Zeintzuk dira TicketBAI proiektuaren funtzionamendurako oinarrizko ildoak?

TicketBAI sistemaren betekizunak txertatzen dituzten fakturaziorako softwareek, faktura bat igortzen duten bakoitzean, prozesu hau jarraitu beharko dute:

  • TicketBAI formatuko eskemaren diseinua eta edukia betetzen duen XML TicketBAI fitxategi bat sortu beharko da. Fitxategi hori TicketBAI fitxategi izendatuko dugu.
  • TicketBAI fitxategia elektronikoki sinatu beharko da.
  • Faktuaren irudia sortuko da, formatu fisikoan zein formatu elektronikoan. Fakturaren irudiak TicketBAI sistemak eskatzen dituen bi eduki gaineratzen ditu: TicketBAI identifikatzaile bat eta QR kode bat: Bi eduki horiek sortzeko sinatutako TicketBAI fitxategiaren sinaduraren parte bat erabili behar da ezinbestean.
  • TicketBAI fitxategia Euskadiko dagokion zerga arloko administraziora igorriko da, hark ezarritako epe eta formatuak betez. Gipuzkoan, faktura egin eta aldi berean igorriko da. 

Foru-lurraldean kokatuta dauden eta foru-arauaren arabera zergak ordaintzen dituzten enpresaburuei edo profesionalei bakarrik eragiten die, ala baita araudi komunaren arabera zergak ordaintzen dituzten baina Euskadin eragiketa-bolumenagatik zergak ordaintzen dituzten enpresei ere?

Ekonomia Itunari buruzko 12/2002 Legean agertzen diren lotura-puntuak aplikatzearen ondorioz, sozietateen gaineko zergan aplikatu beharreko araudia lurralde erkidearena bada, eta ikuskatzeko eskumena AEATi badagokio, ez die eragiten eta ez da nahitaezkoa lurralde historikoetako araudi autonomoan arautuko den TicketBAI sistema aplikatzea, eragiketen bolumenaren arabera lurralde historikoetan zergak ordaintzea alde batera utzita.

TicketBAI proiektua profesional eta enpresa ertain eta txikietarako da soilik? Beren egoitza soziala edo zerga helbidea Foru Lurraldean duten sozietateetarako da aplikatzekoa?

Ez. TicketBAI proiektuak enpresa handia ere derrigortzen du (BIH egitera behartuta dagoena). Haatik, igorritako fakturen informazio beraren igorketa bikoiztu behar ez izateko neurriak arbitratuko dira.

Aplikazio-eremuari dagokionez, irizpide zedarritzailea edo konexio puntua ez da zehazki egoitza soziala edo zerga helbidea, baizik eta Ekonomia Ituneko legeko konexio puntuen arabera, beren zerga pertsonaletan (PFEZ, sozietateen gaineko zerga edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga) foru araudira lotuta dauden zergapeko guztiei aplikatzen zaie. Horrenbestez, zergapeko bati, eragiketak foru lurraldean egiten baditu ere, baterako lurraldeko araudia baldin bazaio aplikagarri, ez dago TicketBAI sistemara derrigortuta.