faktura zuzendu behar al dut?

Bai. Fakturaren edozein datu aldatzen edo zuzentzen bada, horrek izan dezakeen garrantzia gorabehera, faktura zuzentzaile bat egin behar da eta, beraz, faktura zuzentzaile berriari dagokion XML TicketBAI fitxategia bidali behar da, zeren eta edozein fitxategiaren sinaduran eragina izango bailuke eta XML TicketBAI fitxategiaren aldaezintasuna eta trazabilitatea aldatuko bailitzateke.

Baliogabetu al daiteke TicketBAI sisteman egindako faktura?

Bai. Horretarako, baliogabetzeko TicketBAI fitxategia sortu behar da.

Zenbait egoeratan, indarrean dagoen araudiari jarraituz faktura zuzentzaileak egin behar ez direnetatik kanpo (horixe da ohiko mekanismoa), egindako fakturari baja eman behar zaio edo, hala badagokio, beste bat egin behar da egindako eragiketa behar bezala jasotzeko: adibidez, inoiz egin ez den eragiketa batengatik faktura oker bat egiten denean eta baliogabetzea bidezkoa denean (DGT V0611/2011-3-11).

Kasu horretan, egin gabeko eragiketagatik faktura ezeztatzearren, baliogabetzeko XML TicketBAI fitxategia erabili beharko da. Hori dela eta, ezeztapeneko XML TicketBAI fitxategian egilea eta seriea, zenbakia eta baliogabetutako fakturaren jaulkipen data bakarrik identifikatu beharko dira.

Faktura baliogabetzeko kasuak, gainera, honako hauek izan daitezke, besteak beste:

a) Faktura akats baten ondorioz egin denean edo egin bai baina oraindik ez denean entregatu edo bidali.

b) Hartzaileak hornitzailearen kontura eta izenean egindako faktura hornitzaileak onartu ez duenean (kasu horretan, fitxategia baliogabetu egin behar da, berez fakturarik egon gabe).

TicketBAI sistemak egindako faktura bat baliogabetu ondoren, egin al daiteke TicketBAI faktura bat faktura baliogabetuaren serie eta zenbaki berarekin?

Ez. Ezin da berriro erabili baliogabetutako fakturaren zenbaki eta serie bera; izan ere, faktura baliogabetu arren, baliogabetu nahi den fakturari dagokion XML TicketBAI fitxategia eta baliogabetzeko XML TicketBAI fitxategia Zerga Administraziora bidali behar dira.

Fakturaren zenbakiari eta serieari buruzko informazioa erregistroaren gako bakarraren parte da (faktura baliogabetu arren), eta ezin da berriz erabili beste eragiketa baterako.